Islandiako Gobernuak 128 bale ehizatzeko baimena eman dio astearte honetan Hvalurri, uharteko balea enpresa bakarrari, eta ingurumen-taldeen kritika gogorrak jaso ditu.
Bjarkey Olsen Gunnarsdottir Elikadura ministroak Ministroen Kontseiluaren bilera amaitu denean iragarri du baimena emango zuela, RÚV Islandiako telebista kate publikoak jakitera eman duenez.
Erabakia ez dator bat bere ikuspuntuarekin edo bere alderdiarenarekin, Ezker Berdeko Mugimendukoa den Elikadurako ministroak berak esan duenez, baina legea eta dauden erregulazioak bete behar direla azpimarratu du.
Baimenak 2024ko denboraldirako balio du, eta Groenlandia/Islandia mendebaldeko eskualdean 99 bale eta Islandia ekialdea/Faroe uharteak eskualdean beste 29 ehizatzea baimentzen du.
Animalia kopurua Norvegiako Itsas Ikerketarako Agentziak gomendatutako mugen barruan dago, eta Nazioarteko Baleetarako Batzordeak ekosistema kontserbatzeko adierazitako faktoreak hartzen ditu kontuan, Gobernuak azpimarratu duenez.
«Denbora galtzea»
Islandiako Animalien Ongizaterako Elkarteak Elikadura ministroaren erabakiaren aurrean bere etsipena adierazi du eta baleen ehizari buruzko legeak erreformatzeko edo indargabetzeko exijentzia nabarmendu du.
«Gizarte moderno batean baleak ehizatzea denbora galtzea da», adierazi du erakundeak ohar batean, baina «urrats positibotzat» jo du baimena oraingoan urtebeterako eman izana eta ez bosterako, baita ehiza kuota murriztea ere.
«Hala ere, animalien ongizaterako egun beltza da Islandian», adierazi du erakundeak.
Duela urtebete, Svandis Svavarsdottir orduko Elikadura ministroak ehizaldia eten zuen hasi baino egun bat lehenago, animalien ongizatean aditu batzuek esandakoaren ondoren.
Aitzitik, agintariek geroago jakin zuten erabakia ez zela Zuzenbidearen araberakoa, eta abuztuan denboraldi berri bat baimendu zen, baina baldintza zorrotzagoetan, urte amaierara arte.
Islandian, Norvegian eta Japonian
Baleen ehiza komertziala egiten duten herrialde bakarrak Islandia, Norvegia eta Japonia dira. Zere arrunta edo hegats-balea, Islandian harrapatzen den espeziea, galtzeko arriskuan dago.
Björk abeslaria bezalako pertsona ospetsuek praktika hori debekatzearen alde egiten dute eta inkesten arabera, biztanleriaren erdia, gutxi gorabehera, kentzearen aldekoa da eta heren batek jarraitzea nahi du.
Leonardo di Caprio aktore estatubatuarra ere honen aurka agertu da eta Islandiako Gobernuari «islandiar gehienen borondatea« babesteko eskatu dio Instagram sare sozialaren bidez.