NAIZ

Bizkaiko enpresen %65en salmentak hazi ziren iaz eta %57k merkatua suspertzen ari dela dio

Bizkaiko enpresen %65ak salmentak handitu zituen joan den urtean, eta %34k uste du aurtengo lehen seihilekoan iazkoan baino handiagoak izango direla. Honezaz gain, %57k merkatua hazten edo suspertzen ari dela dio.

Sidenorrek Basaurin duen lantegiaren argazkia.
Sidenorrek Basaurin duen lantegiaren argazkia.

Bizkaiko enpresen %65en salmentak hazi ziren pasa den urtean, eta %20ena mantendu egin ziren. Gainera, %57k merkatua hazten edo suspertzen ari dela dio. Dena den, «gehienak zuhur dira erronka ekonomiko globalen aurrean».

Hala dio Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak,  astelehen honetan enpresen egoera aztertzen duen barometroa argitaratu duenak. Txostena foru-gobernuari atxikitako Beaz sozietate publikoak egin du.

Aldundiak nabarmendu duenez, «Bizkaiko enpresak etengabe hazten ari dira eta euren lehiakortasun-posizioa hobetzen jarraitu nahi dute». Izan ere, kontsultatutako enpresen %72k aurreikusten du 2024an zehar hobekuntzaren bat egingo duela bere antolaketan, eta %63k dio berrikuntza-, inbertsio- edo nazioartekotze-proiektu berriak gauzatuko dituela.

Oro har, alderdi laboral, finantzario eta logistikoak dira Bizkaiko enpresak gehien kezkatzen dituztenak 2024. urteari begira, eta lan-kostuak, talentua erakarri eta fidelizatzeko zailtasunak eta lan-absentismoa dira hazkunderako oztopoetan gehien aipatu direnak.

Gainera, sektore batzuetan, gai hauek sortzen dute kezka: lehengaien eta azpiosagaien prezioa eta hornidura, prezioen aldakortasuna eta faktore horiek enpresaren errentagarritasunean duten eragina. Konpainia nazioartekotuek nazioartean duten presentzia sendotzera bideratzen dituzte batez ere euren baliabideak, eta ez hainbeste beste merkatu batzuei ekiteko iniziatiba berriak abian jartzera.

Lehen seihileko

2024ko lehen seihilekorako aurreikuspenei dagokienez, enpresen %45ak uste du aldi horretako salmentak 2023ko aldi berekoen antzekoak izango direla, eta % 35ak adierazi du handiagoak izango direla.

Enpresen %61ak aurreikusten du 2024ko lehen seihilekoan marjina ekonomikoak mantendu egingo direla aurreko ekitaldiko mailekin alderatuta, eta enpresen %23k hobekuntza aurreikusten du. Enpresa gehienek uste dute enplegu-mailak bere horretan jarraituko duela, baina elkarrizketatuen %22k aurreikusten du enpleguak gora egingo duela lehen seihileko honetan.

Txostena metodologia kuantitatiboan oinarritu da, eta 512 enpresari egin zaizkie elkarrizketak. Horietatik 402, Beazek eskainitako programa edo zerbitzuen jarraipen eta babesaren pean daude. Elkarrizketatutako gainerako 110 enpresak ez dira izan Beazek kudeatutako sostengu-ildoen onuradun.