NAIZ

«Giro goxo eta sanoan» iragan da Euskal Herria Zuzenean festibalaren 28. edizioa

Euskal Herria Zuzenean festibala egin dute asteburuan Arberatzen eta Amikuzen eta balorazio positiboa egin du antolakuntzak. «Giro goxo eta sanoan» igaro da asteburua, azaldu dutenez, eta gorabeherarik gabe egin dute 28. edizioa.

Giro paregabea izan dela azpimarratu dute EHZ fetibalaren antolatzaileek.
Giro paregabea izan dela azpimarratu dute EHZ fetibalaren antolatzaileek. (Julien MARCHIONE)

Euskal Herria Zuzenean festibalaren 28. edizioa egin dute asteburuan, lehena Arberatzen eta Amikuzen, eta «giro goxo eta sanoan» iragan dela jakinarazi du antolakuntzak. Hiru egunez milaka pertsona bildu dira Arberatzeko plazan eta pentzean, 600 txandalariri esker aurrera atera ahal izan duten jaialdian. Antolakuntzak balorazio positiboa egin du, beraz: «Transmititua izan zaizkigun tresnak gure artean ehunduz, gazteriak guregain hartuz eta gureganatuz, urtez urte ibiltzen gira harremanak josten, arnasgune dugun urteroko hitzordua da EHZ».

Broken Brothers Brass Band txarangak festibalaren lehen doinuak bota zituen Arberatzeko plazan, eta Euskabaret-ek hartu zien lekukoa ostean, «harrotasunez» plaza mila kolorez apainduz. Gau partean Tshegue taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten jaialdira gerturatu zirenez, beste batzuen artean.

Lehen gaualdia laino grisen artean iragan zen eta festibalariak kanpin denda eta auto bustietan iratzarri ziren larunbatean. Euria egin bazuen ere, eguneko programazio osoa mantentzea lortu zuten eta gauean Gorka Urbizu, Nakar eta Su Ta Gar taldeen kontzertuek giroa berotu zuten.

Gaitero eta erraldoiek eman diote azken egunari hasiera eta eguerdian Euskal Herriko Laborantza Ganbarako zikiro tradizionala egin dute. Gauean, Rüdiger, Vincen Garcia eta Bloñ kontzertuak egongo dira eta Old School Funky Familyk itxiko du aurtengo edizioa.

Aldarrikapenen hitzordua

Hiru egun hauetan, EHZ hainbat borroken topaleku izan dela azaldu dute antolakuntzako kideek, «hainbat balore eta aldarri argitan ezarri ditu». Hausnartzeko tartea izan dute festibalariek Arberatzeko eskolan. Larunbatean, Frantziako immigrazio legeari eta Europako paktuari buruzko hitzaldira jende asko hurbildu zela adierazi dute. Ondotik, Eider Beobidek itzuli eta Xalba Ramirez-ek musikatu duen Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren RIFQA poesia bildumaren irakurketa egin zuten, besteak beste. Gaur, Livani Angajoxue kanakiar militante independentista bere herriaren egoeraz mintzatzera joan zaie.

Hamar urte pasa dira EHZak «Aniztasunaz irauli, kultura erein» lemapean antolatu zuen ediziotik. 2014ko festibala antolatu zuten militanteek argi zioten, «gure leloa sinplea bezain garrantzitsua da; ez da populu ala kultura bat bestea baino gehiago balio duenik». Hamar urte igarota, testuinguru politiko «ilun eta nahasitzat» jo duten honetan hitz horiek duen oihartzuna azpimarratu dute aurtengo antolatzaileek.

Horrela, ziurtatu dute oraindik ere balio eta ideia berak defenditzen dituztela, baita praktikara eraman ere: «Kultur aniztasuna, euskara, feminismoa, ekologia, antikapitalismoa, elkartasuna, justizia soziala...». Aurten ere, ehunka gazte militanteren artean atera dute aurrera Euskal Herria Zuzenean, «auzolanean eta elkartasunez, jendarte eredu alternatibo baten hedatzeko asmoz».

Gaineratu dutenez, eskuin muturraren munduaren ikuskera «arrazista, matxista, autoritarioa eta zapaltzailea normalizatu egin den heinean, Euskal Herritik, EHZtik, Hemendik, eskuin muturraren ideien kontra borrokatzeko engaiatzen gira, kulturgintzatik, euskaratik, bai eta ere gure arteko harremanak sendotuz eta indartuz».