NAIZ

Ekintza arrazisten gorakadari «modu kolektiboan» erantzuteko deia egin dute Bilbon

Pintaketa faxistak, panfleto arrazistak, Poliziaren bortizkeria... Bilboko San Frantzisko auzoan hainbat ekintza arrazista izan dira azken egunetan, eta bizilagunak horiek salatzera elkartu dira Mariaren Bihotza plazan.

Mariaren Bihotza plazatik abiatu da mobilizazioa.
Mariaren Bihotza plazatik abiatu da mobilizazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko San Frantzisko auzoan azken egunetan jazo den indarkeria arrazistaren gorakadaz kezkatuta eta jarrera diskriminatzaileei «modu kolektiboan» erantzungo dietela ozentzeko, ostiral arratsalde honetan hainbat pertsona elkartu da auzo horretako Mariaren Bihotza plazan.

Bizkaiko SOS Arrazakeriak eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakundeak, berrogeita hamar elkarte eta kolektibo sozialen babesarekin deitu dute protestara, azken egunetan hainbat jarrera arrazista identifikatu ostean.

Elkarretaratzea egin ostean zabaldu duten oharrean jakinarazi dutenez, asko eta mota askotakoak izan dira eraso faxista eta arrazista horiek: panfleto diskriminatzaileak agertu dira Bilboko hainbat postontzitan, «adingabeen aurkako heriotza mehatxu esplizituekin eta arrazakeria zantzu bortitzekin». Bestalde, herritar beltzen kontrako pintaketa faxistak agertu ziren San Frantziskoko kaleetan. Eraikin zehatzen kontra ere egin dute, kasurako, meskita baten kristalak hautsi dituzte, LGBTIQ+ pertsonak artatzeko lokal bati eraso egin diote eta esku-hartze sozialeko erakunde batean pintaketa neonaziak egin dituzte.

«Joan den asteartean, San Frantzisko auzoko bizilagunok, Mariaren Bihotza plazan migratutako eta arrazializatutako pertsonen aurkako poliziaren jazarpenaren eta basakeriaren lekuko izan ginen», jakinarazi dute. Egun hartan, Ertzaintzak bost pertsona atxilo eraman zituen, eta ordu gutxira, «pertsona migratzaile eta arrazializatuak estigmatizatzen, kriminalizatzen eta gizagabetzen» dituen oharra kaleratu zuen Esan sindikatuak, plazan zeuden pertsonak «gaizkileak» zirela baieztatuz.

«Honen guztiaren aurrean, ez gara isilik geratuko, gehiegikeria horiek salatzen jarraituko dugu, praktika arrazistak direlako eta pertsona arrazializatuen eta migratuen eskubideen aurkakoak direlako», aldarrikatu dute Bilboko agerraldian.

Instituzioei ardurak hartzeko galdegin diete, eta halako erasoei «modu kolektiboan» aurre egiteko dei egin dute elkarretaratzearen deitzaileek. «Pertsona guztien duintasuna eta osotasun fisikoa errespetatzea eskatzen dugu, haien jatorri etnikoa, identitatea eta sexu-orientazioa, erlijioa eta inguruabarrak edozein direla ere», adierazi dute.