Ion Salgado

Gure Esku, Legebiltzarrean: «Herri libre baten bidean urrats eraginkorrak emateko unea da»

Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramailea Gasteizko Legebiltzarrean izan da ostegun honetan. Inoizko Legebiltzarrik «abertzale eta aurrerakoiena» dela adierazi du, eta «herri libre baten bidean urrats eraginkorrak emateko unea» dela ohartarazi du.

Josu Etxaburu Gasteizko Legebiltzarrean.
Josu Etxaburu Gasteizko Legebiltzarrean. (NAIZ)

«Herri libre baten bidean urrats eraginkorrak emateko unea da». Hala adierazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramileak Gasteizko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan.

Nabarmendu duenez «inoizko Legebiltzarrik abertzale eta aurrerakoiena daukagu apirilaren 21eko hauteskundeen ostean, eta gaur zabaltzen den legegintzaldian herri gisa aurrerapauso batzuk lortu behar ditugula ezinbestean iruditzen zaigu».

«Hhurrengo lau urte hauek, gure autogobernuan jauzi bat emateko baliagarriak» izan behar dutela gaineratu du. «Estatusaren eztabaidari berriz heldu behar zaio, berandu baino lehen. Izan ere, denbora ez daukagu lagun».

Etxabururen esanetan, «atzeraezinak bilakatu daitezkeen erronkei erantzuteko herri gisa tresnak behar ditugu, errealitate berriei erantzuteko arkitektura juridiko-politiko berri baten beharra ezinbestekoa da». Eta, zentzu honetan, «herri gisako erronkei behar bezala aurre egiteko», herritarrek «erabakitze ahalmen gehiago» behar dutela defendatu du.

«Burujabetza gehiago behar dugu», esan du, 2018an EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek lortutako akordioa gogoratuz. «Akordio hartan herritarrok gure ekarpena egin genuen, aste batzuk lehenago 175.000 euskal herritar eskuz esku batu zituen giza kateak Legebiltzarraren atarira eraman baitzuen gure eskakizuna», nabarmendu du, eta Arantzazuko Adierazpenean esandakoa berretsi du.

«Euskal herritarrok gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa zein autogobernu maila, eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea daukagu. Izan ere, erabakitzeko eskubidea gure baitan edukitzea da herritarren beharrei erantzuteko berme bakarra. Euskal herritarron etorkizuna eta gure herriari eragiten dion guztiari buruz euskal herritarrok erabaki behar dugu», azpimarratu du.

Horregatik, «arduraz jokatzeko unea dela» esan du: «Urteetan espero izan dugun eszenatoki baten aurrean egon gaitezke. Hainbat eskakizun historiko lor daitezke, nazio aitortza kasu. Edota, Estatuarekin parez-pareko harremana izateko mekanismoak arautzea, gaur egun guzti hori ez da ameskeria. Ezin dugu aukera pasatzen utzi».

Amaitzeko, euskal gizarteari aparteko deia egin dio, «elkarrekin unean behar duen mailako bultzada artikulatzeko garaia» delako: «Herritarrok baikara herri honek ahalik eta burujabetza gehien eskuratzeko berme nagusia. Bidelagun diren eragileei ere eskua luzatzen diegu, elkarlanean parean dugun aukera hau errealitate bilakatu dadin».