Palestinarren istorioak eskolara iritsi dira
Genozidio baten eguneroko kronikan zaila da bakerako hezkuntzaz hitz egitea, eta hala ere, etengabeko saiakeran murgiltzen dira UNRWA bezalako erakundeak. Komiki batek emakume errefuxiatu palestinarren kontakizun errealak eraman ditu ikasgeletara.
Beddawin-en, Tripoliko iparraldean UNRWAk duen kanpalekuan, emakume palestinar batek bere istorioa kontatu du. Bere gurasoak Palestinako Haifan bizi ziren 1948an, eta handik Kuwaitera ihes egin behar izan zuten. 1990eko hamarkadan, gure narratzailearen ume garaian, gerraren ondorioz, herrialde hura ere utzi behar izan zuen familiak. «Hainbat lekutatik igaro ondoren, Beddawin-en amaitu genuen», esan dio emakumeak Rowari, emakumeei laguntza emateaz arduratzen den UNRWAko kideari. Gehiago kontatu du. Oso gazte ezkonduta, 12 urtez tratu txarrak jaso zituzten senarrarengandik alabak eta berak. Familiarengandik ez zuen laguntzarik izan. Etxean, pazientzia izateko esaten zioten, barkatzeko, adiskidetzeko..., ‘gizonak horrelakoak dira’ mantra historikoaren izenean. «Indarkeria-zurrunbilo» horretatik aterata, senar ohiak ez dio alabaren mantenu-pentsiorik ematen. Lana behar du ekonomikoki autonomoa izateko. Izena ezezaguneko emakume horrek idazkari-ikasketak ditu, ondo hitz egiten du ingelesez, eta hala ere, laguntza behar du. Libanon dago, eta hango legeria «oso murriztailea» da Palestinako errefuxiatuentzat: «Errefuxiatuak izateagatik ez digute uzten hainbat lanbidetan aritzen», azaldu du.
Egiazko lekukotza komiki formatuan kontatua dago. “Ahlam. Bizitza batekin amestuz” du izenburu, eta Susana Martin eta Cristina Bueno ilustratzaileek Palestinako errefuxiatuen laguntzarako Nazio Batuen Erakundearen UNRWA agentziaren EAEko ordezkaritzarentzat egindako lana da. Kontakizun hori, beste emakume palestinar batzuenekin batera, hausnarketarako material gisa erabili da EAEko ikastetxeetan, DBHn eta Batxilergoan, baita unibertsitateetan ere. Doan eskuragarri dago UNRWA Euskadiren webgunean. Gasteizen egin berri den Heziketa Topaketara heldu da ikasgeletan lantzeko sortutako material hori.
Lakuako Hezkuntza Sailak eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak antolatutako foro horrek «bakerako hezkuntza» izan du aztergai, eta galdera bat bota du abiapuntu gisa: «Nola sustatu dezakegu bakearen kultura gure hezkuntza-guneetan?». Espazio zabal horretan, bertoko zenbait ekarpen bildu zituen hitzorduak memoria, bizikidetza eta giza eskubideen inguruan: Gogora Institutuak, Gernika Gogoratuz elkarteak, Bizikasi proiektuak, zapalduen antzerkiaren ereduak edota Otxandioko eskolak landutako esperientziak ezagutzeko..
Ikasgeletan lantzeko prestatutako materiala Palestinaren historia gogoratzen duen sarrera batekin abiatzen da. Mobilizazio jendetsuak ekarri ditu gurean Palestinan eragindako sarraskiak, ezagutza handia dago Palestinako auziaz, elkartasun sentimendu indartsua eragiten duena, baina noraino ezagutzen dira pertsonek pairatzen dituzten egoerak eta beraiek dituzten eskubideak? Jakin beharreko datu asko galtzen dira bidean, eta zuzenak ez diren pertzepzio ugari pilatzen dira. Horren aurreko antidotoa informazioa da, ikasgeletara egokitua, eta irakasleen inplikazioa behar duena, Gasteizko topaketan agertutako gogoeten arabera.
«Ez dakigu zer eskubide dituzten»
UNRWA Euskadik bultzatutako azterlan batek Ekialde Hurbileko eta, zehazki, Palestinako errefuxiatuei buruz euskal jendarteak zituen pertzepzioak aztertu zituen. Urte asko ez dituen azterlan horrek erakutsi zuen, adibidez, arazoak daudela errefuxiatua izatea zer den identifikatzeko, ez dagoela haien eskubideei buruzko kontzientziarik eta haien estatus juridikoak ezezagun izaten jarraitzen duela.
«Entzuna dugu errefuxiatuen gaia, baina ez dakigu, zehazki, nortzuk diren eta zer eskubide dituzten», azaldu zuen Macarena Arrietak, UNRWA Euskadiko ordezkariak. Azterlanak ikusi zuen, gainera, nahiko begirada eurozentrikoa dugula, Europa harrera-gune nagusia dela pentsatzeko joera oso zabalduta dagoela, eta hala ere, uste horietatik oso urrun dagoela errealitatea: Palestinako errefuxiatuak Palestinako lurralde okupatuan bizi dira -Zisjordanian eta Gazako zerrendan-, Libanon, Sirian eta Jordanian, zehaztu zuen. Horrelako datuetan oinarritzen dira eskola-mundura estereotipoekin amaitzeko asmoz eramandako materialak.
