Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Queenie’: Emakume sortzaileen loraldia

‘QUEENIE’
AEB. 2024. 8 atal. Zuzendariak:
Joelle Mae David, Makalla McPherson. Gidoia: Candice Carty-Williams. Aktoreak: Dionne Brown, Samuel Adewunmi, Bellah, Sally Phillips, Jon Pointing, Tilly Keeper, Llewella Gideon. Plataforma: Disney +.

Queenie Jenkins-en pertsonaia festa batean.
Queenie Jenkins-en pertsonaia festa batean. (Disney +)

Michael Coel (2020, ‘I May Destroy You/ Podria Destruirte’), Phoebe Waller-Bridge (2016, ‘Fleabag’), Lisa McGee (2018, ‘Derry Girls’), Kat Sadler (2023, ‘Such Brave Girls’) eta abar. Bretainia Handiko telesailen industrian emakumezko pertsonaia –eta sortzaile– apartak jaio dira azken urteotan. Askok, gainera, autofikziora jotzen dute, egileari gertatu zaion gertaera konkretu bat salatzeko, zerbait aldarrikatzeko eta batez ere ahalduntzeko tresna oso interesgarria delako.

Emakume hauek autofikzioa bozgorailu gisa nola erabili duten miresgarria iruditzen zait. Baita ahalduntze prozesu barruan, hizkuntza zinematografikoak eskaintzen dituen erremintak nola zukutu eta erabili dituzten ere. Zerrenda horri izen berri bat gehituko diogu: Dionne Brown aktoreak gorpuzten duen Queenie Jenkins, berriki estreinatu den ‘Queenie’ telesailari izena ematen dion pertsonaia.  

Kasu honetan amerikarra da, eta ez da bere bizitza pertsonalean oinarritu, baina baditu aipatu ditudan izenburu horiekin antzekotasun ugari.

Zortzi atal dituen ekoizpen hau, Candice Carty-Williamsen izen bereko eleberrian oinarritua dago. Queenie Jamaikar jatorria duen 25 urteko gazte britainiarra da eta Londresko hegoaldean bizi da. Bi kulturen artean bizi da, baina ez du inon lekua topatzen. Bizitza osoko mutil-lagunarekin harremana eten ondoren, bizitza berreraiki nahi badu, iraganari aurre egin beharko diola konturatzen da. Askok ‘Bridget Jones beltza’ bezala definitu dute.