NAIZ

‘Naparra’ oroitu eta bilaketan segitzeko grina berretsi dute Igarolabekoa baserrian

Desagertu zeneko 44. urteurrenean, Joxe Miguel Etxeberria ‘Naparra’ oroitzeko ekitaldia egin dute Lizartzan, Igarolabekoa baserrian.

Eneko Etxeberriak hartu du hitza ekitaldi xume honetan. Ezkerrean, Mertxe Aizpurua diputatua.
Eneko Etxeberriak hartu du hitza ekitaldi xume honetan. Ezkerrean, Mertxe Aizpurua diputatua. (Gotzon Aranburu | Foku)

Urtero, hutsik egin gabe, ekainaren 11ren bueltan egiten duten bezala, Etxeberria Alvarez familiako senide, lagun eta herritar xumeek bat egin dute Lizartzako Igarolabekoa baserrian, ‘Naparra’ zena oroitu eta gertatutakoa argitzeko borrokari eusten diotela argi uzteko. Eneko anaiarekin bat Iñaki Egaña historialariak eta Haimar Altunak hartu dute hitza, azken honek Sorturen izenean, eta EH Bilduko Mertxe Aizpurua diputatua ere bertan egon da.

‘Naparra’-ren anaiak nabarmendu du 2014. urtea «inflexio puntua» izan zela Nazio Batuen Erakundearen behartutako desagerpenen lantaldearen laguntza izan zutelako. Erakunde horrekin komunikazioa «konstantea» dela esan du eta bere anaiaren kasuaren gainean egongo direla ziurtatu dietela.

Haimar Altunak familiarentzat izan ditu hitzak: «Beti irribarre batekin, duintasun eta tinkotasun osoz erantzun diozue gatazkaren gordinak sorturtako zauriei eta egiaren aldeko borroka nekaezinari».

Ez da urte samurra izan. Jada 44 urte pasa dira Jose Miguel Etxeberria 1980ko ekainaren 11. hartan azkenekoz Ziburun ikusi zutenetik, baina pasa den apirilean itxaropenerako tartetxoa ireki zen berriz. Zazpi urtez epaileen zain egon ostean, Estatuko estoldetan gerra zikinari lotutako iturriak seinalatu zituen bigarren tokian indusketa abiatu zuten azkenik, 2017ko lehen ahalegin alferrikakoaren ostean, Landetako baso batean. Hiru egunez miaketa egin ondoren, hemen ere ez zegoela gizaki baten arrastorik ondorioztatu zuten frantziar militarrek.

Orain, desagerpena argitzeko zein bide jorratu daitekeen aztertzeko beharrean dira berriz. Baina bitartean, lehenik Patxiku Etxeberria aitak, gero Celes Alvarez amak eta orain Eneko Etxeberria semeak gidatu duten kasua ezagutarazko lana ez da eten. Horren adibide dira Jon Alonsok idatzitako ‘Naparra kasu irekia’ eta Iban Toledok eta Iñaki Alforjak zuzendutako ‘Bolante baten historia’ dokumentala. Eta Nazio Batuen Erakundeak ‘Naparra’ behartutako desagerpen baten biktimatzak hartu izana ere.

Familiaren baserrira hurbildu direnek konpromiso hori berritu dute igande honetan, senideei elkartasuna adierazteaz gain. Ekitaldi xume batean eskerrak eman dizkie Eneko Etxeberriak, mokadu bat elkarrekin hartu aurretik.