Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Takonera, beroaren aurkari eta euskararen eta familien babesleku

Alde Zaharreko kale estuen burrunbatik aldenduta, Iruñeko Takonera parkea oasi bat da, familia eta euskaltzaleentzako arnasgunea. Oinez txokoan gau eta egun lan egiten dute boluntarioek eta, metro gutxira, aurrentzako paradisu bihurtu da Birjolastu espazioa.

Haur eta gurasoez gain, aiton-amonak ere protagonista dira Birjolastu espazioan.
Haur eta gurasoez gain, aiton-amonak ere protagonista dira Birjolastu espazioan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Alde Zaharreko kaleetako jende pilaketa eta burrunbatik Takonerara iristeko, nahikoa da zebrabide bat gurutzatzea. Baina mundu bat dago bi espazio hauen artean.

Urtero legez, jendetza gerturatu da sanferminetako lehen egunetara eta, kostata izan bada ere, beroa ere iritsi da nafar hiriburura. Etengabeko marmarra dago karrika estuetan, eta beroa termometroak markatzen duena baino handiagoa da. Kargatuta dago giroa, eta hori ere bada sanferminen ezinbesteko ezaugarria. Agian baten batek xarma ere deituko dio.

Baina posible da gehiegi aldendu gabe hortik ihes egitea. Takonera parkea, aspalditik, euskararen babesleku izan da, bertan kokatzen baita Oinez txokoa.  Beroaren aurkako gotorleku ere bada. Pago lirainak, magnolio hostotsuak eta Ginkgo biloba bereziak edo 40 metroko garaiera duen sekuoia erraldoi batek eskaintza ezinbesteko bat egiten dute: itzala. Hauei, azken urteetan, Birjolastu espazioa gehitu zaie, txikien gozaleku eta helduen arnasgune.

Auzolana

Oinez txokora iristean, Nafarroa Oinez antolatuko duen Zangozako ikastolako Miguel Lozanok egin digu harrera. Astearte honetan dauden boluntarioen arduraduna da. Lo gutxi eginda dator, izan ere, astelehenean barraren atzean zebilen zerbitzari, eta berandu etxeratu zen.

Astearte honetan Iruñerriko San Fermin eta Paz de Ziganda ikastoletako boluntarioak gerturatu dira, Zangozako ikastolako hainbat familia, ikasle ohi eta beste norbanako batzuekin batera. Lozanoren hitzetan, auzolan hori da daukaten «altxor nagusia» eta egiten dutenaren muina: «Gizartea batu, helburu amankomun batekin». 

Hau kontatzen duen bitartean, Huntzaren ‘Lasai lasai’ abestia entzuten da bozgorailuetatik. Lasai dago gunea goizeko lehen orduan, baina jende asko ari da gerturatzen  aurten ere, eta batez ere otorduak dira lan-karga handiena duten uneak. «Familia asko txikiekin etortzen diren txokoa da. Itzalgune bat da. Gauean ere kontzertuak antolatzen dira eta beste publiko mota bat etortzen da, baina bazkaltzeko eta afaltzeko orduan hurbiltzen da jende gehien».

Birjolastu

Familiak gerturatze horretan ere asko laguntzen du 100 metro eskasera 2017tik hona kokatzen den Birjolastu espazioak. Espazio honetan ideia nagusiak berrerabilera, ekonomia zirkularra eta garapen jasangarriaren helburuak dira. Jolas egiturak eta eremuak material sinpleetatik abiatuta daude sortuak, beste espazio batzuetatik berrerabiliak edo enpresetako edo hondakinetako soberakinak, hala nola kutxak, hodiak, gurpilak, oihalak, paletak, altzariak edo etxetresna elektrikoak.

Renataren pertsonaiaren atzean Olatz dago. «Parkeko amatxi bezalakoa naiz. Informazioa emateko laguntzeko, zalantzak argitzeko...»

Familia ugari ikus daitezke bertan. Baita haur aulkitxo asko ere, zeintzuekin Alde Zaharrera sartzea odisea den. «Jende asko ari da gerturatzen», kontatzen du Renatak. 2017tik daude bertan, eta nabarmena da jendeak gero eta gehiago ezagutzen duela espazio hau. «Urtero jolasen bat aldatzen da. Aurtengo berritasuna ‘klariondu’ zatia da, marrazteko. Kotxe beltz bat dago, oso tristea eta marraztu beharrekoa».

Berotik babesteko tokia ere bada. «Eskertzen da, eta egiten ditugu dutxika popularrak bero handia egiten duenean, eta denok dutxatzen gara batera», kontatzen du Renatak.

Takonera, beraz, bederatzi eguneko jai hauetan bizirauteko ezinbesteko espazio bihurtu da askorentzat. Baita euskara biziberritzeko ere.