NAIZ

Altxalili kolektiboaren lana saritu eta Bilbao Bizkaia Harro egitasmoa gaitzetsi du EHGAMek

Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak (EHGAM) Urrezko Hirukiarekin saritu du Altxalili kolektiboa. Sexu askapenaren bidean oztopo izan dela eta, ordea, Trapuzko Espartina Bilbao Bizkaia Harro egitasmoari eman diote aurten.

Altxalili kolektiboari eman diote Urrezko Hirukia.
Altxalili kolektiboari eman diote Urrezko Hirukia. (Maialen Andres | FOKU)

Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak (EHGAM) Urrezko Hirukia eman dio Altxalili kolektiboari eta Trapuzko Espartina Bilbao Bizkaia Harro egitasmoari. EHGAMek hamarkadak daramatza bi sariak banatzen, sexu askapenaren inguruan nabarmendu den pertsona, ekimen edo erakundeei eta sexu askapenaren bidean oztopo izan direnei, hurrenez hurren.

Aurtengo sari banaketa berezia izan da, duela hilabete gutxi banatu baitzuten iazko Urrezko Hirukia. Izan ere, apirileko Bollotopaketak baliatu zituzten 1983an Euskadiko Lesbianen topaketak antolatu zituzten militanteei aitortza egiteko.

Gaur ezagutarazi dituzte aurtengo sarituak, Donostian egin duten agerraldian. Horrela, Altxalili kolektiboaren lana saritu dute Urrezko Hirukiarekin, «LGTBI eta queer errealitateei Ipar Euskal Herriko barnealdean ikusgarritasuna eta erreferentzialtasuna emateko egin duen lan apartagatik». EHGAMek azaldu duenez, iazko urtarrilean Atharratzeko Prefosta elkartearen ostatuan abiatu zenetik, hamaika emanaldi egin ditu Altxalili kabaretak Euskal Herrian barrena, eta «zuzenean ikusi dituenak badaki badirela nahikoa motibo haien ikuskizunak saritzeko: kabaretaren izpiritu queer eta irreberentea modu propio eta originalean lotu dute euskal folklorearekin eta euskaraz».

Euskalduntasun queer baten imaginarioak berritzen egiten duten lan bikaina goraipatu nahi izan du elkarteak. Halaber, Iparraldeko barnealdean identitate disidenteen erreferenteak sortzeko sorreratik egin duten lana aitortu diote Altxaliliri, ibilbide laburrean erreferentzialtasuna lortuz. Era berean, txalotu dute Prefosta elkarteak jasandako erasoari zein ultraeskuinaren gorakadari erantzuteko Altxalilik izan duen «irmotasuna eta irudimena».

Trapuzko Espartina

Aurtengo Trapuzko Espartina, ordea, Bilbao Bizkaia Harro egitasmoari eman diote, ekimena sexu askapenaren bidean oztopo gisa seinalatuz. «Lehenbizi Pride izenarekin eta gero Bilbao Bizkaia Harro izenarekin antolatzen den ekitaldiak zerikusi gutxi du LGTBI+ mugimenduak Bilbon eta Bizkaian gaur egun dituen behar, arazo eta erreibindikazio errealekin», adierazi dute. Izan ere, EHGAMek argi dauka Lakuako Gobernuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren diru publiko «mordoa» jasotzen duen ekimenaren helburua «erdi eta goi mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatzea dela».

Aukera baliatu dute «instituzio eta alderdi neoliberalek» LGTBIQ+ mugimenduaz eta aldarrikapenez egiten duten erabilera gaitzesteko, ekainaren 28a «merkantilizatzen» dutela eta. «Mota askotako hipokrisiak» ere salatu nahi izan dituzte, eta adierazi dute ez dutela onartzen «gure eskubideak erabiltzea ez negozioa egiteko, ez administrazioek beren burua garbitzeko, eta zer esanik ez, genozidio bat babesteko, Palestinan Israel egiten ari den bezala».