NAIZ

Lurzoruak baloratu eta era jasangarrian kudeatzeko tresna bat jarri du Neikerrek jendearen esku

Neikerrek Lurzain plataforma sortu du klima larrialdiaren ondorioak arintzeko. Web aplikazioarekin egindako neurketek informazio erabilgarria emateaz gain, lurzoruaren osasunaren etengabeko monitorizazioa eta erregistro zehatza egiten lagunduko dute, zientzia parte-hartzailetik abiatuta.

Irudiak hartzeko telefono mugikor bat erabiltzen duen neurketa berritzaile bat gehitu dute, lurzoruaren materia organikoa, testura, pH-a eta horrelako funtsezko propietateak estimatzen dituzten sare neuronalen ereduekin batera.
Irudiak hartzeko telefono mugikor bat erabiltzen duen neurketa berritzaile bat gehitu dute, lurzoruaren materia organikoa, testura, pH-a eta horrelako funtsezko propietateak estimatzen dituzten sare neuronalen ereduekin batera. (NEIKER)

Lurzorua funtsezko baliabidea da ekosistemen orekarako. Landare eta laboreak hazteko zein uraren ziklorako berebiziko garrantzia du. Degradatzen bada, emankortasuna galtzea, biodibertsitatea murriztea eta ingurumen arazo larriak gerta daitezke.

Lurzoruaren osasuna ebaluatzeko eta zaintzeko, Neiker zentro teknologikoak Lurzain web aplikazioa sortu du, zientzia parte-hartzailetik abiatuta. Proiektua Europar Batasunaren ‘Urbanklima 2050’ programaren barruan dago, eta klima aldaketaren ondorioak arintzea edo horietara egokitzea du helburu.

Zehazki, euskal zentro teknologikoaren proposamenaren xedea da interesa duen edonori tresna bat ematea bere lurzoruaren osasun egoera modu errazean ebaluatzeko, kudeaketa jasangarrirako beharrezkoak diren parametroak emanez.

Esperientziari neurketa berritzaile bat gehitu diote

Hamarkada bat baino gehiagoan Lurzoruen Osasun Txartelen bidez lortutako esperientzian oinarritu da Neiker. «Lurzainen aplikatzen diren 12 neurketa espezifikotarako proposamen bat doitu eta hobetu dugu; esaterako, lur bloke bat ateratzea zizare kopurua kontatzeko, organismo horiek zeregin erabakigarria baitute materia organikoaren deskonposiziorako edota lurzoruaren egitura hobetzeko», azaldu du Lur Epelde zentroko Baliabide Naturalen Kontserbazio Saileko ikertzaileak.

Neurketen zehaztasuna eta eraginkortasuna hobetzeko digitalizazioa baliatu dute, Eskoziako James Hutton Institutuarekin lankidetzan, irudiak hartzeko telefono mugikor bat erabiltzen duen neurketa berritzaile bat gehituz, lurzoruaren materia organikoa, testura, pH-a eta horrelako funtsezko propietateak estimatzen dituzten sare neuronalen ereduekin batera.

Neurketak bizitzaren sostengurako funtsezkoak diren bost funtziotan antolatu dituzte: landare ekoizpena, biodibertsitatearen sustapena, uraren erregulazioa, emankortasuna mantentzea eta karbono bahiketa.

Praktiken ebaluazioa

Neurketa guztiak batuz, aplikazioak datu base zabal bat lortzen du, eta horrek aukera ematen du konparazioak egiteko. Funtzionaltasun horrek, lurzoruaren egoeraren ikuspegi eguneratua emateaz gain, urtez urte neurketak errepikatzen direnez, erregistro historiko bat ere egiten du.

«Erregistro horrek denboran zehar lurzoruaren osasunean eragin dezaketen aldaketak jasotzen ditu, hala nola nekazaritzako esku hartzeak, kontserbaziorako praktikak eta ingurumen aldaketak. Hori erabakigarria da praktika jasangarrien eraginkortasuna ebaluatzeko eta baliabide naturalak kontserbatzera eta hobetzera bideratutako erabaki informatuak hartzeko», adierazi du Epeldek.

Herritarren parte-hartze aktiboa

Aplikazioa laborategi espezializatuen beharrik gabe eta jarraibide erraz batzuk betez erabiltzeko diseinatuta dago. Erabilera sustatze aldera, Neikerren asmoa da aldizkako ikastaroak antolatzea eta neurketak egiteko beharrezkoak diren materialen kitak ematea, publiko desberdinak inplikatzeko, nekazaritza arloko profesionaletatik hasi eta ikasle eta norberaren ingurunearen osasunean interesa duten herritarretaraino.

Adibiderik onena Gasteizko Ingurumen Gaietarako Zentroarekin egitenari diren lankidetza da. 2018tik 350 lursailetan baino gehiagotan egin dira neurketak, eta horrek eman du orain Lurzain kaleratu ahal izateko esperientzia. Haiek dira aplikazio berria probatzen ari diren lehenak.

Erabiltzaile bakoitzari informazio erabilgarria emateaz gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurzoruen osasuna monitorizatzeko aktiboki parte hartzea sustatzen du, herritarren zientziaren bidez. Egindako neurketa bakoitza mapa interaktibo batean txertatuko da, lurzain.eus webgunean.