Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Bizitzaren patua

Estatu espainiarra. 2024. 98’. Zuzendaria: Ibon Cormenzana. Gidoia: Eduard Sola, Ibon Cormenzana. Aktor.: Dani Rovira, Susana Abaitua, Elena Irureta. Argaz.: Albert Pascual. Musika: Paula Olaz.

'El bus de la vida' filmeko aktore zerrenda
'El bus de la vida' filmeko aktore zerrenda (REVOLUTIONARY)

2020ko martxoaren 20an, Dani Rovirak minbizia zuela iragarri zuen sare sozialetan. Horri aurre egiteko bere tresnarik eraginkorrena erabiltzen hasi zen: umorea. Urte bereko abuztuan iragarri zuen tratamendua bukatua eta jada sendatuta zegoela.

Ez da harritzekoa beraz, Ibon Cormenzana bilbotarraren ‘El bus de la vida’ filmean parte hartu izana. 40 urteko musika irakaslea den Andres gorpuzten du; Madrilen duen bizitza atzean utzi eta Euskal Herrira, Urduñara, etorriko da institutu batean libre geratu den plaza betetzeko.

Hara iristean, lehen eskola-egunean zorabiatu eta belarrian mina sentitu ostean minbizia duela esaten dio medikuak. Tratamendua jasotzeko, Bilboko ospitalera joan beharko du ‘El bus de la vida’ izeneko autobus zahar batean: inguruko paziente guztiak doan eramaten dituen autobusa da.

Antzezteko proposamena iritsi zitzaionean, Dani Rovirak ez zuen argi izan. «Zalantza asko sortu zitzaizkidan, ez nekien egin ala ez, ez nekien prest nengoen halako proiektu bati aurre egiteko, non nire barneko zenbait prozesu berpiztu behar nituen», azaldu zuen Rovirak. Filmatzen ari ziren bitartean, aktoreari kosta egiten zitzaion emozio batzuekin konektatzea: «Nire garunak etengabe esaten zidan hau jada pasatu zela».

Ibon Cormenzana bizkaitar zinema gidoilari, ekoizle eta zuzendariaren seigarren film luzea da. Dani Rovira-rekin batera aktore euskal aktore ugari topatuko dituzue: Susana Abaitua, Elena Irureta, Amancay Gaztañaga edota Jose Ramón Soroiz besteak beste.

Soinu banda Paula Olaz iruindarrak konposatu du eta talde ezagunen abestiekin ere apaindu dute narrazioa: Chill Mafia, Rigoberta Bandini Kase O edota Los Chikos del Maíz esaterako. Urduñan (Bizkaia) filmatu dute pelikula eta Ibon Cormenzana eta Eduard Solàren gidoi batetik abiatuta,  benetako istorio batean oinarritu dira.