NAIZ

Estatu Batuetako euskal diasporako 50 gazte Euskal Herrian, euskaran eta kulturan murgiltzen

Ameriketako Estatu Batuetan bizi diren eta euskaldunen ondorengo diren 50 bat gazte Euskal Herrian dira euskara ikasten eta euskal kulturan murgiltzen, ‘Ateak Ireki 2024’ programari esker. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otaudik, Gernikako Batzar Etxean hartu ditu.

Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporako 50 bat gaztek Euskal Herrian emango dituzte hainbat aste uda honetan, gure hizkuntzan eta kulturan barneratzeko eta familiekin harremanak sendotzeko.
Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporako 50 bat gaztek Euskal Herrian emango dituzte hainbat aste uda honetan, gure hizkuntzan eta kulturan barneratzeko eta familiekin harremanak sendotzeko. (BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK)

Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporatik etorritako gazte talde batek hainbat aste emango ditu udan Euskal Herrian, euskal kulturan barneratzen eta bertako familiekin hartu-emanak estutzen, ‘Ateak Ireki 2024’ proiektuaren baitan.

Egitasmo honen helburua Euskal Herriaren eta Ameriketako Estatu Batuetako euskal komunitateko gazteen arteko zubiak eraikitzea da. Aurten, 16 eta 25 urte bitarteko gazteek hartuko dute parte, Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikak, NABOk (North American Basque Organizations) eta Goiekik (Goierriko Garapen Agentzia) bultzatutako programan.

Esperientziak euren ahotik entzunez

50 lagun inguru etorri dira uda pasatzera, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otadui Biterik, harrera egin dio taldeari Gernika-Lumon, bertako foru Parlamentuan. Munduan zehar sakabanatuta dagoen euskal diasporaren zati txiki horren esperientzia pertsonalak beren ahotik ezagutu ahal izan ditu.

Otadui eurekin ibili da Batzar Etxeko egoitza nagusietan barna, astelehen honetan bisitatu duten lekuaren garrantzi historikoa azalduz, Iñaki Goirizelaia Batzen/Ateak Irekiko zuzendariarekin batera.

Ateak Ireki programaren webgunean oroitzen denez, 70. hamarkadan Boise State Basque Studies Abroad Program egitasmoak gure kultura eta ohiturak itsasoz bestaldera zabaltzea posible egin zuen. Ameriketatik etorritako gazte haiek Oñatin egindako egonaldiek gaur egungo Boiseko euskal komunitatearen sena piztu zuten.

Aitzindaria izan zen programa, eta euskal lurraldeetatik harago euskal dimentsioa zabaltzeko aukera badagoela frogatu zuen. Hari-mutur horretatik tiraka, itxita dagoen dimentsioa zabaltzeko ari dira lanean.