Nerea Goti

Aske dago Loiun atxikita zegoen gazte sahararra, baina deportazioaren arriskua ez da desagertu

Goizaldetik aske dago Youssef, Loiuko aireportuan atxikita egon den gazte ekintzaile saharra. Pozik egoteko arrazoiak badaude ere, garaipena ez da erabatekoa oraindik, ohartarazi du Javier Galparsoro Zehar Errefuxiatuekin erakundeko presidenteak.

Javier Galparsoro abokatua eta Zehar Errefuxiatuekin erakundeko presidentea.
Javier Galparsoro abokatua eta Zehar Errefuxiatuekin erakundeko presidentea. (Oskar MATXIN | FOKU)

Azken hamalau egunetan, Loiuko aireportuan atxikita egon den Youssef gazte ekintzaile sahararra aske utzi dute larunbateko lehen orduekin heldutako ebazpen judizialaren aginduz. Hala ere, deportatua izateko arriskua ez da erabat desagertu, ohartarazi du Javier Galparsoro Zehar-eko presidenteak gaur goizean, Bilbon eskainitako prentsaurreko batean.

Pozik eta hunkituta agertu da Galparsoro auziak azken orduetan izan duen bilakaerarekin, eta onartu du garaipen handi bat izan dela ordu txikitan jasotako epaitegiaren ebazpena, baina nabarmendu du garaipena oraindik ez dela erabatekoa, fiskalak erabakiaren aurkako errekurtsoa jarri dezakeelako.

Gazte sahararraren abokuatuekin hitz egin ondoren egin du agerraldia Galparsorok, azken mugimenduak zehaztu eta egoera azaltzeko. Eskertu du auziak eragindako elkartasun uholdea, eta dei egin du zuhurtziaz jokatzeko. Izan ere, gaiaren inguruan «profil baxuarekin» jokatzeko gomendioa zabaldu du. «Berak prentsarekin hitz egin nahi badu ez diot nik debakatuko, noski, baina une honetan ez da gomendagarriena», azpimarratu du asilo kontuetan esperientzia zabala duen abokatuak.

Komunitate sahararrak X sarean botatako mezu batek eman du albistea, Bilboko guardiako epaitegiaren gazte sahararra Marokora ez deportatzeko erabakia jaso berritan.

Aireportuan, ez-onartuen gelan hamalau egun eman ostean, atzo bertan Marokorako hegaldi batean deportatua izateko zorian egon zen, baina hegazkineko pilotuak uko egin zion gaztea eramateari. Air Arabiako hegaldian jazotako une horretaz, Galparsorok aipatu du jakin ahal izan dutela bidaiarien artean ere mugimenduak izan zirela.

Atxiloketaren arriskua

Azken orduetan izandako mugimenduen inguruan, zehaztu du Galparsorok, ostiralean, 13.35ean, Gobernu espainoleko ordezkariordetzak posta elektronikoz jakinarazi ziela gaztearen abokatuei Poliziaren ahalmena dela lurraldeko sarrerei eta irteerei buruzko gaiak ebaztea. Galparsorok salatu duenez, posta elektronikoa ez da komunikazio ofizialetarako bidea.

Kontatu du ordu batzuk beranduago, 19.00etan, Polizia espainolak eskaera igorri ziola Bilboko guardiako epaitegiari, «askatasun gabetzea 48 orduz luzatzeko» baimena eskatuz. Horren ondorioz, epaitegietara deitu zituzten Youssefen abokatuak, baina egon behar zuen fiskalaren presentziarik gabe.

Esan duenez, epailearen ebazpena goizaldeko 1.45ean heldu da, Polizia espainolaren eskaera ukatuz, eta atzerritarrentzako edozein zentrotara eramateko edota Loiuko aretoan jarraitzeko aukerak baztertuz.

Hala ere, azpimarratu du Galparsorok epaitegiko agerraldian parte hartu ez zuen fiskalak erabakia errekurritzeko aukera duela, eta horretarako 48 orduko epea duela zehaztu du.

Esan duenez, egoera delikatua da oraindik, fiskalaren mugimendu hori egon daitekeelako, eta Youssef gaztearen egoerak irregularra izaten jarraitzen duelako. Horrekin lotuta, aipatu du atxilotua izatea beste arrisku bat dela. Izan ere, atzerritarren zentro batera eraman eta handik Marokora itzulia izateko arriskua baitago. «Zoriontsu sentitzen naiz baina etengabeko tentsioan gaude», aitortu du abokatu bilbotarrak.

Nabarmendu du, bestalde, Youssefena bezalako egoeran daudela 118 milioi errefuxiatu munduan, «bat Lurreko 79 biztanleko». Pertsona anonimo horien eskubideak babestearen beharra azpimarratu du, eta asilo eskatzaileen egoeraren inguruan hausnartzeko deia egin du.

Esan duenez, «perfil handiko» kasua da Youssefena eta, hala ere, agerikoak dira dauden zailtasunak eskubidea izan eta oso kasu mediatikoa izan arren. Horren ondoan, aipatu du jakin ahal izan dutela, gainera, gaztearen familia ohartarazi dutela gertatutakoarekin kontuz ibiltzeko.