NAIZ

Asun Garikanok gazteengan jarri du arreta euskaltzain oso izendatzeko sarrera-hitzaldian

Asun Garikano euskaltzainak larunbat honetan hartu du euskaltzain oso kargua, eta bere sarrera hitzaldian Euskaltzaindiak abian jarri behar duen ‘Noeren ontzia’ izan du aipagai. «Euskarazko kultura produktuak gazteen eskuetara eraman behar ditugu», adierazi du.

Asun Garikano bere sarrera-hitzaldian, Gasteizen.
Asun Garikano bere sarrera-hitzaldian, Gasteizen. (Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen pasa den irailean Asun Garikano, larunbat honetan sarrera-hitzaldia irakurri du Gasteizko Goiuri jauregian eta karguaren zina egin du. ‘Mendi zelaiak estali baino lehen’ testua irakurri du, eta hitzaldiaren muina Euskaltzaindiak aste honetan online argitaratu duen ‘Noeren ontzia’ egitasmoa izan da. Andres Alberdi euskaltzain osoak eman dio erantzuna hitzaldiari.

Garikanok ‘Noeren ontzia’ «euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen proiektua» dela gogorarazi du eta Euskaltzaindiak gazteen artean den euskal kultura-ondarearen gaineko ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta sortu dela gaineratu du; «euskal kulturaren itsasoan zerhar ibiltzeko tresna digitala da».

Izendatu berri duten euskaltzain osoak eta egitasmoaren koordinatzaileak belaunaldien arteko transmisioa ezinbestekoa dela azpimarratu du: «Gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura-produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara. Gure literaturaren ondarea, eta kultura-ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza-komunitatearen eskura».

Irakurzaletasuna bultzatuz

‘Noeren ontziak’ beste helburu bat ere baduela gaineratu du, izan ere, azken urteetako PISA eta PIRLS probetan irakurmenaren atalean emaitza kaskarrak izan direla kontuan hartuta Lakuako Hezkuntza Sailak ‘Euskadiko Irakurketa Plana’ argitaratu zuen Heziberri 2020 hezkuntza-eredu pedagokikoaren barruan.

Baina bertan hutsune bat zegoela uste du Garikanok: «Bertan, ‘askotariko testuak’ nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz batera, ikastetxe bakoitzak bere irakurketa-plana diseinatzeko edo eguneratzeko pausoak zehazten ziren. Irakurgunea webgunea ere zabaldu zen, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, ordea, behar-beharrezkoena falta zen: ‘askotariko testu’ horiek ez ziren inon ageri. Falta zen, hain zuzen ere, Noeren ontzian jasotzen ari garena: estilo, erregistro, tonu desberdinetako testuak».

Testuez gain, gaiarekin lotutako ikonografiak ere garrantzia berezia du proiektu berrian Garikanoren arabera, grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak... «Behin entzun nion irakasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, ‘erreminta-kutxa’ bat behar zutela, era guztietako tresnak izango zituena: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta abar ere. Ideia horrekin bat eginez, Noeren ontziko testu asko multimodalak izango dira», kontatu du.

Proiektuaren garapena

Andres Alberdi euskaltzain osoak ‘Noeren ontziaren uberaren arrastoan’ izenburupean egindako hitzaldiarekin erantzun dion Garikanoren sarrera-hitzaldiari.  «Ilusioz hartu da proiektua, baina ezin ahaztu liteke eskolak erronka handia duela; are gehiago azken amets eta helmuga, ikasle euskaldun osoak eta euskaltzaleak ateratzea bada», azaldu du Alberdik.

Ekitaldiaren amaieran, euskaltzain berriak karguaren zina egon du eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu euskaltzainburuaren eskutik.