Jon Ormazabal

Euskal selekzioaren sua hauspotu du pilotari multzo batek Frantzia eta Espainiakoari uko eginda

Aurretik ere pausu bera emandako beste pilotari, epaile eta pilotazale askoren babesean egin dute publiko euren erabakia Hendaiako Beltzenia pilotalekuan.

Frantzia eta Espainiako selekzioei uko egin dieten pilotariak, atzean babesa ematera joan direnak dituztela.
Frantzia eta Espainiako selekzioei uko egin dieten pilotariak, atzean babesa ematera joan direnak dituztela. (Guillaume FAUVEAU)

Pilotako Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren bidea blokeatuta dagoela ulertuta eta su hori nolabait hauspotu asmoz, Bidasoaren bi aldeetako zenbait pilotarik Espainia eta Frantziako selekzioei uko egin diotela jakinarazi dute gaur Hendaia Beltzenia pilotalekuan, haiei babesa eta elkartasuna ematera gerturatutako pilotari eta pilotazaleen aurrean.

Iazko Biarritzekoaren ostean, beste Munduko Euskal Pilota Txapelketa bat jokatuko da Euskal Herrian aurten, 22 urtez azpikoa Iruñean, eta Lapurdikoan bezala, Nafarroakoan ere euskal pilotariak Espainia edo Frantziako selekzioarekin parte hartzera behartuak izango dira, euskal selekzioak ofiziala izan gabe jarraitzen baitu, iazko udazkenean Mexikoko ahalegin antzuaren ostean.

Egoera horrekin konforme ez eta gaur Hendaian bere erabakia publiko egin duen pilotari taldeak uko egin dio Frantzia eta Espainiarekin lehiatzeari, honek euren ibilbidean ekar diezazkieken traba eta oztopoak bere eginda. Pausu hau ematerakoan ez dira bakarrik egon eta haiei sustengua ematera bildutako pilotari eta pilotazaleez gain, aurretik ere erabaki bera hartutako beste kide batzuk izan dituzte aldamenean. Ukoa egin duten pilotariek ‘Ez Frantzia, ez Espainia, gurea Euskal Herrikoa da!’ leloa zeraman pankarta eutsi dute eta atzean babesa ematera joandakoak jarri dira, ‘Ofizialtasuna’ aldarrikatzen duen pankartaren ondoan.

Ekitaldiari hasiera emateko, bi dantzarik aurreskua dantzatu diete erabakiaren berri eman duten pilotari gazteei –zerrendarik eta izenik ez ematea adostua zuten– eta jarraian Amaia Larralde, uko egin dion pilotarietako batek, eta Ekhi Ziarrusta, pausu hau aurretik emana zuenetako batek, bost puntutako komunikatua irakurri dute.

«Gaur egun gure herriari, Euskal Herriari ez zaio aitortzen selekzio propioa izateko duen eskubide kolektiboa. Horren ondorioz, orohar, euskal pilotariok nazioarteko txapelketa ofizialetan ezin dugu parte hartu Euskal Herriko selekzioarekin eta gainera, disziplina federatiboa dela eta, txapelketa horietan parte hartzekotan, Euskal Herriak bereak sentitzen ez dituen koloreekin egin beharko genuke, hau da, Espainia eta Frantzia ordezkatuz», dio lehen puntuak.

Era berean, «gu, euskal pilotariak garenez, gure nazioaren koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu nahi dugula aitortzen dugu. Beraz, Euskal Herriko selekzioak nazioartean eta txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubide kolektiboan eta indibidualean oinarrituta, zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu».

«Gu ez gara ez Frantziarrak eta ezta Espainiarrak sentitzen, euskal herritarrak baizik. Ondorioz, ekarpen pertsonal gisa aipatu, bi selekzio horiei uko egitea erabaki dugula jakinarazten dizuegu», azaldu diete Hendaiako Beltzenia pilotalekuan bildutakoei eta, bide batez, Euskal Herri osoari.

Eskertza eta lanerako deia

Jende hori izan dute gogoan laugarren puntu horretan. «Eskertzen dugu gure erabakia errespetatu eta babesa ematera gaur hona inguratu zareten guztioi. Harro sentitzen gara zuen presentziarekin».

Eta amaitzeko, lanean jarraitzeko deia luzatu diete ofizialtasunaren bidean euren aletxoa ipini dezaketen guztiei. «Azkenik, dei zabala egiten dugu hemendik, pilota elkarte, federazio, pilotari, epaile eta euskal pilota maite duen orori elkarlanean eman ditzagun urratsak euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik amesten duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko».

Balorazio baikorra

Jarraian, Mikel Larralde eta Martxel Toledok, ekimena antolatzen ibili direnetako bik, ekitaldiaren balorazioa egin dute. «Pentsatzen genuen jendea etorriko zela baina azken egunetan izan ditugu oztopo batzuk, gehienbat federazio aldetik, Euskadikoa eta harekin Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldekoak, gure gaia ez zutela sustengatzen esan digute, oztopo bat izan gintezkeelako Euskadikoa Nazioartekoan onartzeko bidean. Batez ere Iparraldekoak jarri ditu oztopoak, ezetzaz harago, klub guztietara bere erantzun ezkorra zabaldu baitu. Helburua, pentsatzen dut, guri kalte  egitea zela baina gaur borobil atera zaigu, oso pozik gaude eta eskerrik beroenak etorri diren guztiei», adierazi du hendaiarrak.

Martxel Toledok, bere aldetik, gaineratu du oso baikorrak direla. «Jendeak erantzun du, baina hemen ez da ezer bukatzen, hasi egiten da. Aspaldiko borroka bat da 90eko Munduko txapelketan Kuban euskal selekzio bezala desfilean izan ginen, handik hona ez da ezer egin baina  hainbat urtetako borroka horrek emango du fruitua, baina horretarako inplikazioa eskatzen dugu. Batez ere instituzioei, pilota federazioei, elkarteei, alderdiei...Azken batean arazoa ez da juridikoa, baizik eta politikoa. Alde horretatik borrokatzen jarraitu behar dugu eta, aipatu bezala, denok batera egiten badugu, epe labur batean lortzea amets egiten dugu».

EH Bildu eta EH Bairen babesa

Lehen babes politikoak laster heldu dira eta EH Bilduk eta EH Baik babesa eta elkartasuna adierazi diete pilotari horiei, eta bat egin dute euren aldarrikapenekin, uste baitute «Euskal Herria nazioa dela eta eskubidea duela nazioarteko lehiaketa guztietan bere selekzioarekin ordezkatua izateko».

Azaldu dutenez, «dagoeneko 17 hilabete igaro dira Espainiako Estatuan Kirolaren Legea onartu zenetik. EAJ pozik agertu zen orduan lege aldaketa horrek euskal pilota eta surf selekzioek nazioarteko txapelketa guztietan ofizialki parte hartzeko aukera ematen zuelako. Euskal pilotaren kasuan, Euskadiko Pilota Federazioak urratsak eman ditu Nazioarteko Federazioan, baina Espainiako eta Frantziako federazioen oztopoekin topo egin du, eta horrek eragotzi egin du euskal selekzioaren ofizialtasuna errealitate bihurtzea».

Hori guztia dela eta, EH Bilduk eta EH Baik «konpromisoa hartzen dute arlo guztietan lan egiten jarraitzeko, euskal herritarren ametsa egia bihurtzeko eta Euskal Herriko kirol selekzioak nazioarteko lehiaketetan ofizialki lehiatzea lortzeko. Eskubide hori nazio eta herri gisa dagokigu, eta euskal herritarren aspaldiko aldarrikapena da».