EHUko «prekarioen bidegabekeriari» behingoz aurre egitea eskatu diete Errektoretza eta Lakuari

Urtebete egin du EHUko Prekarioen Koordinadora abiatutako borrokak, eta ostegun honetan LAB, Steilas eta ELA sindikatuekin batera balantzea egin du. «Iruzurra» eta «mutu» uzteko saiakerak salatu ondoren, Lakuako Gobernu berriari eta Errektoretzari dei egin diete, arazoari behingoz heltzeko.

Batera agertu dira sindikatuak eta Prekarioen Koordinadoraren ordezkariak Leioan.
Batera agertu dira sindikatuak eta Prekarioen Koordinadoraren ordezkariak Leioan. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

EHUko Prekarioen Koordinadorak eta hiru sindikatuk (LAB, Steilas eta ELA) batera agertu dira ostegun honetan Leioako kanpusean, beren urtebeteko borrokaren balantzea egin eta dei zuzena egiteko: «Gaur hemen adierazi nahi dugu Unibertsitatearen eta Gobernuaren erantzukizuna dela ordezkoen inguruan eurek beraiek sortu duten arazoari konponbidea ematea eta ez dugula etsiko hori lortu arte. Hartara, dei egiten diogu errektoretzari baita Eusko Jaurlaritza berriari ere, eman beharreko pausu guztiak eman ditzaten egoera zentzugabe eta diskriminatzaile honekin amaitu eta ordezkapenak zentzuzko baldintzetan (soldata eta lan baldintza duin eta ez prekarizatzaileak) egin daitezen».

Hau gertatu ezean, hurrengo ikasturtean ere mobilizazioak egingo dituztela aurreratu dute. Are gehiago, «egoera honen aurrean Errektoretza Taldeak mutu nahi gaituelako; miseriazko egoera honetara ohitzea nahi du, irakasle eta ikertzaile otzan eta apalak bezala». Iazko urrian jada grebara jo zuten hau guztia salatzeko.

Aldarrikapena gogoratzen eman diote hasiera agerraldiari. «Duela urtebete inguru abiatu genuen Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren aurrean (USLO edo LOSU bezala ezagunagoa egin dena) Euskal Herriko Unibertsitateak izandako jarrera murriztaileak sortutako ondorio prekaritzaileen aurkako borroka. Honez gero, aski ezaguna egin da, lege horretaz UPV/EHUko Errektoretzak egindako interpretazio murriztailearen ondorioz, bertako irakasle eta ikertzaile askok ordezkapenak gehienezko 800 eurotako soldata baten truke egiten ditugula; kasu gehienetan, eman beharreko irakaskuntza-orduak lanaldi osoko irakasle batek dituen orduen pareko direnean. Aski ezaguna da ere, unibertsitateko irakasle karrera bat egiteko guztiz beharrezkoa dela ikertzea eta, kasu askotan, inolako aitorpen eta laguntzarik gabe egitera behartzen gaituztela».

«Gainera, gogoratu behar dugu USLOk berak ikerketa eskubide eta betebehar gisa ezartzen duela irakasle-ikertzaile guztientzat», oroitarazi dute.

«Akaso ez dira horren ezagunak egoera horrek urte luze honetan Euskal Herriko unibertsitate publiko nagusian sortutako ondorioak –onartu dute–. Baldintza ekonomiko prekarioak direla eta, ordezkapenak ez dira betetzen. Hainbat kasutan ikasleak denbora luzez egon dira klaseak behar bezala jaso gabe ordezkoen faltagatik. Beste hainbatetan, gainerako irakasleek ordezkatu behar izan dituzte sortutako hutsuneak, beraien lan zama biderkatuz. Denbora tarte honetan ere, hainbat lankide beraien lanpostua uzten ikusi dugu, egoera honek sortutako lan duinaren etorkizun faltaren ondorioz».

Honakoa erantsi dute: «Gelditu diren ordezko kide gehienen egoera benetan tamalgarria da, gehienez 800 eurotako ordainsaria osatzeko bestelako lanak bilatuz baina apenas denbora librerik gabe karrera akademikoaren exijentzia mailaren ondorioz. Aspektu material horiez gain, lan baldintza prekarioek arrisku psikosozialak areagotzen dituzte eta langileen osasunean duten eragina ikusi dugu gure lankideen artean».

