NAIZ

Unbela espazioa sortu da Gasteizen, eraldaketa pertsonal eta kolektiborako gune terapeutikoa

Unbela, Gasteizko Salburua auzoan kokatuta dagoen espazio berria, gorputza zein sexualitatearen lanketan eta laguntza terapeutikoan begirada kritiko eta feminista eraikitzean espezializatuta dago. Nora Ziarsolo Garateren eta Itziar Amestoy Alonsoren proiektua da.

Itziar Amestoy eta Nora Ziarsolo dira Unbela espazioaren bultzatzaileak.
Itziar Amestoy eta Nora Ziarsolo dira Unbela espazioaren bultzatzaileak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Unbelak ateak ireki ditu Gasteizko Salburua auzoan, eraldaketa pertsonala eta kolektiboa sustatzen duen gune terapeutiko bat eskaintzeko. Nora Ziarsolo Garatek eta Itziar Amestoy Alonsok bultzatutako ekimen honek gorputzean eta sexualitatean lanketa zehatza eskaintzea du helburu, baita laguntza terapeutikoan begirada kritiko eta feminista txertatzea ere.

Espazio honek, alde batetik, formakuntza eta talde prozesuak eskainiko ditu, eta, bestetik, jarduera puntualak. Ziarsolok eta Amestoyk azaldu dutenaren arabera, hemen eskainiko diren proposamenek baliabideak eta begiradak zabaltzen jarraitzeko helburua dute beren lan-ikuspegiarekin bat datozen gaietan: gorputza eta sexualitatea, erantzukizun afektiboa eta harremanak, eta laguntza terapeutikoaren begirada kritikoa.

Unbela proiektuak lau zutabe ditu: gestaltikoa, somatikoa, feminista eta Amalurraren ikuspegia. «Ikuspegi gestaltikoak pertsonok gure bizitzak autoerregulatzeko ditugun baliabideetan eta gaitasunetan konfiantza sakona eta sendoa du. Begirada somatikoak gorputza funtsezko zutabetzat hartzen du eraldaketa prozesuan eta, aldi berean, traumarekiko sentikorra da eta gorputzaren beraren erritmoek gidatzen dute. Zutabe feministak banakako ondoezaren sustrai estrukturalarekiko sentikorra den laguntza terapeutikoaren aldeko apustua egiten du. Azkenik, laugarren zutabea, Amalurraren ikuspegia, sustraira, amalurrera, bere erritmo eta zikloetara eta bere jakinduria amaigabera itzultzeko proposamena da; bizi garen lurralde hauen mitologiara eta kosmobisio honen altxor guztiak gordetzen dituen hizkuntzara itzultzeko», azaldu dute.

2024-2025 ikasturteari begira

Datorren ikasturterako Unbelak hiru talde prozesu eskainiko ditu. Lehenik eta behin, ‘Llena de Mi’ prozesua, emakumeentzako urte osoko proposamena, «zure gorputza eta sexualitatearen bitartez, zurekin duzun binkulo sakratua berreskuratzeko prozesua», Ziarsolok definitu duenez.

Bestalde, 2024ko udazkenean, sexualitate feministako prozesu bat ere emango dute, «gure sexualitatea modu askean eta kontzientean esploratzera gonbidatzen gaituena, sexualitatea gorputzarekin lotuta askoz gozagarriagoa eta osoagoa izan dadin».

Azkenik, urteko azken hiruhilekoan online prestakuntza prozesu bat eskainiko du Unbelak, hausnarketarako eta elkarrizketarako prestakuntza prozesua bidelaguntza terapeutikoaren eremuan ikuspegi feminista eta kritikoa txertatzeko helburuarekin.