Alaia Sierra

Langile publikoek «hitzetik ekintzara joatea» eskatu diete erakundeei, «hemen erabaki» dezaten

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egin dute Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean langile publikoen baldintzei eta soldatei buruzko erabakiak «hemen hartzea» eskatuz. Espainiar Gobernuak langile hauen soldatan %2,5eko igoera onartu du astearte honetan.

Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzan sektore publikoko sindikatuek egindako mobilizazioa.
Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzan sektore publikoko sindikatuek egindako mobilizazioa. (Endika PORTILLO | FOKU)

Zerbitzu publikoetako langileek soldatari eta lan baldintzei buruzko erabakiak «hemen hartzeko» eta «hitzetik ekintzara pasa» daitezen eskatu diete Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei, udalei, osatu berri den Lakuako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari.

Aldarrikapena elkarretaratze batekin eraman dute astearte honetan Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean ELA, LAB CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek. Izan ere, astearte honetan bertan onartu du espainiar Gobernuak langile publikoentzat %2,5eko soldata igoera.

Azaldu dutenez, Estatuaren erabaki honek ekarriko duena «langile publikoen erosteko ahalmenean galera ezartzea» da. Zerbitzu publikoetako ELA sindikatuko idazkari nagusia den Igor Eizagirrek hedabideei emandako adierazpenetan salatu duenez, eros ahalmenaren %6ko galera ekarriko du.

Horrekin batera, Hego Euskal Herriko erakundeek «Estatuaren sukurtsal» izaten eta «Madrili men egiten jarraitu ezin» dutela adierazi du Eizagirrek, horrela baldintzak hobetzea eta, ondorioz, zerbitzuen kalitatea bera hobetzea lortuko delakoan.

LAB sindikatuaren izenean, Irati Tobarrek «Madrilgo inposizioak» ez dituztela onartuko argi utzu du Gobernu espainolaren ordezkaritzaren aurrean. Azken urteotan ardurak Gobernu espainolari uzten «oso eroso» egon den EAJri eta «ardura daukaten» beste alderdiei «langileoi dagokigun soldata eta eros ahalmena benetan hemen negoziatu eta adosteko» exijitu die, «borondate politikoen kontua» dela gaineratuz.

«Bigarren mailakoak»

Orain dela bi aste Lakuako Gobernuak ertzainen soldata igotzeko 6,3 milioi euro bideratu zituela gogora ekarri du LABeko ordezkariak, adibide gisa. Ildo horretan «benetan esentzialak garen langile horiek, sektore desberdinetakoak, ea bigarren mailakoak garen» galdetu die instituzioei.

Horrekin, Lakuako Gobernu berria osatzeko eztabaidetan «zerbitzu publikoez asko hitz egin» dela esan du, baina «hitzak egon dira baina ekintza gutxi», deitoratu du. Mobilizazioaren bitartez instituzioen partetik «ekintza gehiago, zerbitzu publikoak indartzea, pribatizazioari uztea eta langileoi dagozkigun soldatak eta lan baldintzak hemen negoziatu eta adostea» lortuko dutela adierazi du Tobarrek.

CCOOko arlo publikoko koordinatzaile Iñigo Garduñok, aldiz, Madrilen %2,5eko igoera «ondo» dagoela esan du baina «nahi duguna da gure esparruetan gure lan baldintzak negoziatzea». Soldata igoeraz gain, birjarpen tasa ere EAEn erabakitzearen alde egin du, eta Lakuako Gobernuari «azken urteotan izan duen murrizketen ildoa alde batera utzi eta gure zerbitzu publikoak indartu ditzan» eskatu dio.