NAIZ

Zacchelloren desagerpena salatu eta matxismoari erantzuteko protokoloa exijitu dute Urruñan

Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du ostiral honetan Urruñan Laure Zacchelloren desagerpena salatzeko. Bildutakoek protokolo orokor bat eskatu diote Euskal Elkargoari indarkeria matxistari aurre egiteko.

Urruñan egindako mobiliazioa.
Urruñan egindako mobiliazioa. (Oihana DAGUERRE )

Joan den astean desagertu zen Laure Zacchello, 43 urteko Urruñako bizilaguna. Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek ostegun honetan azaldu zuenez, «hainbat elementuk bat egiten dute bikotekidea nahita eragindako hilketa baten egile gisa izendatzeko»; gaur goizean, 150 poliziak baino gehiagok emakumearen etxea eta inguruko landak miatu dituzte.

Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du ostiral honetan desagerpena salatu eta emakumeek pairatzen duten indarkeria matxistaren aurka agertzeko: «Argi eta garbi adierazi behar da: emakumeek zapalkuntza sistemiko bat pairatzen dute gizonengandik».

Gogoratu dutenez, maiatzetik hona feminizidio bat izan da Donibane Lohizunen, Kanboko emakume batek talde bortxaketa pairatu du Capbretonen eta Hazparneko bestetan eraso sexista bat izan da. Orain emakume bat desagertu da, eta eta prokuradorearen arabera, «hilik dela pentsarazten duten zantzu larriak» daude.

«Lau kasu horietan fokua ezarri du prentsak, baina, genero bortizkeria egunerokoa dela badakigu», gaineratu du mugimendu feministak, eta «kasuz kasu» erakundeen gabeziak agertzen direla ohartarazi du.

Donibaneko feminizidioaren kasuan emakumearen egoera ezaguna zela adierazi du: «Sistemak huts» egin zuen. «Justizia ereduak ez du emakume hori babestu, jadaneko aitzinetik ezaguna baitzuen bere bikotekidearengandik jasaten zuen jazarpena», azpimarratu du.

Protokolo orokorra

Mugimendu feministaren iritziz, gertakari larri horrek agerian utzi du egungo mekanismoak ez direla egokiak; horregatik, Justiziaren gabezien aurrean «Euskal Elkargoak bere ardurak» eta «neurri konkretuak» hartu behar dituela uste du, «erantzun publiko eta instituzionalaz gain, biktimak babesteko, beren eskubideak bermatzeko eta prozesu osoan zehar laguntzeko».

«Gure lurraldean gertatzen diren bortizkeriei erantzuteko protokolo orokor bat sortu behar du», emakumeen eskubideak defendatzeko erakunde publiko bat sortuz eta bortizkeria sexistaren kontrako sentsibilizazio kanpainak eginez, «gizarte talde guziei egokituak eta mugimendu feministarekin adostuak».

Zerrendatu dutenez, «derrigorrezko formakuntzak eskaini behar zaizkie elkarteei: besta komiteak, kirol elkarteak... denak formatuak izan behar dira, bai protokoloak plantan ezartzeko, baita erantzun soziala antolatzeko», gaineratu dute, eta hautetsien laguntza eskatu  bortizkeria sexistarekin amaitzeko.

Izan ere, «bortizkeria sexista ez da lehen lerroko gai politikoa. Egun den bortizkeria masibo eta larriena bada ere, erakunde publikoek eta bere ordezkariek oro har isiltasunarekin erantzun diote krimen honi. Horrek adierazten du emazteen kontrako bortizkeria ez dela lehentasunezko arazo publiko bat», erantsi dute.

«Eragileei helarazten diegu ere: besta komiteak, elkarteak, enpresak, protokoloak martxan ezar itzazue, zuen ardurak har itzazue. Herritarrei: erantzun sozialean parte har ezazue. Eta emazte guziei: antolatu, babestu elkar, autodefentsa feministaren bidez», nabarmendu du.