Galizian bertan jarraitu du Euskotren Ligak igande honetan. Larunbatean Coruñako uretan lehiatu baziren ere, gaurkoan Bueun izan dute hitzordua. Arrauna egiteko baldintzak zeharo ezberdinak izan dira, baina garailea atzoko bera izan da: Arraun Lagunak. Asteburua biribildu dute donostiarrek bigarren banderarekin eta argi eta ozen esan dute aurten ere Liga irabazteko hautagai nagusienak direla.
Ohorezko txandan aritu da Andrea Astudillo patroiak gidatzen duen ontziak, aurreko eguneko sailkapena kontuan hartuta. Segituan hartu dute aurrea, Donostiarrari 2 segundo ateraz, eta Tolosaldeari eta Oriori, hiru.
Maniobran ez da ezustekorik egon eta donostiarrek aurreko txandan Hibaikak egindako marka hautsi dute: 5:06 egin dute (5:17 egin du Hibaikak). Hortik amaiera arte Astudillok ondo gidatu du taldea eta helmugan atzetik zetozenenekiko aldea handitzea lortu du.
Tolosaldeak atzetik aurrera egin du eta bigarren izan da, asteburu ona ere biribilduz, larunbatean hirugarren izan baitzen. Segundo bat baino gutxiagoko aldearekin helmugaratu da Orio, hirugarren, eta Donostuarrak aurretik atzera egin du estropadan zehar, baina behintzat laugarren postua mantentzea lortu du.
Lehenengo txanda: Hibaikak larunbateko arantza kendu du
Lehenengo txandan ikusi da zein aldea dagoen, gaur egun, euskaldun eta galiziar ontzien artean. Hibaika eta Hondarribia txandako irabazlea erabakitzeko euren artean lehiatu diren bitartean, beste bi traineruak, Cabo eta Tiran, estropadako azkenak ez izateko aritu dira gaurkoan.
Helburu horietan, errenteriarrak izan dira garaile eta larunbateko arantza kendu ahal izan dute gainera, Coruñan zazpigarren izan baitziren, Tiranen aurretik. Estropada hasi eta berehala hartu dute aurre, "Ama Guadalupekoa"ri segituan 2 segundoko aldea ateraz. Hori bai, ziabogan Hibaikak pixkatxo bat sufritu du, gehienbat Hondarribiak oso ondo egin duelako maniobra.
Hala ere, Hibaikak mantendu du errenta hurrengo luzean. Are gehiago, handitzen joan da. Baina berdeek ez dute amore eman eta bigarren kalera joanda, pixkanaka aldeak murrizten hasi dira. Urduritasuna azken unera arte iraun du, baina errenteriarrek lidertza mantendu eta txanda irabazi dute, larunbatean egin izan ez zuten lana biribilduz.
Concello de Bueu - Sailkapena:
1. Arraun Lagunak 10:27.52
2. Tolosaldea 10:36.50
3. Orio 10:37.08
4. Donostiarra 10:44.48
5. Hibaika 10:53.54
6. Hondarribia 10:54.30
7. Cabo 11:02.40
8. Tiran 11:06.88
Sailkapen nagusia:
1. Arraun Lagunak 16 puntu
2. Tolosaldea 13
3. Orio 13
4. Donostiarra 10
5. Hondarribia 7
6. Hibaika 6
7. Cabo 5
8. Tiran 2