NAIZ

Igandeko bultzadari eutsi eta eskuin muturraren aurrean «erreakzionatzeko» deia egin du FPBak

Astearte honetan, Fronte Herritar Berriko hautagaiek agerraldia egin dute Baionan. Adierazi dute Batasun Nazionala «babes garrantzitsua» lortzen ari dela Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean eta igandeko bozetan horri aurre egiteko deia luzatu dute.

Fronte Herritar Berriko hautagaiak, Baionan egin duten agerraldian.
Fronte Herritar Berriko hautagaiak, Baionan egin duten agerraldian. (Patxi BELTZAIZ)

Ipar Euskal Herrian sustraituta egon ez arren, eta lurralde honetarako proposamenik ez badu ere, eskuin muturra «babes garrantzitsua lortzen ari da» Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Fronte Herritar Berriko hautagaiek Baionan egin duten agerraldian ohartarazi dutenez. Peio Dufau EH Baiko kide eta hautagaiak Batasun Nazionalaren emaitzen aurrean erreakzionatzeko deia luzatu die herritarrei.

Ezkerreko koalizioaren ustez, pasa den igandeko parte hartzeak erakutsi moduan, «azken 25 urteetan egin ez bezala» mobilizatu ziren euskaldunak, hiru barrutietan Fronte Popular Berria aukeratuz, eta bultzada horrekin uztailaren 7ra, bigarren itzulira, iristeko beharra azpimarratu du: «Mobilizazioa hasi baizik ez da egin!» adierazi dute lau, bost eta seigarren barrutietako ordezkariek.

Izan ere, eskuin muturrak Asanblea Nazionalean gehiengoa irits dezake, eta bozen lehen itzulian Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan Fronte Herritar Berria gailendu bazen ere, lurralde honetan «babes garrantzitsua» lortzen ari dela gaztigatu dute hautagai ezkertiarrek. «Eskuin muturraren emaitzen aitzinean erreakzionatu behar dugu», aldarrikatu du Peio Dufauk, seigarren hautesbarrutian Batasun Nazionalarekin eta Ensemblerekin lehiatuko den hautagai abertzaleak.

Fronte Herritar Berriaren arabera, «Emmanuel Macron presidenteak bultzatu eta zentro-eskuineko blokeak segitu izan duen politikak» hauspotu dute eskuin muturraren haziera izugarria. «Politika horrek, gure erosteko ahalmenaren aurrekaririk gabeko degradazioa eragin du, gure gizartearen oinarriak ere murriztu ditu, indibidualismoa emendatuz eta eztabaidarako gune sosegatuak garatzeko gai ez dela agertuz», esplikatu dute.

Tokiko auziak, Parisera

Hautagaiek itxaropen mezu bat igorri die hautesleei. Bere esanetan, ezkerreko koalizioak aurkeztu duen gobernu programak «urte askoan inoiz ikusi ez den harrera izan du». «Hala, 300 ekonomialarik, tartean Esther Duflo Nobel saridunak, atal ekonomiko hau babestu dute eta hura hobetzeko lanean ari dira», zehaztu du.

Programa hori oinarri moduan hartuta, eta bozen lehen itzulian Ipar Euskal Herriak ezkerrari eman zion bultzadari eutsita, Parisera iritsi nahi du EH Baik, bertan Euskal Herriari eragingo dioten politikak bultzatzera. Hainbat asmoen berri eman du Dufauk, besteak beste: Euskal Herrian duintasunez bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatzea, laborantzari laguntzea, euskararen garapenean eragitea eta klima aldaketak ekartzen dituen arriskuen aurreikuspena lantzea.

Dufau: «Devèzek utzi beharko luke»

Kazetarien galderei erantzunez, Dufauk adierazi du, bere ustez, seigarren hatesbarrutiko Christian Devèzek (Modem) bere hautagaitza utzi beharko lukeela. «Arriskuan uzten gaitu, zeren [Emmanuelle] Brissonen bozak biltzen ahal ditu eta, hala bada, eskuin muturra pasako da. Gaur egun, alternatiba bakarra gu gara, gu gara aterabidea», esan du.

Bestalde, laugarren hautesbarrutian, Résistons! taldeko Jean Lasallek erabaki zuen ez duela bere hautagaitza baztertuko, lehen itzulian hirugarren egin zuten alderdiek eskuin muturraren garaipenak ekiditeko hartutako erabaki ia orokorrari kontra eginez. Lasallek azaldu du Batasun Nazionalak ez ezik, Fronte Popular Berriko Jean-Luc Mélenchonek ere galduko duela ziurtatu nahi duela erabaki horrekin. Biak dira «muturreko», Lasalleren ustez.