Jon Ormazabal

Hasierako nagiak gaindituta, Nafarroa Arenara itzultzeko pausu bakarrera da Unai Laso

3-0 aurreratu bada ere, Erik Jakak ez du bere jokoak eskatzen dion zehaztasunik izan errematean eta ezin izango du iaz jokatu zuen finala errepikatu.

Unai Lasok partida ona jokatu du eta Nafarroa Arenan egon nahi du.
Unai Lasok partida ona jokatu du eta Nafarroa Arenan egon nahi du. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Nafarroa Arena pilotaleku berezia da Unai Lasorentzat, bertan lortu zuen bere ibilbideko txapel profesional bakarra –2022ko Buruz Burukoa Ezkurdiaren aurka– eta han jokatuko den Sanferminetako kaiolako lehen finalean egotetik pausu bakarrera dago erroibartarra, gaur Sestaon Erik Jakari nagusitasunez 22-12 irabazita. Atsedenerako asti gehiegirik gabe, igandean Jon Ander Peña garaitu beharko du Elgetan uztailaren 7ko finalean egoteko.

Udako trotera eta berora –Sestaoko Las Llanas pilotalekuan hezetasun handia egon da– Unai Lasori kosta egin zaio partidan sartzea, sakearekin ez da erabat eraginkor aritu eta kaiolari neurriak behar bezala hartu ezinik, kantxan deseroso aritu da aurrelari nafarra, baina azkar xamar lortu du nagiak kentzea eta markagailuan lehen aldiz 4-5 aurreratu denetik erabat nagusitu zaio bere mailaz behera aritu den Erik Jakari.

Lizartzarra ideiak argi zituela heldu da kantxara, arriskuak hartuz oldarkor aritzeko hautua egin du gipuzkoarrak, baina jokatzeko era horrek gaur izan ez duen zehaztasuna eskatzen du. Lehen tantoetan asmatu du Jakak, baina Lasok bere jokoan gora egin ahala eraginkorra galdu du Jakak, tarteka aukera-aukerako erremateak ere alperrik galduz eta kosta egin zaio jokoaren ekimena izatea.

Jaka, nahi eta ezin

Laso ere pixkanaka Sestaoko lur berriaren boteari neurria hobeto hartzen joan zaio eta lehen pilotakadarekin ez bazen –denera lau tanto sartu dizkio zuzenean, hauetariko bi zabalera aterata– sake-errematean min handia egin dio eta lehen atsedenaldi luzerako zazpu tantotako aldea atera dio (5-12).

Eta partidaren bigarren erdiko gidoia ere antzera xamar joan da, Jakari asko kosta baitzaio bere sakearekin tantoak egitea eta lehen pilotakadarekin asmatzea funtsezkoa zaio edonori, baina batez ere lizartzarrari, are gehiago lehen erdian pilatutako desabantailarekin. Unai Lasok berean jarraitu du eta gertuago du Nafarroa Arenako azken helmuga.

 

FITXA TEKNIKOA

Jaka: 12

Laso: 22

Pilotakadak: 226. Iraupena: 53,12 minutu. Markagailua: 3-0, 3-2, 4-2, 4-7, 5-7, 5-13, 6-13, 6-14, 7-14, 7-17,  9-17, 9-18, 11-18, 11-21, 12-21, 12-22. Sakeak: 1 Jakak eta 4 Lasok. Egindakoak: 8 Jakak eta 12 Lasok. Galdutakoak: 5 Jakak eta 3 Lasok. Gorabeherak: Sarrera polita Sestaoko Las Llanas pilotalekuan. Aitor Aranguren aritu da Erik Jakaren botillero lanetan eta Jon Mariezkurrena Unai Lasorekin. Lehen sakea gorri.