NAIZ

Karmelo ikastetxea itxi eta langile guztiak kaleratzeko EEEa aurkeztu dute

Donostiako Karmelo ikastexean Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aurkeztu du enpresak zentroa ixteko eta 42 langileak kaleratzeko. Scientia School enpresak ikastetxea erosi eta bost urtera hau ixteko asmoa azaldu zuen. Ikasturte amaierarekin egitasmoa gauzatu du.

Karmelo ikastetxeko langileek maiatzean Donostian egindako mobilizazio bat.
Karmelo ikastetxeko langileek maiatzean Donostian egindako mobilizazio bat. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako Scientia Karmelo ikastetxean kaleratze kolektibo prozesuari hasiera emango diotela jakinarazi dietela zabaldu du ELA sindikatuak. Horren arabera, Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) jarri da martxan bertan lan egiten duten 42 langileak kaleratzeko «inolako irtenbiderik planteatu gabe».

Scientia School enpresak orain bost urte erosi zuen Donostiako Karmelo ikastetxea. Bost urte pasa ez zirenean, urtarrilean enpresak adierazi zuen ikasturtea amaitu eta ikastetxea ixteko asmoa zuela. Hori gauzatu du astelehen honetan.

«Scientia School enpresaren asmoak ezagutu bezain pronto, lanpostuen eta lan baldintzen aldeko borrokari ekin zioten ikastetxeko langileek. Gaur 32. greba eguna egin dute eta hurrengo asteei begira ere borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute», nabarmendu du ELAk.

Sindikatu honek azaldu duenez, enpresak EEEa aurkeztu badu ere «oraindik ez du adierazi Karmeloko langileentzat zer planteatzen duen».

«Gardentasun falta»

«Gardentasun falta horren barruan ere langileen ordezkariek adierazi dute enpresak ez duela eskatutako informazio asko igorri eta informazio gabezia salatuz auzitara jo dutela», gaineratu du ELAk.

«Enplegu Erregulazio Espediente honen aurrean lanpostuak defendatzeko asmoan berresten dira langileak eta haien ordezkariak. Bide horretan, egoerarentzat konponbideak aldarrikatzen jarraituko dute langileek, Scientia School enpresari zein esku-hartze zuzena duten hainbat administrazio eta instituziori, hala nola: Hezkuntza Sailari, Kristau Eskola patronalari edota Donostiako Udalari», nabarmendu du ELAk.