NAIZ
Antsoain

Arrasatek bertsotan agurtu du Iruñea: «Zuek ni asko maite nauzue, baina nik zuek ere bai»

Jagoba Arrasate dagoeneko ez da Osasuna taldeko entrenatzailea. Baina sei urte eman ditu Iruñean eta arrastoa utzi du. Atzo, Antsoainen bertso afari batekin agurtu nahi izan zuten. Amets Arzallus, Julio Soto, Urko Gartzia eta, nola ez, Arrasate bera. Bi norabideko maitasun erakustaldia izan zen.

Sadar Bizirikek antolatuta, ehunka lagun bildu ziren bart iluntzean Antsoaingo pilotalekuan, Jagoba Arrasateri agur esan asmoz. Entrenatzaile bizkaitarra etxean egon da azken sei urteetan eta harmailarekin lortutako anai-arrebatasunak atzoko ekitaldian izan zuen islada berri bat. Entrenatzaile askok utzi dute Osasuna azken hamarkadetan, baina halako ondarerik utzi duenik ezin beste inorren inguruan esan.

Eta agur esateko, zer hoberik bertso saio bat baino. Hain urruti behar ez zuten bi unibertso, Osasuna eta bertsoa, ere batu ditu azken urte hauetan Berriatuako entrenatzaileak. Eta nafar hiriburuari agur esateko alboan izan zituen Amets Arzallus, Julio Soto eta Urko Gartzia.

Maitasun erakustaldi bat izan zen atzoko ekimena. Bi norabideetan. Eta Arrasateren azken bertsoan islatu zen. «Hasiera baten urduri nengon / gero denborakin lasai / zuek aurrean hola ikusita / edonor jartzen da alai / Beti bezala bukatu dut gaur / emozio askotan blai / zuek ni asko maite nauzue / baina nik zuek ere bai / baina nik zuek ere bai».

Ekimenaren bultzatzaileek entrenatzailea agurtzeaz gain, «balore historikoak errespetatzen dituen Osasuna bat» ere aldarrikatu nahi izan zuten, «lehen lerroan zaleak eta hauen eskubideak jartzen dituena, euskaraz ere bizi den talde bat».

Mallorcan izango da datorren denboraldian entrenatzailea, baina Iruñean beti izango du bere lekua. Eta berarekin eramango du Iruñea ere. «Mezu potentea zuk duzu igorri / batzutan deitu behar zaio hainbeste altxorri / gauza bat pentsatu dut ez esan inorri / agian eramango dut igual Indar Gorri».