NAIZ

Aurrerantzean adostasunak bilatzeko prest direla ziurtatu dute GKSk, ESk eta Luberrik

Gasteizko Txosna Batzordearen zein Bilboko Konpartsen posizionamenduen berri izan ostean, «gatazka enkistatzeak ez duela zentzurik» eta «elkarrizketak abiatzeko» prest direla ziurtatu dute GKSk, Etxebizitza Sindikatuak eta Luberri konpartsak, elkarrekin egindako agerraldian.

GKS, Etxebizitza Sindikatua eta Luberri konpartsaren agerraldi bateratua Gasteizen.
GKS, Etxebizitza Sindikatua eta Luberri konpartsaren agerraldi bateratua Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko eta Bilboko txosna esparruetan sortutako aferak atal berri bat du ostegun honetan. Agerraldi bateratua egin dute Gasteizen bertako GKSk, Etxebizitza Sindikatuak eta Luberri konpartsak, Gasteizko Txosna Batzordearen eta Bilboko Konpartsen oharrei erantzuna emateko. Batak zein besteak hiru talde horien kontrako «beto politikoa» izan denik gezurtatu dute eta arauak ez errespetatzea egotzi diete, kontrako kanpainak garatzeaz gain. Azken salaketa hau aipatu gabe utzita, aurrerantzean adostasunak bilatzeko asmoa agertu dute «Mugimendu Sozialista» deiturikoen hiru taldeek.

Honetarako, Gasteizko Txosna Batzordeak luzatutako enplazamendua onartu egiten dute, «egoera urrutik aurrera berrikusteko», nahiz eta «borondatea egonik, gaurdanik hasi gaitezkeela pausak ematen» uste duten. «Bi hirietan, uste dugu aurtengo jaiak testuinguru oso aproposa direla elkarlanerako oinarriak jartzen hasteko», aipatu dute agerraldian, eta «aurretik ditugun hilabeteetan elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko bideari ekitera deitzen ditugu bi hirietako eragileak», erantsi dute.

Gasteizko Txosna Batzordeari zuzenduz, «guk Euskal Herriko hamaika herri eta auzotan partekatzen ditugu txosnaguneak beste eragile askorekin, eta horrek erakusten du minimoen baitako elkarlana gauzatu daitekeela», aipatu dute.

Bilboko Konpartsei dagokienez, hau helarazi diete: «Ez dugu zalantzan jartzen konpartsen erabateko gaitasuna. Uste dugu, hala ere, Luberri kanpoan uzteko erabakia ez datorrela bat konpartsen izaera parte hartzaile eta herrikoiarekin».

Oro har, gaia jendartera zabaldu delarik, «ziur gaude egoeraren berri duen gehiengoa konponbide baten aldekoa dela» iritzi dute GKS, ESk eta Luberrik. «Gaia enkistatzeak ez dauka zentzurik, ezta debekuari eusteko interes alderdikoiek eta itxitasunak ere», adierazi dute.

Gauzak honela, «elkarlana posible da, baita elkarrizketak abiatzeko espazio egokiak eraikitzea ere», ondorioztatu dute. Eta honela amaitu dute agerraldia: «Eman diezaiogun aukera bat denon artean».