NAIZ

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekideari eta atxilotu zuten udaltzainei erasotzeagatik

52 urteko gizonezko bat atxilotu zuen pasa den ostegunean Gasteizko Udaltzaingoak bere bikotekidea erasotu eta bi udaltzainei jotzea egotzita. Abiadura handian zihoan auto batekin hasi zen eztabaida, baina emakumeak esan zuen berari lehenago mehatxatu eta erasotu izan diola.

Gasteizen eraso matxisten aurka eginiko mobilizazio bat, artxiboko irudia.
Gasteizen eraso matxisten aurka eginiko mobilizazio bat, artxiboko irudia. (Raul Bogajo | FOKU)

Gasteizko Udaltzaingoko agenteek 52 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostegunean, bikotekideari erasotzea eta atxilotu zuten udaltzainak jotzea leporatuta, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez.

Osteguneko 17:00ak aldera, operazio zentralak udaltzaingoko patruila bati eskatu zion Arabako hiriburuko Batasunaren plazara joateko, gizon bat ibilgailu baten kapota jotzen eta gidariarekin eztabaidan ari zelako.

Bertaratutako agenteek bikote batekin hitz egin zuten. Emakumeak esan zien minutu batzuk lehenago oinezkoen pasagune bat pasatzen ari zela bere bikotekidearekin eta auto bat abiadura handian hurbildu eta azkenean gelditu egin zela.

Horren aurrean, paseatzen ari zen gizonak kapota joz erantzun zuen eta, gidaria autotik atera zenean, berarengana joan zen jotzeko asmoz. Emakumea bien artean sartu zen erasoa geldiarazteko, eta orduan, bikotekideak lepotik heldu eta iraindu eta mehatxatu egin zuen. Emakumeak agenteei kontatu zien horrelako jarrerak askotan izaten dituela, alkohol eta drogen menpekotasuna ere bazuela gaineratuz.

Emakumeak eta gidariak esandakoak kontuan hartuta, udaltzainek atxilotuta zegoela esan zioten gizonari, eta honek kolpe bana eman zien bi agenteri. Ondorioz, udaltzainek polizia egoitzara eraman zuten, genero indarkeriaren esparruan bikotekidearen aurkako eraso delitu bat eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatu delitu bat leporatuta.