NAIZ
Bilbo

‘Lesvia’ filme greziarrak irabazi du Zinegoak jaialdiko sari nagusia

Memoria lesbikoa eta ultraeskuinari erresistentzia, Bilboko LGTBIQ+ 21. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Zinegoak jaialdiaren aurtengo sarien protagonistak izan dira. Tzeli Hadjidimitriou zuzendari greziarraren ‘Lesvia’ dokumentalak irabazi du sari nagusia.

Bilboko LGTBIQ+ 21. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, Zinegoakek, edizio honetako sariak iragarri ditu astelehen iluntze honetan, Bilborock aretoan antolatutako itxiera ekitaldian. Memoria lesbikoak eta ultraeskuinari erresistentzia izan dira palmaresaren protagonistak.

EITBk 4.000 eurorekin babesten duen Zinegoak Sari Nagusia Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren ‘Lesvia’ lanak lortu du. Hemen sinopsia: 1970eko hamarkadaz geroztik, mundu guztiko lesbianak erakarri ditu Lesbos uharteak, Safo greziar poetaren sorlekuak. Uharteko herri batean paradisua aurkiturik, lesbianen komunitate bat sortuko dute, eta, horren harira, tirabirak sortuko dira herritarrekin. Denek aldarrikatzen dute uhartearekin loturiko identitatea, eta Tzeli Hadjidimitriou zinegilea ere, Lesbosko herritar natiboa eta lesbiana bera, erdi-erdian harrapatuta geratuko da. 40 urte baino gehiagoko kronika bat maitasunaz, komunitateaz, gatazkaz eta onartuak garela sentitzeak dakarrenaz.

Epaimahaiak baloratu du «dokumental hau beharrezkoa da bizikidetzari espazioa eman eta jende arruntari ahotsa emateko. Ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan, bazterketa pairatu duela, eta hau guztia kontuan hartuta ultraeskuinaren gorakada eta herrialde askotan neurri lesbofoboak hartzen ari direla».

‘Lesvia’ izan da irabazlea DOK kategorian, eta bertan epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio Joris Lachaiseren ‘Transfariana’ lanari, «ezinbestekoa baita pelikula hau ikustea, maisutasun handiz erakusten digulako FARC taldearen borroka marxista eta militarizatua borroka transfeministarekin, bat eginda sistema eraldatzeko».

Memoria, etorkizuna

FIK kategoriari dagokionez, pelikula irabazlea Levan Akin zuzendariaren ‘Crossing’ izan da- «Estambul zaratatsuaren erretratu bikaina egiten duelako –aipatu du epaimahaiak–. Pertsonaia guztiak elkarren artean bilatzen ari direla ematen du, baina batik bat, euren buruaren bila ari dira. Bere begirada zinematografikoagatik, gureak izan daitezkeen bizitza-bidaia horiekiko enpatia arraro bat sortzen duelako».

KRAK sailean, narratiba berriekin lotutakoa, saria Lisa Gerig zinegilearen ‘The Hearing’ filmearentzat izan da: «Suitza/Europaren eta errefuxiatuen arteko immigrazioari aurre egiteko oso ondo antolatutako narrazioa delako. Gure europar ingurunean milaka pertsonak, kuir edo ez kuir, bizi duten drama soziala islatzen du».

‘Lesvia’ pelikulaz gain, sari gehien jaso duen lana Lillah Halla zuzendariaren ‘Levante’ filma da, «genero-aniztasuna irudikatzeagatik eta zaintza-sarea erdigunean jartzeagatik, eskubideen galerari erantzuteko eta faxismoak aurrera egin ez dezan».

Sari nagusi bi jaso ditu: Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria (3.000 euro, Bizkaiko Aldundiko Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza Nagusiaren babesa duena)  eta  Lesbianismo eta Generoaren Saria (1.500 euro, Bilboko Udaleko Berdintasun Sailaren eskutik).

Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak ere aipamen berezia eman nahi izan dio Jorge Cadenaren ‘Flores del otro patio’ lanari, «hizkuntza bisual indartsuarekin erakusteko sexu- eta genero-disidentziek LGTBI borroka gainditzen dutela, jatorrizko herrien lurraldearen eta eskubideen defentsarekin lotuz».

Publikoaren saria, 1.000 eurorekin, Elsa Aloisioren ‘Au bord de nos nuits blanches’ lanarentzat izan da, sexu langileen eta trans emakumeen erresistentzia eta sororitate istorioa.

Senior epaimahaiaren sari nagusia Tomas Caliren ‘Lésquisse’ pelikularentzat izan da, «artea komunikazio-bide unibertsal gisa planteatzen duelako» eta aipamen berezia Jone Arriolaren ‘Dena asmatuta dago’-rentzat izan da, «gazte bi ikusten ditugulako elkarrizketa luze batean, berba perfektua bilatzen dute elkarrekin abiatzen ari diren bidea definitzeko».

Gazte epaimahaiak, bere aldetik, Shuli Huang zuzendariaren ‘Dang wo wang xiang ni de shi hou’ lana saritu du, «bakoitza bere aldetik artelantzat har daitezkeen irudiak eta esaldiak nahastuz narratiba bat sortzeko moduagatik».

Afioco Gnecco eta Carolina Yusteren ‘Ciao Bambina’ lanari aipamen berezia eman diote, «gure ustez, historia errealista eta hurbila da, pertsona askok igarotzen duten errealitatea azaltzen duena, eta sentiberatasun eta naturaltasun handiz tratatzen dute».
 
Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaiak Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onena Mzia Arabuli aktoreari eman dio, ‘Crossing’ pelikulakoa, «bere begiradaren boterearen bidez publikoa bere emozio guztietatik bidaiarazteko duen gaitasun handiagatik». Antzezpen Sekundariorik Onena ‘Todo el silencio’ pelikulako Ludwika Paletarentzat izan da, «entzumen-aniztasuna duen pertsona bat egiazkotasun handiz interpretatzeko duen gaitasunagatik».

ZG PRO Laborategia saria Bella Cintra eta Laurent López de Gardey lanarentzat ‘Los Siento’ proiektuarentzat izango da, 1.000 eurorekin, «ideiak duen originaltasuna eta freskotasunagatik». Music Library ZG PRO Raul Villalbaren ‘Las niñas de Canchas’ lanarentzat izan da, «euren film luzean musika urbanoaren erabileragatik». Eta SSIFF ZG PRO saria Daniel Alegreteren ‘High’ proiektuarentzat izan da.