Jon Ormazabal

Kaiolari neurriak hartuta, Nafarroa Arenari ere hartzea da Altunaren hurrengo erronka

Ostegunean Zumarragan erakutsitako mailatik koxka bat, edo bi gorago, amezketarrak txiki utzi du azkenaldian hazten ari zen Joseba Ezkurdia Sopelan (22-5)

Jokin Altuna oso eraginkor aritu da erremateetan beste behin.
Jokin Altuna oso eraginkor aritu da erremateetan beste behin. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Jokin Altunaren gosea asegaitza da eta azken kurtsoko hiru final nagusietan egon eta gero, Sanferminetako lau eta erdikoan ere izango da, goraino betetako Sopelako pilotalekuan azkenaldian hazten ari zen Joseba Ezkurdia txiki utzita (22-5). Ostegunean Zumarragan Salaberriaren aurka hainbeste sufritu zuen amezketarrak azkar baino azkarrago hartu dizkio neurriak kaiolari eta bere mailan koxka bat, edo bi, gora eginda, erronka berri bati ekingo dio datorren uztailaren 7an, emaitza onik lortu ez duen Nafarroa Arenan ere –bertan jokatutako hiru finalak galdu ditu– eskuak altxatzea.

Iruñekoa bere dohainetara ondo moldatzen ez den pilotalekua bada, Sopelakoa, askoz motelagoa, primeran datorkie Jokin Altunaren dohainei eta saiatu den arren, Joseba Ezkurdiak ezin izan du, abiaduraren bitartez, partidaren erritmoa inongo momentutan ezarri. Bigarren sakean falta egin duen arren, sakandarrak hainbestean eutsi dio partidari 5-4ra arte, baina bere erremateen zehaztasuna eta sakeari esker, azkar aldegin dio gipuzkoarrak markagailuan.

Beste eraginkortasun bat

Hortxe hautsi da partida, amezketarrak tantoak amaitzerako garaian erakutsitako eraginkortasunik gabe, Ezkurdiaren lana antzua suertatu denean. Saketik hasita, ederki mugitu pilota egungo txapeldunak, pilotakada guztiak intentzioarekin eta angeluak ondo bilatuta joaz.

Gainera, asmatu ez duen gutxietan ere zortea aldeko izan du Altunak, kalearekin egindako bi edo hiru tanto ere eskuratuta, Joseba Ezkurdiaren desesperaziorako. Parean zuen hazitako aurkariaren joko erauntsiaren aurrean babesgabe, arbizuarrak azkar antzean eman du amore eta partida azkar batean amaitu da, Altunak azken 14 tantoak jarraian eginda.

Elgetan Unai Lasok eta Jon Ander Peñak jokatuko duten partidatik irtengo da Jokin Altunaren finalerako arerioaren izena.

 

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a: 22

Ezkurdia: 5

Pilotakadak: 166. Iraupena: 35 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 5-3, 5-4, 8-4, 8-5, 22-5. Sakeak: 5 Altuna III.ak eta falta 1 Ezkurdiak. Egindakoak: 11 Altuna III.ak eta 3 Ezkurdiak. Galdutakoak: 0 Altuna III.ak eta 6 Ezkurdiak.. Gorabeherak: Sarrera guztiak ostegunetik agortuak eta giro bikaina Sopelako pilotalekuan. Gorka Altuna aritu da Jokin lehengusuaren botillero lanetan eta Mattin Ezkurdia Joseba anaiarekin. Lehen sakea urdin.