Bidasoa Irun bulegoetan lanean dihardu 2024-25. denboraldiari begira ahalik eta indartsuenen aritzeko. Baina etorkizun urrutiragora ere begira dabil, eta horren erakusle da astelehen honetan iragarri duen albistea. Irungo aldeak Piotr Mielczarski poloniar gaztea (Lublin, Polonia, 2005/08/31) fitxatu du, baina BM Guadalajara taldean arituko da utzita datorren sasoian.
Erdiko atzelari gazteak 197 zentimetro neurtzen ditu, eta ezker hegalean ere aritu daiteke. Central Ligan (Poloniako Bigarren Mailan) aritu da denboraldi honetan, SMS Kielcen. Ligako jokalari onena aukeratu dute irailean eta txapelketako ezker hegal onena izendatu dute. Gainera, SMS Kopako MVPa izan da (hiru aldiz irabazi du Kopa) eta lehen finalerdiko jokalari onena izan da.
Poloniako selekzioko beheko mailetan ohikoa da eta Poloniako selekzio absolutuko deialdi batean debuta egin duen jokalaririk gazteena da, Marcin Lijewski hautatzaileak deitu baitzuen 2023ko abuztuan. Joan den udan Alemanian jokatutako junior mailako Munduko Txapelketan parte hartu zuen, lau partidatan hamabi gol sartuz.
«Poloniako balio handienetako bat»
Julen Aginagalde CD Bidasoako kirol kuzendariak Piotr Mielczarskiren fitxaketa baloratu du: «Uste dugu garrantzitsua zela utzita irtetea eta minutuak izatea, garrantzitsua izango da berarentzat esperientzia hartzeko».
Aginagaldek adierazi du Mielczarski «Poloniako balio handienetako bat» dela eta jokoan duen lekualdaketa azpimarratu du. «Gol asko du, bai hegalean, bai erdikoan, eta oso jokalari azkarra da jokatzeko orduan. Bi postuetara egokitu daiteke, erdiko zein ezker hegalekora, eta orain dauzkagunen ezaugarri ezberdinak dituen jokalaria da; beraz, etorkizunean Bidasoa Iruni asko lagundu ahal izango dion jokalaria izango da».
Aurreko ikasturtean Jakub Sladkowski iritsi zen eta orain Piotr Mielczarski. Honekin, «CD Bidasoak aurrerapausoak ematen jarraitzen du nazioarteko talentu gazteak erakartzeko eta fitxatzeko», azpimarratu du klubak.