Azterlan horrekin jarraituz, aipatu zuen Arrietak, palestinarren kausak euskal herritarren interesa eta sinpatia pizten dituen arren, begirada lagunkoi hori ez dela gero jokabide eta laguntza ekintza zehatzetan islatzen. Begirada androzentrikoa ere bada euskal gizartearena, errefuxiatuei gizon aurpegia jarri ohi diena, emakumeak ikusezin bihurtuz. Errefuxiatuekiko jokabide irekiagoa dauka gazteriak, baina gizartean, oro har, hamarretik bat errefuxiatuak hartzearen kontra dago, eta mesfidantza maila altuagoa da arabiar jatorriko edo herrialde arabiarretatik etorritako pertsonen kasuan. Nahiko orokorra den beste pertzepzio bat ere agertu zuen: mundu arabiarra eta musulmana kolektibo homogeneotzat hartu ohi ditugu gurean, eta horrek pisu handia du elkarreragin sozialean.
Ezjakintasuna garaitzeko metodologiak
Errefuxiatu palestinarrak hartzen dituzten bost gunetan laguntza humanitarioa ematen duen UNRWAn garrantzi handia dute hemen garatzen diren gizarte-eraldaketarako hezkuntza proiektuek, nabarmendu zuen Macarena Arrietak. Izan ere, uste okerrak eta aurreiritziak ezabatzera bideratutako egitasmoak dira, baina informazio hori ezin da edonola kontatu. Bizitzak kontatzeko eta kontakizun horiek mila kilometrotara transmititzeko tresna aurkitu dute komikia bezalako baliabideen bidez, «gai konplexuak direlako» informazioa emateko orduan, batez ere gazteen aurrean. Azaldu zuenez, hezteko, informatzeko... oso garrantzitsua da komunikatzen jakitea.
Komikiarekin oso harrera ona aurkitu dute ikasgeletan, tailer formatuan zein hitzaldi gisa, baina oraindik ezjakintasun handia dago, azaldu zion Arrietak GAUR8ri. Ikasgelan aurkitu daitezkeen harridura aurpegiak datu orokorrekin hasten dira, «gogorarazten dugunean ia sei milioi errefuxiatu palestinar daudela 48ko gerratearen ondorioz -orduan sortu zen Israel-; 700.000 lagunek baino gehiagok ihes egin behar izan zutela, eta errefuxiatu estatusa gurasoengandik jasotzen dela; edota azaltzen dugunean Libanon dauden emakume askok, nahiz eta palestinar errefuxiatuak izan, ez dutela Palestina ezagutzen».
Iruditeria kolektiboan instalatuta dauden uste batzuekin apurtu eta begiradak zabaltzeko saio horietan, ikasle gehienek ezagutzen ez dituzten datu asko daude, eta horien artean, adibide gisa aipatu zuen palestinar asko bi aldiz direla errefuxiatu, beste herrialde batera ihes egin eta bertan ere gerra aurkitu zutelako. Informazio hori guztia hezkuntza komunitatera eramateko formatu berritzaileak bilatzen ditu UNRWAk, batez ere Palestinakoa bezalako egoera kronifikatuetan. Bada, bestalde, kezkatzen duen beste fenomeno bat: polarizazioa. Macarena Arrietaren ustez, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da bakearen aldeko heziketan lan egitea. «Gero eta iritzi-polarizazio handiagoa ikusten ari gara, baita gorroto diskurtsoak ere», zehaztu zuen topaketan.
Elkartasuna, eskubideetan oinarrituta
Beste mezu bat utzi zuen NBEren agentziaren ordezkariak. Nabarmendu zuenez, elkartasunaz hitz egiten dugunean giza eskubideetan oinarritutako elkartasuna hauspotu behar da eta erruki-begiradarekin hautsi. UNRWAren materialaren azterketak aparteko tailer bat izan zuen topaketan, metodologia testatzeko moduko saio bat eragileen artean -hezkuntza-mundukoak eta GKEetako ordezkariak-.
Lehen ekarpen bat sortu zen parte hartzaileen artean. Emakume errefuxiatu palestinarrei buruzko komiki bilduma horren sarreran dagoen informazioan jarri zuen fokua parte hartzaile batek. Esan zuenez, oso sakona eta luzea suertatzen da ikasleekin lantzeko. Beste gogoeta batzuk sortu ziren parte hartzaileen artean. Aipatu zen, bakerako heztea erronka bada, giza eskubideen lanketatik hasi beharko dela hori egiten. Giza eskubideez hitz egiten da, zehaztu zuenez, horien inguruko guztia jakintzat emanez, baina agian transmisio zehatzagoa beharko luke gaiak, lege multzo horiek eta lotutako testuinguruak azalduz.
Ez dira gai errazak, eta edozein kasutan irakasleen motibazioaren garrantzia nabarmendu zuten, baina bide horretan, profesionalen prestakuntza eta behar dituzten erraztasunak eskaintzea aipatu ziren gako gisa. Horrelako proiektuak ezin dira, halaber, oso noizean behin jorratu; hain zuzen, horrelako ikaskuntzek jarraipena izan beharko luketela ere nabarmendu zuten topaketan.
Profesionalen arteko testatze horretan, ikastaldea bera nolakoa den aztertzeak garrantzia duela azaldu zuten; beste kultura batzuetatik etorritako ikasleak dauden kontuan hartuz, adibidez. Edozein kasutan, UNRWA Euskadik aukeratutako metodologiak hainbat gai lantzeko balio duela nabarmendu zuten. Palestinako emakume errefuxiatuen errealitatera hurbiltzeko ariketa horrek aukera eskaintzen du emakumeek jasaten dituzten indarkeriez hitz egiteko, eta, aldi berean, abiapuntu izan daiteke inguruko beste errefuxiatu batzuen egoera ezagutzeko. Beste errealitate batzuetara heltzeko esperientzian, fikzio modura kontatutako istorio horiek Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen “Miñan” ekarri dute gogora.