Urtzi Urrutikoetxea

Biden ez bada, nor? (eta nola?)

Alderdi Demokratan ahotsak Joe Biden presidentearen inguruan bildu dira berriz ere. Kontsigna, zer gerta ere, elkartuta agertzea da. Zalantzak ez dira desagertu, horratik, eta hedabideetan soka luzea izango du oraindik gaiak datorren abuztuan deituta dagoen konbentzioraino, gutxienez.

Joe Biden eta Kamala Harris ostiralean.
Joe Biden eta Kamala Harris ostiralean. (Mandel NGAN | AFP)

idenek hautagai izaten jarraitzeko motiboak bat baino gehiago dira: lehenengoa, bera da karguan dagoena, eta ia beti, presidenteak zortzi urte egiten ditu jarraian. Hautagai berri batek ez luke Etxe Zuriko maizterrak –edozein alderditakoa dela– berez daukan abantaila hori izango. T

itular handien eta oihu, zarata eta gezur ugarien artean, ez da ahaztu behar Bidenek harro defenda dezakeen balantzea dakarrela: pandemian zen nazio baten agintea hartu zuen, langabeziarik gabeko eta ekonomia oso indartsu doan herrialde bihurtu du, eta Kongresuan daukan esperientziarekin lege garrantzitsuak aurrera ateratzea lortu du, ingurumenean eta ekonomian, kasu. Milioika herritarren unibertsitate-zorrak kentzea lortu du.

Hautagai berriak, Bidenen balantzea defendatuta ere, horretarako gai ote den frogatzea faltako luke. Horrekin batera, Trumpi irabazteko eta mehatxu autoritarioa geldiarazteko gai ote den. Bidenek egin du, behin; gainerakoek, ez.

Funtsean, galdera nagusia hori da, edonor dela ere, nola geldiarazi Trump, eta berak agindutako hondamendia. Hauteskundeetarako lau hilabete falta direla –eta Chicagoko konbentzioan hiru baino gutxiago izango dira – presidenteak bazterrera egingo balu, presidentegaia hautatu eta bultzatu beharko lukete demokratek.

Boto-paperak «ticket» izateak, presidente eta presidenteorde izateko hautagaien izenekin, pentsarazten du logikoena ardura hori Kamala Harrisek hartzea litzatekeela. Baina arazo bat baino gehiago daude horretarako: onarpen-indizeetan ez ditu oso emaitza onak, hasteko.

Horri guztiari misoginia puntu bat gehituta eta emakumeek lan publikoan duten azterketa zorrotza, –gizonena baino askoz zorrotzagoa– maldan gora jartzen dio kanpaina. Eta ezin ahaztu Kamala Harrisek Etxe Zuriko lanik deseroso eta esker txarrekoenak egin behar izan dituela; immigrazioarekin lotuta, batez ere, Erdialdeko Amerikara zenbait bidaia tartean. Immigrazioa eta delinkuentzia kanpainako gai nagusi bihurtu dute errepublikanoek; Harrisen aurka lehen egunetik joko lukete.

Gavin Newsom eta Gretchen Whitmer

Etengabe nabarmendu den beste politikari bat Gavin Newsom Kaliforniako gobernadorea da. Agintaldi erdiko hauteskundeen ostean, ekitaldiak egin ditu bere estatutik kanpo, baita atzerrian ere, eta Fox kate eskuindarrean oso elkarrizketa ona eman zuen, Bidenen lorpenak defendatuz eta etengabe estutu nahi zuten kazetarien aurrean oso txukun geratuz. Printzipioz, pentsa liteke 2028rako abiapuntu egokia nahi duela Newsomek, baina edozein unetan zelaira irteteko prest zelaian gora eta behera arineketan dihardutenetakoa da.

Baina Harris ez den beste edonor presidentegai izendatzea orain arteko gobernu-taldea zalantzan jartzea bezala uler liteke. Harrisen unea iritsi eta txanda-pasa egitea litzateke. Bestalde, Harris eta Newsom ezin dira ticket berean egon, biak Kaliforniakoak izanik. Edonola ere, ez da ahaztu behar konbentzio demokratan ordezkari gehien Kaliforniak bidaltzen dituela, %22; beraz, boto-paperetan kaliforniar bat  egoteko aukera handia dago.

Gretchen Whitmer Michiganeko gobernadorearen izena ere bolo-bolo dabil. Karisma handia du, abortu-eskubidearen defendatzaile irmoa da, eta, era berean, Estatuko kongresuan errepublikanoekin lan egiten jakin izan du. Azken egunotan, polemikaren batean ere izan da; “Politico” hedabidearen arabera, osteguneko Bidenen agerraldiarekin ez zegoela Michigan irabazterik esan zuen.

Whitmerrek ukatu egin du hori esan izana. 2016an Trumpek eta 2020an Bidenek irabazi zuten estatu industriala da Michigan; AEBetan arabiar eta musulman biztanle kopuru handiena dauka, eta Gazako gerrak eragin handienetakoa duena da. Otsaileko primario demokratetan, Michiganeko botoen %13 (100.000tik gora), uncomitted (konpromiso gabeak) izan ziren, eta ondorioz 37 ordezkari izango dira Chicagoko konbentzioan abuztuan Bidenen alde egiteko konpromisorik gabe. Whitmerrek, edozelan ere, Bidenekin bat datorrela esan du, eta ez duela hura ordezkatzeko asmorik.