Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Pogacar-ekin podiumera igo, ibilbidea bat-batean eten eta coach gisa aseta dago Xuban Errazkin

Xuban Errazkinen txirrindularitza ibilbidea goiz bukatu zen, 2018an dopin kasu bat egotzi zioten eta gelditzera behartua egon zen lau urtez. Zigorra iaz bukatu zitzaion, baina ordurako, argi zuen ez zela bizikleta gainera itzuliko. Kirolariak, elitekoak eta afizionatuak, prestatzen «asebeteta» dago.

Xuban Errazkin, ezkerrean, Julen Larrañaga bere bezeroarekin, Uxue Trail-en 4. postuan bukatu ostean.
Xuban Errazkin, ezkerrean, Julen Larrañaga bere bezeroarekin, Uxue Trail-en 4. postuan bukatu ostean. (X.E.)

Manuella Macielek Brasilgo txapelketa irabazi du kadete mailan, erlojuaren kontra zein errepidean. Ezin pozago dago Xuban Errazkin (Usurbil, 1996), txirrindulari ohia eta, egun, kirolarien prestatzailea. ‘Xuworkout’ proiektua sortu zuen duela bi urte, bere burua noraezean ikustetik bizi helburu bat bilatu zuen arte. Tartean, dopin kasu bat (2018an) eta moto istripu bat (2020an) izan zituen. Kolpe baten atzetik beste kolpe gogorrago batek indartsuago egin zaitzakeela esaten da eta horixe gertatu zitzaion usurbildarrari. ZIUtik atera eta gurpildun aulkian geratuko zela esan ziotenean, errehabilitazioan zentratu zen, barneratuak zituen ezagutzak oinarri hartuta: «Femurra txikituta, besoak lantzen hasi nintzen, banekielako odola mugitzeak errekuperazioan lagunduko zidala».

Lau urte pasatu dira Saturraran hondartzaren bidegurutzean izan zuen istriputik eta, poliki-poliki, birbideratu zuen bere bizitza. Orain, kirolariei –errendimendu altukoak zein afizionatuak– prestatzen laguntzen eta irakasten ibiltzeak asetzen du. Bizitzan oreka bat bilatuta, txirrindularitzarekin ere berradiskidetu egin da. «Ezin nuen Tourra jarraitu. Pogacar eta Vingegaarden izenek soinua egiten zutenean, 23 urtez azpiko Munduko Nazioen Kopaz oroitzen nintzen. Goi mendiko etapan, Hirschi eta biok, atzean utzi genituen Pogacar eta Vingegaard; hurrengo etapan, erdi mailako mendietan, xorro-xorro, esloveniarrak erakutsi zuen oso argia dela... Podiumera igo nintzen  hor ere eta lorpen horiek lagundu didate nire konfiantza hauspotzen».

Podiumeko maila gorenean, Pogacar, eta bere ezkerrean, Xuban Errazkin, 2018ko Munduko Kopan, Txekiako Errepublikan. (RFEC)

Errazkinen oroitzapen horiek 2018koak dira. Geroztik, Pocagarrek 2020an irabazi zuen lehen aldiz Tourra, 2021ean garaipena errepikatu zuen eta aurten bere hirugarrenaren bila tinko dabil. Esloveniarraren ibilbideak goraka egin zuen, beraz, eta Errazkinena bat-batean eten zen, dopin kasu bategatik, 2018an hori ere, Pogacarrek Etorkizuneko Tourra irabazi bezperatan. Terbutalinan positibo eman zuen, Abimota Sari Nagusian, Portugalen, Vito-Feirense-BlackJack taldean zegoela. Asmatikoa izaki, substantzia hori erabiltzeko baimena zuela eta akats burokratikoa izan zela azpimarratzen du.

«Prestatzaile globala»

Min guztiak gainditu dituela onartu dio NAIZi. Urte zailak izan ziren, bizikleta alboratu zuen eta noraezean ikusi zuen bere burua, nahiz eta taldearekin kontratua izan duen zigorra bukatu zaion arte, 2023ko abuztura arte. Eskaintzak izan ditu itzultzeko, baina «familiarengandik gertu egotea» lehenesten du orain, bai eta ‘Xuworkout’ proiektuan hazten jarraitzea ere. «Prestatzaile global» gisa definitzen du bere burua, entrenamenduak, elikadura eta psikologia uztartzen baititu, betiere medikua den kide batek gainbegiratuta. Helburu nagusia, «kirolariek, egiten duten entrenamenduen edo zehazten zaien prozesuen gaineko jakintza izatea da». Errendimendu Altuko Akademia ere sortu du, kirolari zein teknikarientzat berezituta, horien ezagutzak aberasteko asmoz.

Diziplina anitzeko kirolariak ditu (150 orotara), txirrindularietatik hasi eta mendiko eskikoetaraino, bai eta Efren Vazquez motoziklista ohiaren akademia ere. Elur Zaldua da bere bezeroetako bat, aurten Espainiako Kopan lehen aldiz podiumera igo den eskiatzailea. Afizionatu zein profesionalak ditu, eta bakoitzari dagokion plangintza zehazten zaio. Plangintza pertsonalizatua, gertukoa, motibazionala eta errendimendukoa. «Kirolari bakoitzak, kategoria berean lehiatu arren, bere indarguneak ditu eta informe orokor bat egin behar da».

Txosten bat egiten du, bakoitzaren beharrak zehazteko. «Lehentasuna ematen diot kirolariak gehien landu behar duen atalari». Lan psikologikoak hartzen du portzentaje handi bat –%60, zehazki– eta emaitzei garrantzia ematen badie ere, nahiago du horien irakurketa ere pertsonalizatzea: «Quebrantahuesos 7 orduan edo 5 orduan bukatu batek, bere modura hobetu du; esfortzua hartzen dut kontuan». Norberaren bizi-asmoak bakarrak direlako, Errazkinek berretsi ahal izan duen legez.