Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Egoitz Orbegozoren memoriak indarra eman die traineruei eta Urdaibaik aprobetxatu du gehiena

Bermeotarrak, hirugarren txandatik eta jakinda aurkari nagusienek zer egin duten aurreko txandetan, azkarrenak izan dira Coruñako uretan, Hondarribiari 12 segundo ateraz. Denek izan dute Ioritz Orbegozo Donostiarrako arraunlariaren anaia buruan, egun hauetan zendu baita.

Bermeo Urdaibaiko arraunlariak eta patroia, garaipen bat ospatzen.
Bermeo Urdaibaiko arraunlariak eta patroia, garaipen bat ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Coruñako urek beti ekartzen dute ezusteko edo aipatzekoa den zerbait. Larunbat honetan Eusko Label Ligari eman zaio hasiera Galiziako uretan, iaz bezala –baina iazko lehenengo jardunaldiak bertan behera geratu behar izan zuen itsasoaren egoera txarragatik–. Baina aurtengo hasiera ezuste triste batekin iritsi da eta traineru guztiek izan dute buruan.

Izan ere, azken egunetan Ioritz Orbegozo Donostiarra taldeko anai txikia, Egoitz, 35 urterekin zendu da; eta ez bakarrik Donostiarrak, besteek ere nolabait garaipena eskaini nahi zioten arraunlaria ere izandako gazteari, senideei eta, nola ez, Ioritzi.

Emozioa nabarmena izan da aurreko egunetan, eta Coruñan ere antzeman da. Arraunak askotan "pike" ugari sortzen ditu taldeen artean, bai uretan eta baita kanpoan ere, baina gaurkoan denak elkartu egin dira helburu bakarrarekin: garaipena Egoitz Orbegozori eskaintzea.

Hortan, Bermeo Urdaibai izan da lortu ahal izan duena, era zuzenean behintzat. Bizkaitarrak azkarrenak izan dira Coruñan, azken txandan aritu ostean eta aurreko txandetan faboritoek egindako denborak jakinda. Ordurarte, Hondarribiak markarik onena eginda zuen, eta Urdaibairi kosta egin zaio denbora hori haustea.

Pentsa, egia da bere txandako onena izan zela nabarmen, baina lehenengo ziabogan 5:06ko denbora egin du Urdaibaik, Hondarribiak baino 4 segundo gehiago. Bigarrenera itxoin behar izan da gauzak aldatzeko. Izan ere, haizearen laguntzaz, segundo bat azkarragoa izan da "Bou Bizkaia" eta hortik amaiera arte aldeak pixkatxo bat handituz aritu da, Ligako lehen bandera eta lidertza lortuz.

Hondarribia, oso azkar; Donostiarra, amorrazioz

Urdaibairi kosta egin zaio Hondarribiaren denbora hobetzea, berdeek "erlojupeko" bikaina egin baitute lehen txandan Kaiku, Lekittarra eta oso lehiakor izan den San Pedrorekin batera. Hasieratik ikusi da "Ama Guadalupekoa" besteak baino puntu bat gehiagorago dagoela.

Hori bai, Ioseba Amunarrizen trainerua aurretik joanda ere, beste hirurak oso berdintsu aritu dira maniobretan, denbora beretsuetan. Lekittarra eta San Pedro oso gertu jarri dira bigarren luzean, baina ez zegoen argi nola amaituko zen.

Azken luzean, Hondarribia estriborrera joan da, lehen kalera, eta olatu onen artean ordurarteko denbora onena markatu du.

Bigarren txandan, ikuskizunaz gozatu ahal izan dute ikusleek. Bertan aritu dira Donostiarra, Zierbena, Orio eta Cabo. Begirada guztiak "Torrekua II.a" traineruan zeuden, gaur "Egoitz Orbegozo" izena zeramana.

Zierbena, iazko garailea Coruñan, izan da lidertza hartzen lehena. Baina Donostiarra eta Orio gerturatu zaie. Are gehiago, Arkaitz Diaz patroiaren gidaritzapean, aurretik ipini da bigarren ziaboga aurretik. Eta hirugarren maniobran ere aurretik ziren donostiarrak.

Orduan beste helburu bat zuten: Hondarribiak egindako marka haustea. Donostiarrak indar extra bat zuen, zerutik eroria, eta aprobetxatu egin du Zierbena eta Orio euren artean gerturatzen ari zirela, olatu ona hartu eta Hondarribiaren 3 segundora ipintzeko.

Azken metroetan, ordea, ezin izan dio erritmoari eutsi eta Hondarribiarengandik 2.26ra geratu da. Hori bai, txapela kentzeko modukoa izan da egin duten estropada astean zehar gertaturikoa kontuan izanda. Zorionik beroena ematen dizue kronika hau idazten duenak eta besarkada goxo eta estu bat Ioritz eta senide guztiei.

Sailkapena:

1. Urdaibai 20:14.24
2. Hondarribia 20:26.10
3. Donostiarra 20:28.36
4. Zierbena 20:36.72
5. Orio 20:42.18
6. Getaria 20:45.16
7. Lekittarra 20:53.92
8. Ondarroa 20:54.32
9. Kaiku 20:56.84
10. Cabo 20:58.92
11. San Pedro 20:59.88
12. Bueu 21:16.74

KAE1: San Juanen bigarren garaipena

Bigarren mailan, Donibane Lohizunen jokaturiko estropadan, San Juanek aurtengo bigarren garaipena lortu du, lidertza sendotuz. "Erreka" ontziak 8 segundo atera dizkio Zarautzi eta 14 Arkoteri. Pedreña, Lapurdi, Orio B, Hondarribia B, Deustu, Zumaia, Camargo, Portugalete eta Santurtzik jarraitu diete sailkapenean.

Bi estropada jokatu eta gero, KAE1 Ligako liderra da San Juan, 24 punturekin, eta bere atzetik daude Lapurdi, Arkote eta Zarautz, hirurak 18 punturekin berdinduta, Zumaia (15), Pedreña (14), Santurtzi (10), Orio B (9) eta Camargo, Deustu eta Hondarribia B, hauek 6 punturekin.

KAE2: Astillero, lider bakarka

Gizonen hirugarren mailan, Astillerok irabazi du Elantxobeko XXXVI estropada, lider bakarka jarriz gainera. Kantabriarrek Ligako bigarren garaipena erdietsi dute Bizkaiko uretan, 15 segundogatik Donostiarra B-ri gailenduz eta Busturialdea baino 36 segundo azkarragoa izanda. Castreña, Lutxana, Santoña eta Hibaika ontziek -azken hau kanporatua izan da, helmugan bere kaletik ez sartzeagatik– osatu dute estropadako sailkapena.

Sailkapen nagusiari dagokionez, hiru estropada lehiatu ostean, Astillero da liderra (19 puntu), eta bere atzetik daude Donostiarra B (18), Castreña (15), Busturialdea (12), Hibaika (8), Lutxana (7) eta Santoña (4).