NAIZ

Zumaiako arraunlariak, «atsekabetuta» klubak ez duelako izenik eman igoera fasean

Zumaiako gizonezkoen taldea ez da agertzen TKE ligarako igoera faseko taldeen zerrendan. Denboraldia hasi aurretik eman behar dute izena klubek eta eta arraunlariek, zerrenda horretan agertzen ez direla jabetuta, euren «atsekabea» agertu dute gutun baten bitartez.

Zumaiako gizonezkoen eskifaia, Gipuzkoako traineru txapelketan.
Zumaiako gizonezkoen eskifaia, Gipuzkoako traineru txapelketan. (@TELMODEUNAE)

Zumaiako gizonezkoen taldea «atsekabetuta» agertu da klubeko zuzendaritza batzordearekin, TKE ligarako igoera fasean izen eman gabe daudela ohartu direnean. Maiatzaren 24an argitaratu zen gorengo mailarako igoera faserako izen eman duten taldeen behin-betiko zerrenda –ondoren, kirol merituz berretsi behar dute bertan lehiatzea– eta Zumaia ez da agertzen zerrenda horretan. Honen berri, gainera, sare sozialen bitartez jakin dutela gaitzetsi dute arraunlariek, Guka hedabidera bidalitako gutunean.

«Ez zaigu bidezkoa iruditzen zuzendaritzak izena ez ematea erabakitzea eta, gainera, inolako azalpenik ez ematea», adierazi dute, tinko. Gaineratu dute, gizonezkoen lehen taldea osatzen duten kirolari eta teknikariek zuzendaritzari helarazi ziotela igoera fasean izen emateko interesa: «2023ko denboraldia azken urteetako onena izan dela jakinda eta 2024ko aurre denboraldiko emaitzak ikusita, taldearen izena emateko nahikoa arrazoi badaudela uste dugu. 

«Kirolari bezala, zortzi hilabeteko prestaketaren helburu nagusia udarako traineru denboraldian ahalik eta kirol arrakasta gehien izatea da, garrantzitsuena igoera lortzea izanik. Liga hasteko hilabete eskas faltan txartel hau kendu digutela jakiteak min ematen digu eta ez da erraza izango aurtengo denboraldiari aurre egitea», onartu dute arraunlariek.

Modu honetan, argi utzi dute zuzendaritzaren erabaki honetaz bereizten dela taldea eta udari begira, ahal duten denboraldi onena egitea dutela helburu, «estropada bakoitzean daukagun aurpegi onena erakusteko borrokatuz».

Hain zuzen ere, hiru estropada jokatuta, bosgarren postuan dago Telmo Deun, 24 punturekin. TKErako igoera fasea lehen eta bigarren sailkatuak jokatzen dute, lehen mailako azkenaurrekoarekin eta Galiziako ligako lehen sailkatuarekin batera. Denboraldiko lehendabiziko estropadan, Pasai Donibanen, bigarren bukatu zuen Telmo Deunak eta atzo, igandean, etxean egindako estropadan meritu handiko laugarren postua eskuratu zuen. Larunbatean, Donibane Lohizunen, apalago aritu ziren, bederatzigarren bukatuz.

ETE ligan, lider

Oso bestelako egoeran dago emakumezkoen taldea, ETE ligako lidertzan kokatuta. Jokatu dituen lau estropadak irabazi dituzte zumaiarrek eta erakutsi dute koska bat gorago daudela. Jada iaz, udara osoan, baino bandera bat gehiago irabazi du Telmo Deunak. Iaz ETE ligan nagusi izan zen Kaiku, bestalde, hirugarren postuan dago sailkapen nagusian, oraindik bere bertsiorik onena topatu ezinik. Bigarren postuan, estropada guztien bigarren eginda, Astillero dago, 28 punturekin, Zumaiak baino lau gutxiago, hain zuzen ere.

Kasu honetan ere ETE ligako lehen bi sailkatuek jokatzen dute igoera fasea, Euskotren ligako azkenaurreko sailkatuarekin (baldin eta ez bada ontzi galiziarra) eta Galiziako ligako lehen sailkatuarekin batera.