Prekarioen Koordinadora eta sindikatuen ustez, «Unibertsitate honetako arduradunei bikaintasunaz hitz eginez bete izan zaie ahoa, baina bertako irakasle eta ikertzaileen eskubideak etengabe zapaltzen ikusi ditugu, ordezkoen kolektiboaren existentzia bera ukatzeraino».

«Pizgarria» eta «iruzurra»

«Baina urtebete honetan guztiak ez dira atsekabeak izan –zehaztu dute–. Ordezkoekin hartutako erabaki murriztaile hau pizgarria izan da unibertsitatean dinamika mobilizatzaile bati ekiteko; ikasturte honetan bost greba egun egin ditugu orotara, bi irakasle-ikertzaileen kolektiboko aldarrikapenak erdigunean jartzeko eta beste hiru unibertsitate osoan, sektore publiko guztian bezalaxe, ematen ari diren atzerapausoak salatu eta negoziazioari ekiteko. Urte asko egin behar dira atzera unibertsitatean horrelako gatazka maila batekin topo egiteko», nabarmendu dute.

Borroka honen aurrean, «Errektoretza taldea arazoa bera ukatzetik inora eraman ez duten promesak egitera pasa da. Duela hilabete batzuk gatazka konpontzeko ate bat irekitzen zela aipatu zuen Estatuko Unibertsitate Idazkariarekin bildu eta gero, baina ez dugu emaitza aipagarririk ikusi. Ehundaka plaza berrien sorrera iragarri zuen, esan gabe horietako gehienak hurrengo urteetan eman beharreko jubilazioen aurrerapena baino ez zirela».

Honela erantzun diote mugimendu horri: «Sortzen eta sortuko diren laguntzaile doktore plazekin ez da arazoa konponduko. Leunduko du, neurri batean, ordezkapen gutxiago egingo direlako, baina ordezkapenak egiten jarraituko da, ezinbestekoak direlako eta ordezko irakasle horiek miseriazko soldatak jasotzen jarraituko dute, egiten dituzten aktibitate guztiak ordaintzen ez zaizkielako. Beraz, arduraldi partzialeko irakasleen soldatak duintzeko ezinbestez Eusko Jaurlaritzak 41/2008 dekretua aldatu behar du».

Iragarpen horiekin «iruzurra» egin nahi izan zaiela uste dute arazoa jasaten duten pertsonek. «Iruzurraren tamaina horrenbestekoa izan da, berriki jakin izan dugula, Granadako Unibertsitatean, esaterako, jardunaldi osoko kontratazioak egiten jarraitu dutela denbora honetan. Eskaera bera egin zion Eusko Legebiltzarrak duela hilabete batzuk EHUko zuzendaritzari, baina entzungor egin zioten».

Laburbilduz, «egoskorkeria baten kontakizuna izan da urte honetan bizitakoa eta orain, agerian gelditu denean ordezkoentzat lan baldintza duinak jaso ditzakeen bestelako kontratazio politika egin daitekeela, ez dute atzera egin nahi, beraien itsukeria agerian geldituko litzatekeelako».

Amaitu aurretik zera ekarri nahi izan dute gogora: «Lan baldintza prekarioen eta egindako murrizketen kontakizuna ez dela azken urte honetan hasi. Oso aspalditik datoz, baina egungo arduradunek horretan sakontzeko erabakia hartu dute. Lan-zama handitu digute azken urteotan eta hurrengo ikasturtean martxan jarriko duten Jardun sistemarekin gehiago handituko dela aurreikusten dugu. Horrez gain, plantillaren ezegonkortasuna oso handia da eta, gainera, kolektibo ezegonkorrenak sistematikoki diskriminatzen dituzte, egoera are gehiago okertuz (behin-behineko irakasle-ikertzaile kolektibo batzuei ikerkuntza-seiurtekoak ukatuz eta lanaldi partzialekoei irakaskuntza-bosturtekoak ukatuz). Bestalde, ikertzaileen prekarietatea nabarmena da hasierako etapetan eta karrera egitea oztopoz beteta dago».