Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Eztabaida kalean txertatu zezenak plazatik ateratzeko

Kolore biziz eta jai giroan, Iruñeko kaleak bete ditu zezenketen aurkako kalejirak. Elektrotxarangaren erritmoan eta zezen handi baten gidaritzapean, jendetza batu da, zezen plazan lehen zezenketa egiten ari zen bitartean. Eztabaida mahai gainean jarri dute eta peñei pauso ausartak ematea eskatu.

Zezenketen aurkako kalejira Iruñean.
Zezenketen aurkako kalejira Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ba al dago Iruñea zezenketen eztabaidari aurre egiteko moduan? Urtero, sanferminak gerturatzearekin batera, ilara luzeak egiten dira Arrotxapean, zezenak ikusteko. Entzierroetan gero eta jende gehiago ikusten da eta zezen plazan, nahiz-eta duela urte batzuetatik hona sarrerak lortzea ez den utopikoa, ez da saldu gabeko sarrera askorik izaten. Aldiz, gero eta jende gehiagok parte hartzen du zezenketen aurkako ekimenetan eta igande honetako kalejira horren eredu izan zen eta pitzadura txiki bat sortzen ari dira zeharkaezina zirudien horma batean.

Plazara ekarri dute debatea. «Funtzionatzen hasi ginenetik, funtsezko ideia zen eztabaida sustatzea», kontatu dio NAIZi Txaro Buñuel, ekimeneko kideak. Eta bide horretan antolatzen dute 2017tik hona kalejira hau.

Iban Pastor eta bera gaur arratseko kalejiran zeuden. Buñuel honen buruan ikus genezakeen. Pastor ikustea, aldiz, zaila zen. Edo ikustea baino hobe, ezagutzea. Izan ere kalejira gidatzen zuen zezen erraldoi baten barnean zihoan.

XIV. mendean egin ziren lehen zezenketak Iruñean. 1385ean Karlos II. Nafarroako erregeak uztailaren amaieran zezenketak antolatzen zituela adierazten duen idatzizko dokumentazioa dago. Entzierroak, berez, zezenak zelaitik hirien erdigunera eramateak eragin zituen. Beraz, garai hartan Gazteluko plazaren izkinetako batean kokatzen zuten zezen-plazara hiriko kanpoaldetik animaliak eramateko beharretik jaio zen.

Itxaropena

Ia 640 urte beranduago gizakion gozamenerako zezenak hiltzea ohitura da oraindik ere. Baina Iruñea Antitaurinako kideen iritziz, bada itxaropena. «Eztabaida bizirik dago. Lehen tabua zen giro batzuetan eta orain Sanferminetako Mahaian gaude, peña batzuek gaia eztabaidatu dute eta honi buruzko edozein albisteren eragina biderkatu egin da».

Ez dute argi eztabaidak zein bide eraman behar duen Iruñean, baina eztabaida egon badagoela ez dute zalantzan jartzen. «Katalunian, Parlamentuak eztabaidatu egin zuen, eta, ondoren, debekatzeko erabakia hartu zuten. Leku bakoitzak bere prozesua eramango du, baina hemen helburua eztabaida hori azaleratzea zen».

18/2013 Legeak tauromakia blindatu zuen Espainian. Kultura ondare ez-materialaren parte zela, babestu egin behar zela eta zaintza eta sustapen hori Estatuko Administrazio Orokorrari zegokiola xedatu zuen. ILP batek 500.000 sinadura bildu nahi ditu hau indargabetzeko.

Honela, Kataluniako esperientziak «debekuak ez duela funtzionatzen» irakatsi duela uste dute. «Hala ere, Katalunian ez da berriro zezenketarik izan. Balearretan izan da baten bat», goraipatzen du Buñuelek.

Iruñeko bidea

Iruñean desberdina izango da. Zezen plaza ez da Udalarena eta Udala ez da zezenketa hauek antolatzen dituena. «Bere bidea izan beharko du, eta hiriak erabakitzen badu ez dela zezenketarik izango, ez baita zezenketarik izango. Ez debekatuz», insistitzen du.  Oraingoz mugimendu «oso motelak» ematen ari direla iritzi dute. «Gero eta peña gehiagok antolatzen dituzte jarduerak arratsaldean, edo peñaren batek txaranga plazara eramateari utzi izan dio egun solte batean. Ondo daude ekimen horiek. Baina pauso horiekin eta ematen ari diren abiaduran, ez dugu etorkizun hurbilik ikusten, zezenketekin amaitu ahal izateko», kritikatzen du Pastorrek. Hori dela eta, «ausardia» eskatu diete Peñei.

«Iruñean zezenketak zergatik mantentzen diren aztertzen baduzu, ez dut uste hemengo jendea Tutera, Lizarra, Gasteiz edo Bilboren desberdina denik. Gasteizen jada ez dago inor ez zihoalako, Tuterako iazko argazkiek erakusten dute ez zegoela toreatzailea bizkarrean hartzeko adina jende ere. Hemen ere eman da desafekzio hori. Gehienek ez dute zezenketarik nahi. Peñarik gabe, zezenketek oso gutxi iraungo zutela uste dugu. Txarangek sortzen duten girorik gabe, hondarrean gertatzen dena bakarrik geratuko zen. Eta hustu egingo lirateke», gehitzen du Buñuelek.

Eztabaida hauek emateko baina, trabak daude oraingoz. Elkartu dira Peñen Federazioarekin eta erantzun dietena eztabaidak peñetatik bertatik eraman behar direla da. «Peñetako peñakideak badira eztabaida gaia eramaten dutena, federazioak eztabaida hori bultzatu ahal izango du. Jendeak zezenketetara joaten jarraitzen du, ez dago masa kritiko hori peñen barruan. Eta masa kritiko hori egon arte, ezin izango dute eztabaida hori bultzatu».

Eta nazioarteko jendea erakartzeko ez dute uste zezenketak aktibo nagusi bat direnik. Bai giroa eta bai entzierroa. Izan ere zezenketa eta entzierroen artean bereizi egiten du Iruñea Antitaurinak. Plataformaren baitan ere iritzi kontrajarriak daude. Eta Buñuelek azaltzen du hartutako posturaren zergatia. «Nafarroako gizartea eta Iruñekoa ezagututa, jende askok ez ditu gaizki ikusten entzierroak. Bisualki animalia korrika ikusten duzu, eta zezenketan animalia birrintzen. Hirian izandako zezenketen aurkako aurreko esperientziak azkar jaio eta hil ziren. Hori saihesteko, banatzea erabaki genuen».