NAIZ

Gorroto delituen %64 arrazistak edo xenofoboak izan ziren iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Lakuako Segurtasun Sailak argiratutako Gorroto Gertakariei buruzko Txostenaren arabera, iaz EAEn erregistratutako 281 gorroto delituen %64 (180) arrazistak edo xenofoboak izan ziren. Horien atzetik, sexu-orientazioaren eta identitatearen aurkako delituak daude (45, %16).

Arrazismoaren aurkako mobilizazioa Bilbon.
Arrazismoaren aurkako mobilizazioa Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iaz EAEn erregistratutako 281 gorroto delituen %64 (180) arrazistak edo xenofoboak izan ziren. Hala agertzen da Lakuako Segurtasun Sailak astelehen honetan argitaratu duen joan den urteko Gorroto Gertakariei buruzko Txostenean.

Txosten horren arabera, gorroto gertakarien kopurua aurreko urtekoa (435) baino nabarmen txikiagoa da, baina pandemiaren aurreko urteetan erregistratutakoen bikoitza izaten jarraitzen du (105, 2019an).

Zehazki, gertakarien kopuru orokorra %35 jaitsi da 2022ko datuekin alderatuta. Jaitsiera hori, neurri handi batean, genero arrazoiengatiko gorroto intzidenteen tratamenduan izandako aldaketagatik izan da, indarkeria matxista gisa definituta egon daitezkeenak kanpoan utzi direlako.

Delituen tipologia

Gertakari guztietatik 180k izaera arrazista edo xenofoboa izan zuten. Horien atzetik, sexu-orientazioaren eta identitatearen aurkako delituak daude (45, %16). Hirugarrenik, ideologiagatiko gorroto delituak daude, 22 guztira, %8. Sexuan edo generoan oinarritutako gorroto delituak, berriz, 18 dira guztira.

Bestalde, dibertsitate funtzionaleko kolektiboaren aurkako delituak ere jasotzen ditu txostenak (sei) eta aporofobiarekin zerikusia dutenak (hiru). Delitu antisemita bakarra agertzen da, eta adinekoen aurkako erasoak agertzen dira; bost izan ziren iaz.

Delitu gertakarien bi taldeak mantendu dira, lesioak (101 kasu) eta mehatxuak (76 kasu), beste delitu taldeetatik oso urrun. Biek batera delitu gertakarien %56 hartzen dute, hau da, gorroto maparen erdia baino gehiago. Hala eta guztiz ere, gorroto diskurtsoak nabarmen egin du gora, eta intzidentzia kopuruak ere gora egin du (46 kasu).

Biktimizazioen bakaneta

2023an, gorroto gertaerengatik 305 biktima izan ziren EAEn, eta horrek esan nahi du nabarmen murriztu direla (-%47) 2022an erregistratutako biktimizazioak (572). Bestalde, atzerritar jatorriko biktimak %59 izan ziren 2023an (181); Latinoamerikatik eta Afrikatik etorritako biktimak izan ziren ugarienak (biktima guztien %28 eta %24, hurrenez hurren).

Afrikatik etorritako biktimei dagokienez, aurreko urteetan bezala, jatorri marokoarreko pertsonen presentzia handia azpimarratu behar da, gorroto delituen biktimen %15 baitira.

Biktimen jatorrizko udalerriari dagokionez, Bilbo (16 kasu), Donostia (12 kasu) eta, neurri txikiagoan, Gasteiz (7 kasu) nabarmentzen dira. Azpimarratzekoa da 2023an Barakaldo izan zela biktimen jatorrizko udalerri nagusia (20 kasu).

Sexuari erreparatuz gero, biktima gehienak gizonezkoak direla ikus daiteke (%55). Dena den Bizkaian gizonen eta emakumeen arteko proportzioa ia berdina da; Araban, aldiz, emakumeak biktimizazioen %31 baino ez dira. Biktimen batez besteko adina 34 urtekoa da.

Inputatuak eta atxilotuak

Inputatuko pertsonei dagokienez, hiru laurden baino gehiagok nazionalitate espainiarra zuten, eta horietatik 176 EAEn bizi ziren (%83). Txostenean Oñatiren kasua nabarmentzen da; udalerri horretatik zetorren inputatuen %10 (18).

Eta sexuaren araberako banaketari dagokionez, inputatutako ia hiru laurdenak gizonak dira, eta batez besteko adina 34 urtekoa da. Egotzitako adingabeei arreta handiagoa eskainiz gero, ikus daiteke hiru laurden 16 urtetik beherakoak zirela (%76), eta gainerakoak (%24) 16-18 urteko tartean zeudela.

Atxiloketei dagokionez, 2023an Ertzaintzak 20 pertsona atxilotu zituen, 2022. urtean izandakoen erdia baino gutxiago.