Jon Ormazabal

Jokin Altuna, pilotari «total» bat 28 urterekin heldutasun betean

Egungo izar nagusiak duela hamar urte egin zuen debuta profesionaletan eta denera zortzi txapel batu ditu (4 Lau eta erdian, 3 Buruz Burukoan eta beste bat Binaka). Julian Retegi, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo baino ez ditu gainetik irabazitako txapelketei dagokionean.

Titinen aurka egin zuen debuta Jokin Altunak eta garaipena eskuratu zuen lehen partida horretan ere.
Titinen aurka egin zuen debuta Jokin Altunak eta garaipena eskuratu zuen lehen partida horretan ere. (Raul BOGAO/FOKU)

San Juan eguneko jaialdiak beti izaten dira bereziak Astelenan. Normalean udazkenera arte ateak itxi ohi ditu Eibarko pilotalekuak eta sarri pilotari berrien debut eguna izan ohi da. Hala gertatu zen 2014koan, baina duela 10 urteko jaialdi hura ez zen beste bat gehiago izan. Titin III.a-Tolosa Altuna III.a-Barriola izan zen egun hartako estelarra, telebistarik gabeko jaialdia izan zen, eta astearte batez, Amezketatik bi autobusetan gerturatu ziren zaleek ere ez zuten berehala usteko, Larrunarri pilotalekuan hainbeste ordu emandako pilotari mehar hark, hamarkada bat geroago, hainbeste maite duen kirol honen gailurretik ikusiko zituela gainerako pilotariak. «Hamar urte hauetako balantzea uste baino askoz hobea da, baina horrek ez du esan nahi konformatzen naizenik; atzera begira ez nago inongo momentutan». Eta horixe du, ziurrenik onena, 28 urterekin lortutakoa izugarria izanik, inork ezin dezakeela bere sabaia non den esan.

Amak frontoiaren gainean piano klaseak ematen zituen arren, pilotazaleen zorionerako, Jokin Altunari erakargarriago egin zitzaion etxeko beste pasioa, –bi osabak erremontista profesionalak izan ziren eta haien omenez darama kirol izenean "III" hori, nahiz eta beste modalitate bateko pilotariak izan– eta ume-umetatik ikusten zitzaion pilotari sena –15 urterekin Baque txapelketa irabazi zuen bera baino hiru urte zaharragoak ziren pilotarien aurka–, baina denbora eta lanarekin lortutakoa inor gutxik espero zezakeen, pilotari «polit» bat izatetik «pilotari totala» izatera pasa baita.

Modalitate guztietan ederki moldatzen da amezketarra, –2022an Martijarekin Binakakoa irabazi zuenetik hiru txapelak dituzten klubean sartu zen– baina, ziurrenik, Buruz Burukoan lortutako hiru txapelak dira bere garapen izugarri horren adibiderik garbiena. «Inoiz txapeldun izatea espero nuen, baina txapela 22 urterekin ez nuen inondik inora espero», aitortu zigun bere hirugarrena jantzi bezperatan. Lasoren aurkako garaipenarekin, Eugi eta Gallastegi bezalako mitoen pare da kantxa osoan eta gainetik Atano III.a, Beloki eta Olaizola II.a (4), Martinez de Irujo (5), Retegi I eta Azkarate (6) eta Retegi II.a (11) baino ez ditu gainetik. Gauzak ondo, Eratsunekoarena kenduta, bere eskura egon daitezkeen markak.

Kaiolan erosoen

Baina, ezbairik gabe, Lau eta Erdikoa izan da emaitzarik onenak lortu dituen esparrua. Pentsa, beste planeta batekoak ziruditen Aimar Olaizolak lortutako zazpi txapelak eskuragarriak dirudite gipuzkoarrarentzat. Momentuz, goizuetarrak ere egin ez zuen balentria bat sinatu du, azken zortzi finaletara jarraian sailkatuta.

Bere lehen finalak ere kaiolan jokatu zituen, debutatu eta gutxira Iñaki Artolaren –alegiarrak ere laster egingo ditu hamar urte profesionaletan– aurka Promoziokoa jokatu zuen eta Oinatz Bengoetxearen aurka lehen mailako lehena. Biak galdu zituen, baina batez ere Ogetan jokatutakoan hasi zen eman zezakeenaren berri ematen. Magia berezkoa izanda, fisikoki gorputza zailtzen hasi zenean eman zuen benetako jauzia. «Ni hor Artolaren aurka ezin nintzen lehiatu momentu horretan. Ez zen hobeto edo okerrago jokatzea; nik nabari nuena zen, afizionatuetan agian gutxixeago materiala suabeagoa zelako, baina profesionaletan hasi ginenean, aurreneko urtean edo, ezin nuela. Gero urtebetera edo, lau eta erdikoan lehen aldiz irabazi nion eta hasi nintzen pixka bat goraka. Fisikoki asko hobetu dut, noski; urte dezente daramatzat urte guztian lehiatuz, udan deskantsurik gabe».

Lesio larririk gabe, pilotaren gazitik baino, gozotik bizitzea tokatu zaio, baina porrotetatik ikasten ere jakin izan du amezketarrak, buruz ere bere adinari ez dagokion heldutasun bat erakutsiz. Hor ikusten du Jokin Altunak berak, hamarkada honetan emandako jauzirik handiena. «Barrutik eramaten dut nik ere nirea, baina lasaiagoa naiz. Onerako diren emozioek askotan kalte egiten dizute eta alderantziz ere bai. Lehen emozionalagoa nintzen, gauzek eragin egiten zidaten, asko; gauza onak niretzat kristoren ‘txutea’ izaten ziren, baina emaitza txarren bat edo kolperen bat hartzen nuenean, ba oso behera egiten nuen. Iruditzen zait askoz kirolari orekatuagoa naizela orain, eta nire burua ere gehiago ezagutzen dut, hobeto sentitzen naiz, gauza askotan hobetu dut eta nik uste, denok bezala, 38 urterekin ere, ez dut uste 28koa izango naizenik».

Irujo idoloa ordezkatu behar

Prozesu hori, gainera, ezinbestean, azkar xamar egin behar izan zuen, bere umeetako idoloa izan zen Juan Martinez de Irujoren agur prezipitatuak enpresaren pisua bizkar gainean eramatera behartu baitzuen. Hasiberria zenetik, Iberokoaren, Titinen, Barriolaren edo Xalaren lekua arrakastaz bete du, kantxa barruan zein kanpoan. Izan ere, frontoietan emandako erakustaldiez harago, ondo barneratu du enpresako izarra izateak gainerako kideekiko ardurak izatea ere badakarrela.

Baina, batez ere, kantxan da eta egiten gaitu zoriontsu Jokin Altunak. Amezketarra tartean denean, ia beti merezi du sarrera bat ordaintzeak, beti uzten duelako bideotekarako aleren bat, urrutiegira joan  gabe, aurreko igandean Mallabian jotako bi-paretakoa bezala.