NAIZ

Elkarretaratzea deitu dute Lesakan talde feministek asteburuan izandako eraso matxistaren aurka

‘Aski da! Eraso matxistarik ez!’ leloarekin elkarretaratzea izanen da astearte honetan, 19.00etan, Lesakako Plaza Zaharrean, Xulufrinak eta Marrako talde feministek antolatuta eta Lesakako Udalak babestuta, asteburuan gertatutakoa gaitzesteko. Gizon bat atxilotu zuten bikotekide ohia erasotzeagatik.

Donibane Lohizunen egindako elkarretaratzea, Paris Hotelean gizon batek emakume bat hil ondotik, joan den maiatzaren 6an.
Donibane Lohizunen egindako elkarretaratzea, Paris Hotelean gizon batek emakume bat hil ondotik, joan den maiatzaren 6an. (Guillaume FAUVEAU)

Xulufrinak Lesakako Sare Feministak eta Marrako Bortzirietako Neska* Gazte Taldeak kontzentrazioa deitu dute astearte honetarako, 19.00etan Lesakako Plaza Zaharrean, asteburuan herrian gertatutako eraso matxista salatzeko. Udalak ere bat egin du ‘Aski da! Eraso matxistarik ez!’ leloarekin eginen den protestarekin, eta adierazpen instituzionala kaleratu du.

Adierazpen horretan, lehenik eta behin, «errespetu osoa» eskatu du erasoa jasan duen emakumearentzat. Emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen bortxaketa larria dela oroitu du. «Emakumeengan kalte fisiko, psikologiko edo ekonomikoa (mehatxuak, behartzea edo askatasun mugatze arbitrarioa barne) sortu edo sor dezaketen bortizkeria kasu guztiak biltzen ditu. Bortizkeria horiek esparru publiko zein pribatuan gauzatzen dira, eta edozein mailatan: familian, lan eremuan edo gizartean».

Lesakako Udalak dioenez, emakumeen kontrako indarkeria ezin da gertaera isolatu edo ezohikoa balitz bezala ulertu, egunero eta gizarte klase zein munduko toki guztietan gertatzen diren gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunetan oinarritzen den egiturazko arazoa baita. «Indarkeria honen biktimak emakumeak eta neskak dira, zeintzuk emakume izate hutsagatik, euren bizitzen edozein momentuan bortxatuak eta diskriminatuak diren».

Berdintasunean oinarritutako eta bidezkoa izanen den gizarte bat eraikitzeko lanean segitzea beharrezkoa dela eta erakunde publikoak horren erantzuleak direla azpimarratu du. Horregatik, emakumeen kontrako edonolako indarkeriaren aurrean bere gaitzespenik irmoena adierazi du. Erasoa sufritu duen emakumeari bere babes eta elkartasunik zintzoena helarazi dio. Eta herritarrei ‘zero tolerantzia eta zero inpunitate’ jarrerari eusteko deia egin dio, elkarretaratzea babestearekin eta herritarrak parte hartzera animatzearekin batera.

Gertaerak

Foruzaingoak gizon bat atxilotu zuen Lesakan iragan asteburuan. Jakinarazi zuenez, bikotekide ohiari eraso egin zion, eta foruzainen patruilak emakumea osasun zentrora lagundu zuen buruan kolpea zuelako.

Lesakakoa ez zen atxiloketa bakarra izan. Nafarroan orotara zazpi gizon hartu zituzten gatibu foruzainek asteburuan indarkeria matxistagatik, horietako bat Baztango herri batean, emakume bati eta haren alabari eraso egiten saiatzeagatik.