‘Diskurtso guztiek izan behar al dute tokia plazan?’ galdera izenburutzat zuen hitzaldia eman zuen Saioa Alkaizak. Diskurtsoek hartzen duten tokiaz gain, horren hondoan dagoenari erreparatu nahi izan zion. «Gure arazo handiena bada marikoei buruzko txisteak ezin ditugula egin, nor gara gu? Trans bati buruzko broma bat ezin egiteak transak bertsotan egoteak baino gehiago kezkatzen bagaitu, agian gaizki gabiltza, agian mira gaizki jarri dugu», bota zuen ideia nagusi gisa eta jarraian taxutu zituen zenbait diskurtsok ezkutatzen dituen itzalak.
Lehendabizi bertsoa «arte adierazpide populista» dela gogoratu zuen, publikoaren feedbacka eta kode konpartitu bat behar delako; hizkuntzaren, tokiaren, momentuaren eta ideologia konpartituen bidez eraikitzen dena. Eta, hala ere, sortzaileak, sortzailea denez, «korronte demokratiko edo hegemonikoei» aurre egin diezaiokeela esan zuen. Komunikazio ekintzetan hausturak eman daitezkeela defendatu zuen, baina «prezioa» dutela hausturek, eta norberak erabakitzen duela ordaintzeko prest ote dagoen. Adibide ezberdinen bidez agertu zuen kantatzeko aukera beti dagoela; bestelakoa dela, ordea, kode komunarekin edota xede taldearekin bat egiten duen.
«Norbaitek esan dezake migranteek euskarari kalte egiten diotela, baina bueltan oinarri sozialak arrazista deituko dio, eta hori onartu behar da», gaineratu zuen. Kontatu zuen entzun izan duela indarkeria matxistari buruz zerbait esanez gero «kargu hartzen» dela egun plazan, eta argipen bat egin zuen: «Plazan indarkeria matxista ematen da, eta orduan debatea beste bat da. Batzuek jarritako markoa bada ezin dela deus esan, latzak esaten dira». Eskuinak bozgorailuak alde guztietan dituela agertu zuen, eta eskuina gero eta indartsuago dagoen honetan, faxismoaren diskurtsoei eta markoei tokia egitearekin kontuz ibili behar dela ohartarazi zuen.
Ezin da deus esan
Nork esaten du ezin dela deus esan? «Ezin dela deus esan esaten dute lehenago dena esan dutenek, lehenago mundua definitu dutenek eta narratiba bat sortu dutenek zentroa definitzeko». Garai batean uso-pasari buruz, erlijioari, baserriari edo presoei buruz asko kantatzen zela nabarmendu zuen, eta jarraian gehitu: «Gaitegia zurrunagoa zenean, ez zen problema bat zer gai zegoen eta zein ez; orain bihurtu da problema».
«Politikoki zuzena», «kantzelazioaren kultura» edota «wok kultura» bezalako terminoak eskuinak bereganatu dituela adierazi zuen, eta terminoen jatorriarekin eta erabilerarekin nahasmena sortzen ari dela: «Aurrerakoia izan eta gure eskubideak islatzeagatik karikaturizatu gaitu eskuin muturrak, eta orain, bertso batean gurpildun aulkian dagoen pertsona bat sartzen baduzu, esaten dizute politikoki zuzenarena ari zarela egiten. Eta niretzat, hor dagoena da zein puntutaraino islatu aniztasuna, eta aniztasuna gu gara, ez da estrategia politiko bat».
Alkaiza: «Dena esan ote daitekeenaren diskurtsoa plazaratzen dugun aldi berean galdetzen dugu: faxismoak tokia izan behar du plazan»
Hala ere, egin zituen ñabardurak, eta zapalduak diren subjektuen inguruan kantatzerakoan zertarako kantatzen den pentsatu behar dela zehaztu zuen, gako interesgarri bat mahaigaineratuz: «Txapelketan bakarrik, eta bakarkakoetan ateratzen diren gaiak dira asko. Zein momentutan erabakitzen dugu txapelketan izatea ez dakit nor? Ohiko plazetan ateratzen ditugu gai horiek?». Horri lotuta, fikzioaren gaiaren inguruko zenbait zertzelada ere bota zituen. Bere ustez, fikzioa egin daiteke, eta egin behar da, baina zertarako egin pentsatu behar dela aitortu zuen. Eta arduraren ikuspegia ere nabarmendu zuen, «nola, noiz eta zertarako» hausnartu behar dela, alegia.
Ondorio gisa, diapositiba bat jarri zuen, eta horrek laburbildu zuen bere solasa: «Gutxiengoei eta zapalduei hitza emateak baino gehiago kezkatzen bazaitu haiek iraintzeko ezinak, arazo bat daukazu. PD. Gorputz disidenteek pairatzen dute biolentzia eta bazterkeria, ez haietaz barre egin ezin duten fatxek eta matxiruloek».
Zapaltzaileak zapalduez
Maider Arregik eman zion jarraipena jardunaldiari, ‘Gai bati buruz kantatzeko zilegitasuna’ solasaldiarekin. Hasieratik abisatu zuen arrazakeriaren gaian jarriko zuela arreta, eta hipotesi bat planteatu zuen galdera bati erantzunez: «Kantatu dezakegu gu baino zapalduagoak diren pertsonen ikuspuntutik? Nire ustez, ez genuke kantatu beharko estrukturalki gu baino zapalduagoak eta gugandik zapalduak dauden pertsonen ahotik». Eta berak praktikara ere eramaten duela aitortu zuen; ez duela emakume beltz baten ahotik kantatzen, esaterako.
