Guardiak ezin izan dio iaz Legutioren aurka lortutako Arabako eskuzko Herriarteko txapelari eutsi, Araba Euskarazen egitarauaren barruan Adurtzan jokatutako finalean Gasteizen aurka nagusitasunez galdu ostean. Hiriburukoek uste baino errazago atera dituzte euren hiru partidak eta azkar berreskuratu dute ihes galdutako nagusitasuna eskuzko txapelketari dagokionean.
Finaletan ondo hastea garrantzitsua izan ohi da eta gauzak ezin hobeto hasi dira Gasteizko taldearentzat, Seara eta Arruizek inolako gupidarik gabe txikitu baitituzte Guardiako ordezkari izan diren Ruiz de Urra anaiak.
Gauzak horrela, Ribera eta Asier Lopezek nahitanahiezkoa zuten jubeniletako puntua eskuratzea Arabar Errioxako herriak txapelari eusteko ametsari eusteko. Bigarrena izan da hiruretan lehiarik orekatuena, baina azkenerako hemen ere garaipena urrun geratu zaie, Rituerto eta Ormazabal 12-22 nagusitu baitira.
Txapelak Gasteizen geratuko zirenaren ziurtasunez ekin diote seniorretako partidari, baina Uribe eta Markaidak ez diote garaipena borobiltzeko aukerari ihes egiten utzi nahi izan eta 22-4 egurtu dituzte Guardiako ordezkari Diaz de Guereu eta Alvarez de Eulate.
Adurtzan bertan jokatutako beste finalei dagokionean, erremintaz, paleta gomazko txapela Amurriorentzat izan da, finalean Urabaini 25-22 gailenduta eta larruz, aldiz, garaipena Tuyoko ordezkariek eraman dute, Rivabellosari 35-19 irabazita.