‘Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik’ leloa ezagun egin dute Gipuzkoako Eskola Txikiek. 35. aldiz antolatu dute euren jaia, aurten Adunan. Egun osoko egitaraua prestatu dute adunarrek, eta gainontzeko 26 eskola txikietako lagunak gonbidatu dituzte elkarrekin egun eder bat pasatzera, baita herritarrak eta instituzioetako ordezkariak ere.
Harrera ekitaldiaren ondotik, zirkuola, sagarraren ibilbidea, txiki zumba, puzgarriak, ur jolasak eta txikientzako hainbat ekintza izan dituzte aukeran: egurrezko jolasak, eskulan eta tailerrak, saharar jaima, makillajea, ileapaindegia, argazki gunea, pottokak eta punteria jolasak.
Eskola guztien sagarrez betetako sagarrondo bat
13.00ak aldera, lekuko aldaketa baino lehen, plazan jarritako sagarrondoan euren sagarra zintzilikatu dute Gipuzkoako eskoletako ordezkariek. Eskola bakoitzera polispaneko sagar bat bidali dute hango ikasleek margotu eta mezuren bat idazteko. Hala, Gipuzkoako 27 eskola txikiak batu dira zuhaitz horretan.
Jarraian, bazkaria eta bingo musikatua izan dituzte. Eta, jaia ondo amaitzeko, Porrotx eta Marimototsen emanaldia.
Herrian eta auzoan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatu dute. Lorea Iñigo Basopeta guraso elkarteko kideak hala azaldu dio Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioari: «Eskola Txikien Festak agerian uzten du eskola txikien komunitate sentimendua. Antolaketa lanetan gabiltzanetik argi geratu zaigu Gipuzkoako 27 eskolez osatutako sare handia osatzen dugula; batzuekin distantziaz urrun egon arren, antzeko izaera eta errealitatea partekatzen dugu».
Talde lanean aritu dira auzokide, guraso, ikasle zein irakasleak, prestaketan «indar, gogo eta ilusio» guztia jarriz. «Zaindu ditzagun herri txikiekin batera eskola txikiak eta egin ditzagun handi guztion artean», egin dute dei.