Azken aukera izan lezake Leonard Peltierrek espetxetik bizirik irteteko
Leonard Peltier preso politiko indigenak baldintzapeko askatasuna lortzeko bista izan du Floridan. Ia mende erdi darama giltzapean, eta honako hau bizirik irteteko azken aukeretako bat izan daiteke, oso gaixo baitago. Hiru aste barru espero da ebazpena.
Laurogei urte betetzear da Leonard Peltier, eta horietatik azken 48ak preso eman ditu zehazki. Baldintzapeko askatasuna lortzeko azken bista 2009an izan zuen, duela hamarkada eta erdi. Oraingo eskaera onartuko ez baliote, litekeena da besterik ez izatea beste hamar bat urtean, eta beranduegi izatea ordurako.
1975ean Pine Ridgeko erreserban FBIko bi agente hil izana egozten diote. 1973ko Wounded Knee-ko matxinadatik; tentsio handia egon zen, eta AEBetako Mugimendu Indigenaren (American Indian Movement, AIM) aurka jotzeko etengabe tentsioa piztu izan zuen FBIk. Peltier AIMko buruzagi ezagunetako bat zen, eta tiroketaren egunean bertan izan zela aitortzen du, beste dozenaka lagunekin batera, baina beti ukatu du bi poliziak hil izana.
Peltierrek bihotzeko gaitza dauka, giltzurrunetakoa ere bai, diabetesa, hipertentsioa, artikulazioetako gaixotasun degeneratiboa, masailezurreko lesioak, eta ikusmena galtzen ari da. Gaitzetako bakoitzak arreta berezia behar du, eta espetxean ez du halakorik Peltierrek.
Asteleheneko saioa luzea izan zen, goizeko hamaiketan hasi eta arratsaldeko bostak eta erdi arte iraun zuen, preso dagoen Floridako espetxean.
Preso politikoak bi lekuko izan zituen bere alde hizketan; medikua bata, osasun-egoeraren larritasuna azaltzeko, eta buruzagi indigena bat bestea. Hildako agenteen senideak ere bertan izan ziren. Orain, hiru aste inguru itxaron beharko dira ebazpenen bat egon arte.
Irregulartasunak
1976tik dago preso Peltier, irregulartasunez beteriko epaiketa baten ostean biziarteko bi espetxe-zigor dituela. Iaz, ‘The Guardian’ egunkarian onartu zituen FBIko agente erretiratu batek kasuan egondako gorabeheretako batzuk. Egun, Peltier espetxeratzen lagundu zuten ordezkarietako batzuk hura libre uzteko eskatzen ari dira, prozesua zeinen aldrebesa izan zen onartuta. James Reynold fiskal ohia eta Gerald Heaney helegiteetako epailea dira Peltierren alde mintzatu direnetako bi.
1980rako agerian geratu zen FBIk berariaz ezkutatu zituela agenteak Peltierren armarekin hil zituztela gezurtatzen zuten froga balistikoak. Fiskaltzak berak orduan akusazioa aldatu zuen, hilketan lagundu izana egotzita. Hau da, berez, agenteen hilketagatik ere ez dago Peltier preso. Baina FBIk ez dirudi iraganeko akatsak aitortzeko prest dagoenik, eta berriz ere Peltier askatzearen aurka dagoela berretsi du.
Kevin Sharp abokatuak argi dauka gaur egun gertatu balitz ez litzatekeela kasurik egongo. «Sinestezina da kasu hori oraindik existitzea. Lekukoei mehatxu egin zieten, behartu egin zituzten, frogak ezkutatu. Baina mundua aldatu da, eta iruditzen zait entzuteko prest daudela orain. Hori bultzatu behar dugu».
Kanpaina zabala
Nazioarteko eta AEB barruko ahots esanguratsuek eskatu dute Peltier libre uzteko, besteak beste Frantzisko Aita Santuak edo Desmond Tutuk. 2022an, Atxiloketa Arbitrarioetako NBEren Lantaldeak Peltierren espetxeratzeari «atxiloaldi arbitrario» deitu zion, gogora ekarriz Justiziak ere ez duela argitu nor izan zen hilketen egilea.
Amnesty Internationalek ere Peltierren alde egin du, baita hainbat kongresukidek ere: «50 urte inguru eman ditu preso Leonard Peltierrek, eta osasun gaitz larriak ditu. Etxera joateko garaia du, geratzen zaizkion egunak familiarekin eta bere komunitatearekin emateko», adierazi zuen Brian Schatz senatari demokrata eta Kongresuko Auzi Indiarretako buruak.
Historikoki indigenen aurka hartutako neurriak zuzentzeko hainbat ekimen bultzatu ditu Joe Bidenen Gobernuak azken urteotan. Besteak beste, Deb Haaland buruzagi indigena eta urteetan Peltierren askatasuna eskatu izan duen Kongresuko ordezkaria, zeina Bidenen administrazioko Barne sailaren burua den.
«Ez naiz erruduna. Etxera joan nahi dut», esan zuen Leonard Peltierrek berak iaz egindako elkarrizketa batean. Hiru aste barru jakingo da espetxetik irtetea onartzen den, etxeko espetxealdia ezarriz, esaterako. Ezetz ebatziko balute, helegitea jarriko dute. Eta osterantzean, azken aukera Joe Bidenek berak barkamen presidentziala ematea litzateke, agintaldia amaitu aurretik. 2016an horretarako itxaropena egon zen, kargua utzi aurretik Obamak hainbat preso askatzeko onartu baitzuen. Peltierren karpeta ere mahai gainean izan zuen Obamak, baina ez zuen sinatu.