NAIZ

Hamasei eztei-jantzi eta kaleko hogei arropa, Jantziaren Zentroan erakusketa iraunkorrean

Ezkontza egunean munduko hainbat herrialdetako emakumeek soinean eramandako arropak eta bi mendetako kaleko modaren bilakaera ikus daitezke Errenteriako Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkorrean. Horiez gain, udako erakusketa berriak Belle Epoque garaira garamatza.

XVIII. mendetik XX. menderako errepasoa egiten du erakusketaren bigarren zatiak.
XVIII. mendetik XX. menderako errepasoa egiten du erakusketaren bigarren zatiak. (JANTZIAREN ZENTROA)

‘M/Boda’ izeneko erakusketan, 16 ezkongai jantziren bidez emakumezkoek ezkontzarako erabili duten arroparen 150 urteko bilakaera ezagutuko dugu.

Areto nagusian 13 ezkontza-jantzi, guztiak zuriak edo beix kolorekoak, aurkituko ditu bisitariak. Jantziaren Zentroaren arduradunek argitu dutenez, 1840 eta 1988. urte birtartekoak dira. Jatorriari dagokionez, bat Donostiakoa da, 1958. urtekoa hain zuzen ere, gainerakoak frantziar Estatua, Kanada, Estatu Batuak, Britainia Handia, Italia eta espainiar Estatukoak.

«1880-1920ra bitartean emakumeek ezkontza soinekorako kolore beltza erabili zuten, bi arrazoi tarteko. Bata, dolua; bestea, sen ona. Garai horretan jantzi gutxi zituzten eta probetxua ateratzen zieten hamaika bider jantzita», adierazi dute antolatzaileek.

Aretoaren kanpoaldean garai horretako hiru ezkontza jantzi beltz kokatu dituzte. Guztiak Euskal Herrikoak dira, Jantziaren Zentroak dohaintzan jasotakoak, Gasteiz, Leitza eta Ordiziako jantziak.

Bi mendetako modaren bilakaera

Bigarren solairuko erakusketa XVIII. mendean abiatzen da, eta 1960. urtean amaitu. Hogei jantzi dira, eta modak historian izan duen garapena eta aldaketa ikus dezake bisitariak aretoan. «Ikusgai dauden jantzien artean, kalerako erabilitako bi jantzi berezi aipatu daitezke, bata, ‘bisita’ izenekoa, Manilako mantoiaren antzerako oihalarekin egindako jantzia, bestea, operara joateko berokia», nabarmendu dute Jantziaren Zentrotik.

Aretotik ateratzerakoan eta bisitari amaiera emanez, Cristobal Balenciagaren Eisa etxeko 50-60. hamarkadetako sei jantzi eta hainbat buruko ikus daitezke.

‘Belle Epoque’ erakusketa udan

Bestalde, Jantziaren Zentroaren udako proposamen berriak Belle Epoque garaira garamatza. «XIX. mende amaieratik Lehen Mundu Gerra arteko urteak dira, garai honetan klase sozial berria sortu zen, burgesia, honek aisia eta entretenimendua sustatu zituen. Erakusketan gauez zein egunez emakumezkoek erabiltzen zuten janzkera ezagutuko dugu, propio sortu diren errepliken bidez», diote.

Gauez, 1887eko uztailean zabaldu zen Donostiako Kasino Handiko festa batean murgiltzera gonbidatzen du Jantziaren Zentroak. Zortzi emakume arropen erreplikak dira, guztiak lurreraino iristen diren gona luzeak dituzte, amaitzear den estilo edo moda baten azken urteak dira.

Egunez, emakumeak kirola praktikatzen hasi ziren. Erresuma Batuan sortu ziren kirol gehienak eta horietarako erabili beharreko jantziak. «Zaldiketa, ziklismoa, automobilgintza, tenisa eta itsas-bainurako erabiltzen zituzten bloomer galtzak, amazona jantzia, zein 1860. hamarkadan bainurako sortutakoa. Jantziez gain, erakusketarako testuak sortu dira emakumeak kirol horiek praktikatzeko izan zituzten zailtasunen berri emanaz», esan dute.

‘Belle Epoque’ erakusketa Kapitain Etxearen sarreran doan ikus daiteke urriaren 27ra bitarte.

Udan bisita gidatuak

Jantziaren Zentroak udan bi bisita berezi eskainiko ditu, 7 euroren truke (pentsiodunak 6 euro). Lehenean, Lola Horcajo historialariak Donostiako Belle-Epoque garaia azalduko du. Bisita uztailaren 13, larunbata, arratsaldeko 18.00etan izango da.

Bigarrenean, Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkorrera bisita egiteko aukera eskaintzen da. Uztailaren 14 eta abuztuaren 25ean, bi egunetan 12.00etan.

Bisita horietan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da, sarrera kopurua mugatua baita, jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzi ala Errenteriako turismo bulegora deituta 943-494521.