Louice Halvarsson pibot suedirra fitxatu du IDK Euskotrenek 2024/25 denboraldira begira. 34 urte eta 1,91 metro neurtzen dituen jokalari hau talde donostiarrak lotu duelarik, datorren denboraldiko jokalari multzoa «itxitzat» jo du Carmen eta Azu Muguruzak zuzentzen duten klubak.
Ondorioz, 2024/25 denboraldian Ibaeta Basketen elastikoa eramango duten jokalariak honako hauek dira: Alba Prieto, Lara Gonzalez, Roso Buch, Iris Mbulito, Delicia Washington, Nastja Claessens, Becky Massey, Lola Pendande, Niyah Becker eta Louice ‘Lolo’ Halvarsson bera.
Ez adinagatik bakarrik, ez zaio eskarmenturik falta Suediako selekzioaren deialdietan aspalditik ohikoetako bat den jokalari honi. Suediako Telge Energi taldean eman zituen bere aurreneko urratsak, oso gazte zelarik: 2005etik 2009ra bitartean, hain zuzen. Handik aurrera, 2010etik 2013ra Polonia, Txekiar Errepublika eta Italiako taldeetan jokatu zuen.
«Etxera» itzuli zen 2013/14 denboraldian, berriz ere Telge Energi taldearekin jokatzera. Euroligan ere debuta egin ahal izan zuen, nahiz eta denboraldiko azken 10 neurketak egun desagertuta dagoen Emakumeen Ligako Rivas Ecopolis taldearekin jokatu.
Bere hurrengo txangoa Hungariarantz egin zuen, 2017an Suediara, Wetterbygden Basketball taldera, itzuli zen arte. Alabaina, Estatu frantseseko Tarbes taldeak bere atea jo zuen, eta Halvarssonek berriz ere maletak bete zituen atzerrira joateko. Bere zorionerako, 2021ean Tokion jokatu ziren Olinpiar Jokoetan aritzeko aukera ere izan zuen.
Azken bi denboraldietan etxean da ostera ere: Sodertalje taldean. Bertan batez beste 15,4 puntu, 5,5 errebote eta 1,7 asistentzia pilatu ditu. Beraz, adina eta kilometro kopurua goranz badoazkio ere, maila ona mantentzen duela dirudi. Ez zaio, ez, ‘Lolo’ Halvarssonen eskarmentua txarto etorriko talde donostiarrari Emakumeen Endesa Ligaz gain Women Eurocupean ere aritzeko, osotariko aurkari, lehiaketa, zale eta epailerekin ohituta dagoelako pibot suediarra.
Awa Fam ere, Valentziatik Gernikara
Bestalde, asteazkenean eman zuen jakitera Lointek Gernika Bizkaia taldeak Elena Buenavida 20 urte eta 1,72 metroko eskoltak Valentzia Basketek utzita jokatuko zuela. Ordurako jakina zen Awa Fam pibot gaztea ere, 18 urte eta 1,92 metrokoa, bide bera egitekotan zela, pasa den asteburuan Valentziako zenbait hedabidek hala aurreratu ostean.
Bada, ostegun honetan egin du ofizial talde bizkaitarrak Awa Fam 2024/25 denboraldian Gernikan izango dela, Valentzia Basketek lagata. Pibot valentziarra Eiuropako harribitxietako bat da, NCAAko eskaintza handiak baztertu ditu bere kirol ibilbidea Emakumeen Endesa Ligan jarraitzeko, Valentzia Basketekin 2030era arte sinatu baitu kontratua. Azken jokalari hau lotuta, Lointek Gernika Bizkaiak dagoeneko bederatzi jokalari ditu 2024/2025 denboraldirako: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi, Laura Westerik, Ane Olaeta, Maya Dodson, Irati Etxarri, Elena Buenavida eta Awa Fam bera.
Pasa den denboraldian 19 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin zilarrezko domina irabazteaz gain –taldekideen artean Elena Buenavida zuela, bi urte nagusiago ziren Amerikako Estatu Batuen aurka finalean 69-66 galduta–, Valentzia Basketeko lehen taldea eta Nou Paternako bigarren taldea uztartu ditu. Lehen taldearekin dagoeneko 71 partida jokatu ditu azken urteetan, berdin Emakumeen Endesa Ligan, Kopan zein Euroligan ere. Horrez gain, LF Challengueko jokalaririk onena izan da bataz beste 12 puntu, 10 errebote eta 2,2 asistentzia lortu baititu, 18,5ko balorazioa balorazioarekin.
Awa Famek Lointek Gernika Bizkaiaren lehiakortasuna nabarmendu du bere aurreneko adierazpenen bidez. «Maila gorenean lan egin ahalko dudan taldea da Gernika. Egunero gogor lan eginez hobetu eta hazteko toki aproposa da eta pixkanaka Emakumezkoen Endesa Ligan nire lekua egitea nahiko nuke. Hau da, ni bezalako jokalari gazte batentzat leku ezin hobean nagoela uste dut».
Lucas Fernandez entrenatzaileak, aldiz, Valentzia Basketekin izandako harreman eta komunikazio egokia nabarmendu du. «Awa Fam izaera handiko jokalaria da, eta agerikoa da arlo fisikoan duen gaitasuna. Indar handia emango dio taldeari. Era berean, Malosten bere bertuteak lantzen saiatuko ditu, kantxan gauza asko egin ditzakeen jokalaria delako, erasoan bere mugikortasunarekin zein defentsan erreboteak hartuz», azaldu du.