NAIZ
Laudio

Omniak Laudioko udal Gobernua utzi eta gaiak «banaka» adostuko ditu EH Bildurekin

Omnia taldeak Laudioko udal Gobernua utzi eta oposiziora pasako dela iragarri du, agintea duen EH Bilduren eta bere gobernu ereduak «desberdinak» direlako. Aurrerantzean «jarrera eraikitzailea» izango duela eta koalizio independentistarekin gai bakoitza «banaka» adostuko duela iragarri du.

Laudioko udal Gobernu taldea, EH Bildu eta Omniarekin, Udala osatzeko bilkuran, iaz.
Laudioko udal Gobernu taldea, EH Bildu eta Omniarekin, Udala osatzeko bilkuran, iaz. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Omnia taldeko hiru zinegotziek Laudioko udal Gobernua uztea erabaki dute. EH Bildurena da Arabako bigarren hiri handienaren alkatetza; Omniarekin koalizioa osatu zuen 2023ko udal hauteskundeen ostean. Orain, «beste bide berri bati» ekin dio, «jarrera eraikitzailearekin».

EH Bilduk 7 zinegotzi ditu, EAJk 6, Omniak 3 eta PSEk, 1.

Omniak ohar batean jakinarazi duenez, EH Bildurekin Gobernua partekatzen urtebete eman ondoren, «udal kudeaketan egungoa ez bezalako papera» jokatzea erabaki du. «Urte honetan lan gogorra egin dugu eta oso pozik gaude horrekin; hala ere, bi taldeen gobernu ereduak desberdinak dira», argudiatu du.

Omniarentzat «gauzatzeko eta kudeatzeko moduan erabateko adostasunik ez egotea arazo bat da Udalarentzat» eta, horregatik, «erantzukizunez, zuzeneko kudeaketatik urruntzeko erabakia» hartu dute, «izan ere, jarduera ildo bat eta bakarra beharrezkoa dela uste dugu». Boto gehien jaso dituen taldea EH Bildu izanik, «haiei dagokie hura gidatzea», erantsi dute.

Azaldu dutenez, bere asmoa «herritarrek behar duten Laudio eraikitzen jarraitzea denez», akordio batera iritsi dira EH Bildurekin «oposizio aktiboko lan bat egiteko eta haiekin dagoeneko adostuta eta martxan dauden gaietan aurrera egiten jarraitzeko».

Hala, oposiziotik «gai bakoitza banaka» adostuko dute gobernu taldearekin. «Omniaren nahia gure nortasuna galdu gabe ekarpenak egitea da. Ezin dugu adostu gabeko erabaki politikorik hartu, iritzi desberdinak izanik horiei buruz».

Hala, Omniak «udal egunerokotasunean lagunduko» du, «dagokion neurrian». Halaber, «prest egongo gara  bi taldeek aurkeztuko ditugun mozioak beraiekin adosteko».

EAJ eta PSE

Albistea jakin ondotik, EAJko bozeramaile eta alkate ohi Ander Añibarro «harrituta» agertu da erabakiarekin eta herriarentzat eta bizilagunentzat «ondorio larririk» ez izatea espero du.

«Proiektu ilusionagarri bat saldu ziguten, baina errealitatea da ez dagoela horrelakorik. Omniaren erabakia errespetatzen dugu, baina uste dugu ez dela arduratsua, eta laudioarrekin duen konpromisoa ahazten du. Gainera, agerian utzi du EH Bildu ez dela gai gobernu akordio iraunkorrak osatzeko», adierazi du.

PSEren iritziz, berriz, udal gobernuaren haustura «iragarritako heriotza» da.