NAIZ

Tolosako Udalak Osasun Sailaren esku utziko ditu ospitale publikoa eraikitzeko lurrak

Tolosako alkateak agerraldia egin du ostegun goiz honetan eskualdeko ospitale publiko berria eraikitzeko bere konpromisoa berretsi eta azken urratsen berri emateko. Momentu honetan, Lakuari beharrezko dokumentuak bidali dizkio Udalak eta aurreratu du lurrak ere Osasun Sailaren esku utziko dituela.

Andu Martinez de Rituerto alkateak agerraldia egin du ospitale publikoaz hitz egiteko.
Andu Martinez de Rituerto alkateak agerraldia egin du ospitale publikoaz hitz egiteko. (Tolosako Udala)

Tolosako Udalak agerraldia egin du ostegun goiz honetan eskualdean ospitale publikoa behar dutela aldarrikatu eta ospitale berria eraiki ahal izateko «bere esku dagoena» egiteko konpromisoa berresteko. Andu Martinez de Rituertok adierazi du ospitale berria eraikitzeko lurrak Osasun Sailaren esku uzteko prozedura administratiboa jarraitzen ari direla.

Iurramendi 24 eremuan ospitale berria egin ahal izateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko Aldaketa Puntuala gauzatzeko txostenak eta baimenak eskuratzen dabil Tolosako Udala. Lakuako Ingurumen Sailari ingurumen agiri estrategikoa egiteko eskera egin zion Udalak, eta beharrezko txostenak osatu ostean dokumentazio osagarri guztia pasa den asteartean igorri zion Tolosako Udalak Lakuari.

«Udalaren esku dagoena urratsez urrats betetzen ari gara» adierazi du Martinez de Rituertok, eta Osasun Sailak horren berri baduela baieztatu du jarraian. Hurrengo urratsen berri emateko ere baliatu du agerraldia, eta azaldu du Lakuaren ingurumen agiri estrategikoa jaso ondoren, udalak HAPOaren Aldaketa Puntualari hasierako onespena eman ahal izango diola eta jendaurreko entzunaldia zabalduko dela.

Jarraian, txosten sektorialak eskatu eta herritarrekin partekatu ostean, azken dokumentua osatuko du Udalak eta Lakuako Lurralde Plangintza Sailak dokumentuari oniritzia eman ondoren, behin betiko onartu ahal izango du Udalak HAPOaren Aldake Puntuala, alkatearen arabera.

«Aldaketa hori gauzatuta, Udalak Osasun Sailaren esku utziko ditu lurrak, eta ordutik aurrera ospitalea eraikitzeko aukera izango luke, dagokion proiektua idatzi eta gero», baieztatu du alkateak.

Asuncion Klinikaren publifikazioa

Bestalde, Martinez de Rituertok argitu nahi izan du zergatik eskatu duen Asuncion Klinikaren publifikatzeko aukera aztertzea Udala ospitale publikoa eraiki ahal izateko tramiteak egiten ari den artean: «Argitu nahi dut ez dugula publifikazio hori gauzatzea eskatu, eskatu duguna publifikatzeko aukera aztertzea da. Osasun Sailak 25 milioi euro inguru ordaintzen dizkio klinikari. Oraintxe bertan eraikinean berrikuntza handiak egiten ari dira, eta aldagai garrantzitsua da hori. Hortaz, eraikina berritu berritan, uste dut gutxienekoa dela balizko publifikazio baten aukera aztertzeko eskatzea: jakiteko, behintzat, zer nolako inplikazioak dituen».

Eskualdearentzat «aukerarik onena» zein den jakiteko aurrez beharrezko azterketa guztiak egitea dela egokiena uste du alkateak, «eskualdearen etorkizunerako hain garrantzitsua den zerbaitek, are gehiago duen zor historikoa aintzat hartuta, hausnarketa hori merezi duelakoan nago».

Bere iritzia «milimetro bat bera ere» aldatu ez duela azpimarratuz amaitu du agerraldia alkateak, eta Osasun Sailari elkarlanean aritzeko prestutasuna azaldu dio: «Nik Tolosako alkate modura ospitale publikoarekin daukadan konpromisoa ez doa leku edo eraikin fisiko bati lotuta, zerbitzuari baizik. Ez dezala hori ahaztu Osasun Sailak: erakunde publiko batek emandako kalitatezko zerbitzu publikoa da Tolosaldearentzat eskatzen ari garena».