Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza saila eta sindikatuak ez dira akordio arautzaile edo lan hitzarmen berria egiteko adostasunetara iritsi. Steilas, LAB, CCOO eta ELAk jakinarazi dute pasa den osteguneko irakasle funtzionarioen mahai sektorialen ostean, ez dutela hitzarmena sinatuko eta mobilizatzen jarraituko dutela.
Ostiral honetan Steilas, LAB eta CCOOk mobilizazioa egin dute Hezkuntza sailak lau urteko negoziazioen ostean ez duela «borondaterik» langileen lan baldintzak hobetzeko salatuz: «Badirudi asmoa orain murrizketak lan akordioan txertatzea dela. Akordio proposamenean ez dago langile guztiei eragiten digun hobekuntza orokorrik, eta zenbait artikulutan atzerapausoak daudela baloratzen dugu».
Hiru sindikatu horiek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, egun indarrean dagoen 2010eko akordioa baino okerragoa da negoziaketan osteko proposamena. Eta Hezkuntza sailak beraien ustez ezarri nahi dituen «atzerapauso» batzuk ere aipatu dituzte.
Ordezkoei 165 lan egunek eragiten duten opor eskubidea murriztu dietela kontatu dute, abuztu osoa kobratu gabe. Ordezkoen zerrenda kudeaketa EPEekin lotu nahi dutela azaldu dute, eta etapa guztietan 30 orduko presentzialtasuna bultzatu. Erretirorako baldintzak ere ez dituztela osotasunean hobetzen salatu dute, eta eroshalamena galtzen jarraitzen dutela, «Lakuak soldata igoerak gauzatzeko borondate politikorik gabe jarraitzen du».
ELA ere desados
Bere aldetik, ELA sindikatuak bileraren ostean hedabideei igorritako oharrean langileen aldarri eta mobilizazioei kasurik ez egin izana eta proposamen «itxi» bat aurkeztea kritikatu du. Irakaskuntza publikoko irakasleei eragiten dien akordioak eguneratu gabe 14 urte daramatzala gaineratu du, «Ondorioz, erosteko ahalmenaren % 20 galdu dute, % 40tik gorako behin-behinekotasuna dute, lan-karga desegokiak eta arrisku psikosozialeko eta lan-osasuneko arazo ugari", salatu du.
Gainera, Hezkuntza saila, «mahaietatik kanpo» negoziatzen saiatu dela adierazi du. Sindikatu batzuekin aldebiko eta hiru aldeko bilerak egin dituela, langileen legezko ordezkaritza duen mahaia alde batera utzita. Maiatzean eta ekainean deitutako bi bilera ere bertan behera utzi dituela jakinarazi zuen. Dena «gutxieneko akordio bat lortzeko», kritikatu du.