NAIZ

‘Euskararen Gogoetagunea (I)’ argitalpena plazaratu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak ‘Euskararen Gogoetagunea (I)’ argitalpena plazaratu du, Gipuzkoako Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesarekin.

Euskararen Gogoetagunea: Jon Sarasua, Eider Mendoza, Andres Urrutia eta Nuria Agirre.
Euskararen Gogoetagunea: Jon Sarasua, Eider Mendoza, Andres Urrutia eta Nuria Agirre. (Euskaltzaindia)

‘Euskararen Gogoetagunea (I)’ argitalpena aurkezteko agerraldia egin dute astearte goiz honetan, Donostian, eta bertan izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Andres Urrutia euskaltzainbura, Nuria Agirre Laboral Kutxako Pertsona eta Baliabideen saileko zuzendaria eta Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzailea.

Proiektua 2022an aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Ordutik, bertako Jagon saila arduratu da egitasmoaz, eta hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak biltzea du xede.

Honela, argitalpen berrian Gogoetagunearen ezaugarriak azaltzen dira: Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak paratutako ‘Euskararen egoera soziolinguistikoa: ikuspegi orokorra’ ponentzia, eta Jon Sarasuak ondutako ‘Euskararen etorkizun-ikuspegia (euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia)’ txostena.

Agerpenean, Eider Mendoza ahaldun nagusiak eskerrak eman dizkie Gogoetagunearen lehen argitalpena ontzeko lanean aritu diren adituei eta egitasmo honen garrantzia azpimarratu du. «Euskararen biziberritze prozesua apalaldi batean sartzeko arriskuaz ohartarazten ari dira adituak eta, testuinguru horretan, lehen mailako garrantzia du espazio honek». Hori horrela, Aldundiaren konpromisoa berretsi du Gogoetaguneak markatzen dituen «koordenatu horiek gure egin eta elkarlanean norabide horretan ekarpena egiteko», betiere, «elkarlan ikuspegi batetik eta berritzaile izateko bokaziotik».

Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazi du Euskaltzaindiaren zereginetako bat dela «euskara jagotea eta aitzinatzea. Hain zuzen, Gogoetagunean euskarak bizi duen egoera aztertzen ari gara, gero hausnarketa horiek gizarteari eta erakundeei eskaintzeko».

Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzaileak orain arte eginikoak aletu ditu bere mintzaldian, eta bigarren argitalpen batek zer ekarriko duen ere aurreratu nahi izan du: «2022tik, euskararen etorkizun- ikuspegi artikulatua osatzeko ariketan pausoak eman ditu Euskararen Gogoetaguneak, eta lan horiek biltzen ditu liburu honek».