Bere hipotesiaren aldeko argudioak eta kontrako argudioak aurkeztu zituen, eta ondorioak azaldu amaitzeko. Lehendabizikoa, emakume arrazializatuen euren eskaria izan zen: «Euskal Herriko talde antirrazistek Durangoko V. Jardunaldi Feministetan esplizituki eskatu zuten guk beraien ahotsa ez erabiltzeko». Arregik azaldu zuen emakume horiek esan zutela ez zutela «kuota» bat izan nahi zurien artean: «Guk arrazakeriaren inguruko gaiak jartzen ditugunean, zenbateraino da kuota bat betetzeko?». Durangon azaldutako beste gai bat espazio seguruena izan zen, «mahai-inguru hasieran esan zuten: ‘hau ez da espazio seguru bat guretzat’. Eta hona ekarrita, bertsolaritza bada?», galdetu zuen berak. Azkenik, talde antirrazistetako kideek «arrazializatuak, errefuxiatuak edota migratuak» ez diren emakumeek errepresentatzerik ez zutela nahi adierazi zuten, eta Arregik artearekin lotu zuen, «ez dute nahi beraien esperientziak erabiltzea guk gure artea egiteko».
Alkaizak gehitu zuen bera gehien ez duela kezkatzen kolektibo zapaldu baten inguruan txiste bat egiteak, agian gaizki ulerturen bat izan dela; gehiago kezkatzen duela kolektibo horietako inor kantuan ez egoteak.
Apropiazioaren arriskuaz ere mintzatu zen oñatiarra, galdetuz ea txaloak lortzeko eta txapelketan puntuak eskuratzeko edota benetan egun bertso plazan ahotsik ez dutenen aldarriak plazaratzeko erabiltzen diren pertsonaia horien ahotsak. «Bertsotan, normalean marrazten dugun migrazio mota Melillan salto egin eta Euskal Herrira iritsi direnena da, familiari dirua bidaltzen diotenak, euskara ikasi nahi dutenak… Istorio horiek ez dute errealitatea islatzen, eta hori, gutxienez, arriskutsua da. Gu errepikatzen ari garen profil hori oso bakana da, eta iruditzen zait hori egiten dugula gure ezkerreko ideal propioak indartzeko, eta ez beraien aldarrikapenak indartzeko».
Ondorioztatu zuen autokritika egitea baino errazagoa dela apropiazioa eta horregatik egiten dela. Sarritan entzuten dugu antirrazistak garen berrespena; oso gutxitan, ordea, arrazistak garela.
Aurkako argudioen artean, bere hipotesiaren zenbait arrisku taxutu zituen; lehenengo edo hirugarren pertsonan kantatu ezberdina izan daitekeela azaldu zuen, baina hirugarren pertsonak ez gaituela «akats guztietatik salbatzen» onartuz. Ezjakintasunetik kantatu edota landutako gaia izan ere, ezberdina izan daitekeela aipatu zuen. «Kolorearekiko itsutasuna» izan zen landu zuen beste termino bat, eta adibide batekin ongi uler daiteke: «Gai batzuetan ez dago zehaztuta arrazismoaren inguruko gaia dela, baina bada. Adibidez, gaia denean ‘zure amona gero eta zaharragoa da eta pertsona bat kontratatu edo ez pentsatzen ari zarete’. Gaur egun kontratatzen diren –edo ez diren eta beltzean ordaintzen zaien– etxeko langile gehienak emakume arrazializatu eta migratuak dira. Halako gai batean arrazaren faktorea ez sartzea moduren batean kolorearen itsutasuna da, zapalkuntza estruktural bat tapatzen egotea da».
Arregi: «Egin behar ditugun politikei eta eraldaketa materialei buruz ez hitz egitea icebergaren puntaz hitz egitea da, azpikoa ezkutatuz».
Arregik beste adibide pertsonal bat ere jarri zuen bere hipotesiaren aurkako argudioen artean; berak gizon zis batek transexuala izateari buruz lehen pertsonan kantatu izana kritikatu zuen, eta parean zuen trans pertsonak erantzun zion: «Ba nik eskertu dut, bestela ematen du ez garela existitzen». Aldi berean, hitzaldia dela-eta arrazializatutako pertsonei beren iritzia galdetuta jaso zuen erantzuna ere kontatu zuen; erantzun zioten ez zitzaiela batere inporta bertsolariak zeri buruz ari ziren kantuan, beste behar batzuk dituztela, eta hausnartu zuen: «Zenbateraino da guk, pertsona zuriek, gure konplexuetatik egiten ditugun hausnarketak? Beraiek ez ditu hainbeste zeharkatzen honek».
Bi ondorio nagusi eta gogoeta bat
«Bertso mundua ez da anitza, eta bitartean dena izango da txapuza bat», bota zuen. «Garrantzitsuagoa da pertsona arrazializatuak oholtzan egoteko politika errealak egitea, gu egotea baino beraiei buruz kantatu ala ez hausnartzen». Apropiazio kulturalaren inguruan, zertarako ari garen galdegin behar dela aipatu zuen, eta Palestinako erresistentzian dauden emakumeek aurrez emandako aholku bat gogoratu zuen: «Aldarri zehatzak egin daitezke, emozionalitateak erabili gabe, enteratu zertan ari diren militante antirrazistak eta aldarri konkretuak, eta aldarri egin».
Arregiren ustez, hausnarketa bat dago egiteke, «zer gorputz falta diren eta horiek egoteko zeintzuk liratekeen estrategiak», helburu garbi batekin: bertso mundua benetan anizten joatea. «Hori egiten dugun arte alferrik da zertaz ari garen hizketan, zein gorputz errepresentatzen ditugun eztabaidatzen aritzea; hauek gure konplexu propioetatik datozen debateak dira. Benetako debatea bestea iruditzen zait», laburbildu zuen.