Larunbat honetan izan da Lasterbidean euskal preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko ekimenaren hamargarren edizioa, Abadiñon. Hamargarrena eta azkena, baina pozez agurtu dutena «asko sufritu dugun aro bat ixten dela esan nahi duelako».
2023ko martxoan bost euskal presoren Euskal Herriratzea iragarri zen eta, horrekin, 1989an hasi zen dispertsioa eta urruntzea amaitutzat eman zen.
Abadiñoko Txanporta plazan amaitu da lasterketa eguerdian eta eguraldia lagun sortu den jai giroan sari banaketa eta amaierako ekitaldia egin dituzte, bazkaltzera joan aurretik. Euskal preso eta iheslariak eta haien senideak omentzea helburu izan duen ekimena izan dela gogoraziz hasi dira.
«Duela hamar urte baino gehiago sortutako ekimen honetan «parte hartu dugunok gure aletxoa jarri dugu euskal preso eta iheslari politikoei elkartasuna adierazteko», nabarmendu dute beteta zegoen herriko plazan. Hemendik aurrera ere «elkartasuna adierazten jarraituz eta lanean ekinez segurtasun osoa daukagu etxeratzea lortuko dugula», erantsi dute.
Ikuskizun baten ostean, Oier Egidazuren, Dolores Lopezen, Gorka Palaciosen, Itziar Alberdiren, Endika Garateren, Guillermo Merinoren, Iñaki Retaren, Gorka Lupiañezen, Josu Narvaezen, Jurdan Martitegiren eta Gregorio Vicarioren senide eta lagunei omenaldia egin diete eta oroigarri bat eman diete, oholtzaren azpian zeuden guztiak txaloka zituztela.
Etxerat elkartearen eta euskal preso politiko, erbesteratu eta deportatuen izenean «bihotzez» eskertu dituzte kulturan, kirolean, kalean eta beste hainbat arlotan herri mugimenduak «gurekin eta gure senideekin elkartasunez urte luzeetan sortu dittuen ekimen guztiak».
Ekimen horietako bat larunbat honetan amaitu dena da. «Korrika egitea eta naturaz gozatzea gustatzen zaien adin eta kondizio guztietako jendearen potentziala» ikusita sortu zena, gogora ekarri dutenez. Andaluziarako autobusarekin, Mirentxineko boluntarioen furgonetekin, Hatortxu eta 40 Minutu Rock musika jaialdiekin bezala, Lasterbideanekin «oso lagunduta» sentitu direla adierazi dute senideek.
Sakabanaketarena «sufrimenduz betetako 30 urte baino gehiago» izan direla deitoratu dute, errepidean hildako 16 senideak eta kartzeletan hildako 35 presoak gogoan zituztela.
«Azkena aske geratu arte»
Oiartzunen, Larrabetzun, Berriozarren, Araian, Oñatin, Ondarroan, Arbizun, Kanpezun, Amasa-Villabonan eta Abadiñon egin den ekimen honekin batera «asko sufritu dugun aro bat» itxi bada ere, «lanean jarraitzeko» beharra azpimarratu dute Lasterbideanen azken edizio honetan. «Mobilizatzen, presoen alde, azkena aske geratu arte», zehazki.
Horretarako, datorren urtean dinamika berri bat abiatuko dute, Lasterbideanen lekukoa hartuko duena, «sakabanaketaren amaieraren ondorengo garai honetan irekitako testuinguru berrira egokitua, fase berrira egokitua», azaldu dute. Hau ere kalean korrika egitearekin lotutako ekimena izango dela aurreratu dute. «Bertan ikusiko dugu elkar, denak etxean libre izan arte ez gara geldituko», esan dute.
Arratsaldean zehar ere jaiak Abadiñon jarraitzen du, umeentzako ikuskizun batekin, Ixtalok elektrotxarangarekin eta Txanporta plazan izango diren Haize Arrosa eta Los Zopilotes Txiarriaos taldeen eta L Punto DJ-aren kontzertu banarekin.