NAIZ

CAF Taldeak 50 milioi eurotik gorako kontratua lortu du Suedian 88 autobus elektriko egiteko

88 autobus elektriko egingo ditu CAF Taldearen Solaris enpresak Suediako hainbat hiritan erabiltzeko. Kontratua 50 milioi euro baino gehiagokoa da eta iaztik Suediarekin lortutako bigarrena da hau.

Suediarako 88 autobus elektriko egingo ditu Solarisek, 50 milioi eurotik gorako kontratuarekin.
Suediarako 88 autobus elektriko egingo ditu Solarisek, 50 milioi eurotik gorako kontratuarekin. (Lukasz BERA | EUROPA PRESS)

Nobina Suediako garraio operadora garrantsitzuenetariko batek CAF Taldeari esleitu dio Solarisen 88 autobus elektriko egiteko lana. Akordioa 50 milioi eurotik gorakoa da, euskal konpainiako iturriek prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Zehazki, operadore suediarrak Urbino 15 LE modeloko 55 unitate erostea erabaki du Escania eskualderako, antzeko beste 15 unitate Varmland eskualderako eta, azkenik, Urbino 18 modelo artikulatuko 18 unitate Malmo hirian zerbitzua eman dezaten. Unitateak 2024 eta 2025 artean entregatuko dira.

Solarisek Suediatik denbora tarte txikian jaso duen beste eskari bat da, iaz hainbat kontratu lortu baitzituen, hala nola Urbino 15 LE motako 55 autobus elektriko operadore berarentzat Stockholmen zerbitzua eman dezaten eta 23 autobus elektriko Kristianstad hirirako.

«Horrek guztiak indartu egin du herrialde hartako hiri garraiorako ingurumena errespetatzen duten soluzioak emateko funtsezko eragile gisa Solarisek betetzen duen posizioa», azpimarratu dute euskal konpainiatik.

Escania eta Varmland eskualdeetara bideratuko diren ibilgailuak Solaris Urbino 15 LE modelokoak dira. Hiru ardatzeko ibilgailua da, hiriko zein hiriarteko zerbitzua emateko egokia. ‘Eskandinaviako paketea’ delakoarekin ekipatuta egongo da: Suediako klima egoera zailetarako egokituta, gauean sistema entxufagarriaren bidez kargatuta eta egun osoan funtzionatu ahal izateko.

Solaris Urbino 18 unitateei dagokienez, propultsio modularra duen eta baterietan punta-puntako teknologiarekin ekipatuta dagoen modelo artikularra da. Malmon eskainiko du zerbitzua, Suediako hiri garrantzitsuenetariko batean.

Bestalde, hidrogeno bidezko autobisen beste eskaera bat esleitu diote Solarisi, eta Alemaniako Oberbergische Verkehrgesellschaft (OVAG) operadoreari hamabi metroko 15 unitate hornituko dizkio. Ipar Renania-Westfalia estatuko Gummersbach hiriko autobusen flota sendotuko du eskaerak.